2018-07-28

EITB

Ipar Haizea Plataforma

Gipuzkoarroi Zubietako errauskailuak kezkatzen gaitu, eta asko. Hori dela-eta, errauskailuaren aurkako koordinadora kideak, behin eta berriro, eskatzen ari gara gai horretan aditu direnen arteko eztabaida saio bat bai telebistan bai irratian. Aldiz ikusten dugu nola horietan errauskailuaren aldeko direnak bakarrik dutela espazio bat, hau da, Asensio eta Olano. Beti adierazten nola sekulakoa izango den, zenbat lanpostu sortuko dituen…

Beraiei komeni zaiena bakarrik azaltzen dute eta ezkutatu egiten dute kontra egon litekeen garrantzizko informazioa. Zeren…

  • Nondik aterako da bi labeek beharko duten zabor guztia? Bideragarri izateko labe bakoitzak 100.000 tona behar baditu eta Gipuzkoan, gehienez ere, 150.000 tona sortzen badira, nondik aterako dira gainontzeko 50.000 tonak?
  • Zergatik errauskailua eraikitzeko ustelkeriaz ikertuta dagoen enpresa bat kontratatu dute?
  • Zergatik enpresa horrek ez ditu kontrolatuko atmosferara jaurtiko diren eta oso arriskutsuak diren 12 substantzia?

Asko dira ditugun kezkak. Eztabaida bat eskatzeko sinadurak jasotzeari ekin dio gure koordinadorak. 10.000 sinadura baino gehiago jaso ditugu eta horiekin joan gara EITBra eztabaida baten eske. Bertako zuzendari den Edu Barinagaren erantzunak honakoak izan dira: sinadurak ez diotela ezer adierazten, mail batekin nahikoa zela, ikusi behar dutela ea horrelako eztabaida bateko nahikoa audientzia izan dezakeen… eta, gainera hori ezin duela berak erabaki.

Ba Barinaga zuk altxor publikotik kobratzen duzu eta gu horren parte gara.

Ez ezazu gaia saihestu, errauskailuaren aurka gaudenok ere EITBn entzunak izateko eskubidea dugu, zeren eta publikoa da, EDO EZ?