2018-10-11

"Orain presoak"

Sare Herritarra

Irailaren 8an eman genuen prentsaurrekoan, Espainiar Gobernu berriak egungo espetxe politikaren inguruan emandako jarrera aldaketaren inguruko balorazioa egin genuen, emandako aldaketa hori pozez eta itxaropenez jaso genuela adieraziz, baina baita bide orri baten falta nabari genuela argituz ere.

Euskal presoen Euskal Herriratzea nola gauzatu asmo duten jakin gabe jarraitzen du jendarteak eta urruntze politikarekin amaitzea ezinbestekoa da elkarbizitzan aurrera urrats sendoak eman ahal izateko.

Datorren urriaren 20an, arratsaldeko 16:00etatik aurrera Miramar Jauregian, giza eskubideez, elkarbizitzaz eta bakeaz mintzatzeko ekitaldi publikoa antolatzen gabiltza. Ekitaldi honetara politikagintzan, sindikalgintzan, herri ordezkari gisa instituzioetan edota giza eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren alorrean lanean dabiltzan pertsonak bertara gonbidatzen ari gara, baita, sufrimendua jasan behar izan duten eta jasaten duten hainbat herritar ere.

Ekitaldi honekin esparru honetan lanean jarduten duten kideak batu nahi ditugu, sinetsita baikaude, guztiok batera ekin behar diogula gai honi, guztiok batuta eraiki behar dugula elkarbizitzan eta bakean oinarritzen den jendartea. Horregatik, gaurko agerraldi hau ere probestu nahi dugu gonbidapena helarazi diegun guzti horiei bertaratzera animatzeko dei egiteko, gizarte zibilarekin batera lan hau egitera gonbidatzeko.

Gaurko agerraldi honen helburu nagusia aurkeztu berri dugun ekitaldiaren berri ematea bazen ere, urriaren 20an bertan, arratsaldeko 17:00etan Antiguako Tuneletik abiatuko den manifestaziorako deialdia egiteko ere baliatuko dugu.
Espetxe politikaren auzia gori-gorian den honetan eta urruntze politikarekin amaitzeko oinarriak ezartzeko ireki diren aukera berrien aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dugu urriaren 20an herritarrak kalera atera eta bide honetan aurrera urratsak emateko herri nahi sendo bat dagoela erakusteko.