2018-12-19

Gora Kaletxiki txaranga

Jexux IbaƱez

Azken 15 urte hauetan andoaindarrak ohitu egin dira herriko txarangaren melodia alaiak entzutera. Aurten 23 aldiz atera gara Andoaingo kaleak alaitzera, zein kontzertuak eskaintzera edo eta Basteron jaialdi handi bat antolatu eta oinarri musikala ematera. 

15.urteurrena izan dugu aurtengoa eta 7 txaranga bildu genituen apirilean Andoainen, Gipuzkoa osorik etorritakoak, eta noski hori bakarrik lortzen da errespetu handia sortua baduzu musikarien artean; beraiek txarangetako partaideak izanik, ongi aski baitakite Andoaingoa berezia dela, bai helburuetan, antolaketan edota partaide kopuruan.

Abenduko Aspanogiren aldeko kontzertuan 42 musikari bildu zituen gure txarangak –horien artean Donostiako kontserbatorioko irakasleak–, eta banda formatoan aritu ziren gurekin, era jator eta umilean.

Urtea bukatzear dago eta proiektu berriak ditugu datorren urterako, ilusioa mantentzen baitugu, kultur eragileak gara eta eroso sentitzen gara horretan.

Ez dut idatzi hau bukatu nahi La Salle ikastetxeari eskerrak eman gabe, entsaiorako lokalaren beharrean nabaritu gintuztenean, segituan azaldu ziren gure beharra asetzeko prest. Andoaingo herriak goxo, irribarretsu eta alai hartzen gaituen bitartean, Gora Kaletxiki txaranga kultura eta alaitasuna zabaltzen saiatuko da.