2018-04-12

Bankua

Ane Amondarain

Batek baino gehiagok, pentsatuko du idatziaren izenburuari begira jarriz, euroez edo diruaz arituko naizela, edo pil-pilean dagoen pentsio duinei buruz arituko naizela. Ez da hori, kasu honetan gauza sinplegoa da, erraza eta beharrezkoa: "Banku bat" soilik. Gaiak duintasunarekin zerikusia du, herrikideon bizitza kalitatea hobetzearekin.

Andoaingo Udalak auzoz auzo antolatu izan dituen bileretan egondakoa naiz eta zehazki Zumea-Belabiko auzotarrei zuzendutako bilera egin zenean, udal agintariei errekadua luzatu nien, Zumeako bi aiton-amonek eskatutako errekadu edo enkargua. Enkargua Zumeako bi lorek egindakoa izan zen, bi aiton amonek alegia.

Egunero pasiatzera baldintza duinetan ateratzeko banku bat, eserleku baten eskaera egiteko eskatu zidaten, zehazki Belabi kalean, Zumeatarra elkartearen parean dagoen espaloian jartzeko.

Betiko moduan pasiatzera atera gara eta geldialdia egiteko premian gaude, ez dago bankurik eta gaurkoan etxetik jaitsitako aulki tolesgarriari esker hartu dugu deskantsua. Opor garai honetan eguzki izpiak beharrezkoak ditugu, gure aurpegiko larruazala belztu eta behar dugun energia eskuratzeko, baina ez da duina aulkia eskutan dugula ibiltzea. Horixe diote aiton-amonek. Hauxe idatzi, eta Aiurrira idatzitxoa bidaliko niela agindu nien. Joan zen apirilaren 4an, duintasun handiz amona Petrak agurtu gintuen. Ez du dagoeneko pasiatzeko premiarik izango, deskantsua betiko hartu baitu. Orain Zumeako lore bakarra daukagu, baina ziur nago bizitza kalitatea hobetzeko edonorentzat ere beharrezkoa izango dela, "banku bat" soilik izan arren.