2018-12-19

IƱistorrak aurten ez du Santomas egunik antolatuko

IƱistorra Euskaltzaleen

Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak aditzera eman duenez aurten, abenduaren 21ean, ez du Santomas eguneko jairik antolatuko Urnietako San Juan plazan.

 Azken bederatzi urteetan jai-giro ederra jarri izan du bere Santomas eguneko txistor eta talo azokarekin, bere usadiozko sagardo eta sagar-tarta lehiaketekin eta, bereziki, Eguberrietako saskiaren eta oparien zozketarekin. Usadiozko sagardogileen lehiaketa, esate baterako, Euskal Herriko bakarra da, etxerako sagardoa egiten duten baserrien artetik hamar-hamabost lehiatzaile inguru bildu izan duena urtero.

Orain hamar urte hasi zen Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra Santomas eguna antolatzen Urnietan, urnietarrek aukera izan zezaten herrian bertan tradizio handiko ospakizun hori bizitzeko. Lehenengo urtetik bertatik arrakasta handia izan zuen abenduaren 21eko arratseko jaiak, eta horrelaxe urtero antolatzen eta osatzen joan da, esan bezala, txistorraren eta sagarraren inguruko jaia eginez. 

Usadiozko sagardogileen lehiaketa izan da, non profesionalak ez diren sagardogileek parte hartzen duten, ekintzarik berezienetakoa, hori eta Urnietan azken urteetan osatu den talogileen taldea plazan lanean jartzea. Gainera, Eguberrietako saskiaren zozketak, sagardo irabazlea enkantean jartzeak edo bi gazten pisua asmatzeko apustu saioak bizitasun berezia eman diote jaiari.

Aurten, baina, ez da jaia antolatuko, irailean Iñistor eguna antolatu ez zen bezala Sanmiel jaietan. Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarretik bi arrazoi aipatu dituzte aurten Urnietako plazan kale egiteko: batetik, behar beste lagun ez elkartzea jaia egoki den bezala antolatzeko. Azken urteetan ez dute behar beste bazkide izan jaia antolatu ahal izateko eta hori nabaritu egin omen dute, jaiaren eta bertan parte hartzen dutenen kaltetan. Horregatik, gauzak erdipurdi eta arazoekin antolatzea baino nahiago izan dute kale egitea, eta biltzarraren baitan hausnarraldia zabaltzea argitzeko etorkizunean bere jardun horiekin jarraitu ahal izango duten ala ez. Iñistorran ez dira bazkide asko, eta diren horien artetik batzuek baino ez dute parte hartzen antolakuntzan.

Bigarren arrazoia ekonomikoa da: Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra ez dator bat azken urteetan Urnietako Udalak bere jardunerako eman dion dirulaguntzarekin; horrela adierazi izan dio hainbat urtetan baina Udalaren aldetik ez du erantzunik jaso. Arrazoi ekonomiko hori dela-eta, baina baita nagusiki behar beste jende ez izatearen arrazoi edo muga hori, 2018. urtean Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak ez du jarduerarik burutu Urnietan.

2019. urtearen lehen hiruhilabetean hausnarketa saioa egingo du Biltzarrak herrian, argitzearren gauza izango ote diren berriro bere ekimenei heltzeko edo ez; herrigintzak eta euskalgintzak konpromiso sendoagoak behar baitituzte Urnietan; ez hitzez bakarrik, bereziki ekintzez.

Hausnarraldi horren ondorioak jakinaraziko dizkie Iñistorrak urnietarrei.