2018-09-25

Isurketa berria Leitzaranen

Eguzki Taldea

Irailaren 15ean isurketa berria gertatu zen Leitzaranen. Herritar batek jakinarazi bezain pronto, 112ra deitu genuen.

Isurketa kale Berriko zubia eta Renfeko zubiaren artean gertatu zen eta denbora tarte batean ibaiko ura, batez ere ezkerreko ibai bazter aldekoa zuri-zuria ikusten zen.

URA agentziako ikuskaria etorri zen, baina ordurako ibaia ia bere onera etorrita zegoen. Guk ez dugu hildako arrainik edo antzekorik topatu baina bai jatorriari buruz, isuritako gaiari edo/eta izan zitezkeen kalteen berri izateko ikuskariaren txostenaren zain geratzen gara.

Antzeko isurketa bat gertatu zen uztailaren bukaeran, baina orduan ez zuten isurketaren jatorriaren zantzurik topatu. Oraingoan ere ez da erraza izango baina aurrekoan baino gertuago gaude.

Horrelako kasuetan, eta are gehiago isurketa hau bezalakoak direnean, asko iraun ez duen isurketa izanik, oso garrantzitsua da azkartasuna. Horregatik, isurketaren bat ikustean oso garrantzitsua da 112ra deitzea lehenbailehen. Nahi baduzue guri ere dei diezagukezue, 688 662 532 telefono zenbakira. Eguzkikook saiatuko gara jarraipena egiten bai isurketari baita ondorengo bide administratiboari, eta jakinarazpen publikoa egiten.