2018-05-04

Andoaingo kale-garbitzaileen aldi baterako lan-poltsaren sorrera dela eta

Kale-garbitzaileen lan poltsarako hautagai taldea

Idatzi honen bidez, kale garbitzaileen lan-poltsarako hautagaiei bigarren ariketa egiteko modua salatu nahi dugu.

Gure ustez, mota honetako ariketak ezin dira ordu desberdinetan burutu, ariketa bera izanik, horri buruzko informazioa ezkutuan zabal litekeelako eta horren ondorioz proba berdina lehen orduan eta ondorengo orduetan egiten dutenen artean baldintzak ez direlako berdinak izaten. Alegia, ez direla berdintasun baldintzak betetzen eta ondorioz hautagaien arteko berdintasun printzipioa urratzen dela.

Gauzak horrela, filtrazioa egon litekeela uste soila ariketa baliogabetzeko arrazoia dela uste dugu guk. Lehen ariketa gainditu zutenen artean sailkapena egin zuten, eta hurrenkera hori erabili zuten bigarren ariketarako txandak osatzerako garaian.

Hona hemen kale-garbitzaileen lan-poltsarako hautagaien bigarren ariketan emandako datu esanguratsua:  Lehen txandan hamasei hautagaietatik sei kanporatu egin zituzten. Hurrengo txandatan, ordea, hogeita hamar hautagaietatik bi besterik ez zituzten kanporatu.

Oharra: Bigarren ariketa salatzen dugunok argitu nahi dugu arazo honen guztiaren erantzukizuna kale-garbitzaileen lan-poltsa sortzeko deituriko lehiaketa-oposizio irekiko epaimahai kalifikatzailearena dela, ez beste inorena. Hori dela eta, argi utzi nahi dugu ordezkaritza duten alderdi politikoek ez dutela zerikusirik gai honetan. Ariketa burutu den modua gaitzetsiz, bigarren ariketa errepika dezatela eskatzen dugu.