2018-10-19

Azarotik aurrera emaitza onen bila

Julen Lorenzo Ipar Haizea plataforma

Aurreko asteazkenean –urriak 10– EH Bilduren Udal gobernuak, Ganemos eta Irabaziko zinegotziek eta Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak Andoain osoan errefusarentzako edukiontzi gris txipdunaren ezarpena aurkeztu zuten Sorabillan, edukiontzi hori proba pilotu moduan ezarri den auzoetako batean, Alejandro Calonge eta Olagainekin batera.

Auzo horietan lortutako emaitza bikainek erakutsi digute hori dela bidea Andoaingo birziklapen tasa kaxkarrak (oraingoz batezbeste %44,76 abuztura arte, maiatzean lortuz maximoa %48,35rekin) altuagoak izateko. Hemendik auzo horietako bizilagunak zoriondu eta horrela jarrai dezaten eskatzen diegu, andoaindar guztientzat aurrekari eta eredu izan baitira.

Ipar Haizeatik adierazi, bestalde, Udal gobernuarekin eta Udalean dauden gainontzeko alderdiekin izandako bilerek bere fruituak eman dituztela, adostasun ia erabatekoa izan baitute neurriek Udaletxean. Zentzu honetan, Udal gobernuaren jarrera eskertu nahi dugu bereziki (bileren aurretik, edukiontzi grisa aurrera eramateko jada zuen disposizioa…) eta baita adostasunaren zati diren beste alderdiei, hasieratik proposatutako ideietan bat egin baikenuen eta denek ikusi baitzuten neurriak hartu behar zirela.  

Horregatik, espero dugu azarotik aurrera, hots, edukiontzi gris txipduna ezartzen hasten direnetik aurrera, emaitza bikainak lortzea Andoainen, Tolosaldeko Mankomunitateko –bertako emaitza okerrenak ditugu, alde handiz– eta Gipuzkoako emaitza txarrenetakoak izatetik, batezbestekoan kokatzea gutxienez. Seguru gaude andoaindar guztion esfortzuak emaitzak emango dituela.

Bestalde, adierazi urriaren 27an 17:00etan Donostiako Mendeurren plazatik manifestazioa deitu dugula eragile anitzek, “Erraustegia Gelditu!” lemapean. Parte hartzera animatzen dugu.

Azkenik, esan GuraSOS-ek laguntza behar duela erraustegia gelditzeko bidean burutzen ari den lanean, eta horretarako sortu dituzte Hitzartukide bonoak. Andoainen salgai daude: Ernaitza, Urrats, Irunberri, Anexo, Keinu eta Xixori.