URNIETA 2017-08-21 13:55

Osatze prozesu luzea hasi du Iturriak, sorbalda eta izterrezurra hautsita

Litekeena da ostegunean ekartzea Donostiako erietxeren batera, hegazkinez.

Osatze prozesu luzea hasi du Iturriak, sorbalda eta izterrezurra hautsita

Mikel Iturriak egun dezente daramatza erietxeko ohatilan etzanda. Pasa den asteartean eroriko larria eduki zuen Limousingo Tourrean. Errepide bustia, ihesaldia harrapatzeko borroka betean murgilduta, hainbat txirrindularik bere aurrean irrist egin eta pilaketa bat sortu zen. Haiek saihestu ezinik kolpe ikaragarria hartu zuen urnietarrak. Berehala jabetu zen, haundi samarra egin zuela, eskuin hanka berehala puztu baitzitzaion. Atzetik txirrindulari gehiago erori ziren, eta burua babestu behar izan zuela da, gogoratzen duen hurrena. "Inoiz ez dut halako minik sentitu. Eskubiko hanka eskubi aldera erorita bezala neukan. Garraxika hasi nintzen eta Wanty taldeko medikuak lagundu, mina murriztu eta lasaitu egin nintzen".

Hiru orduko ebakuntza egin zioten pasa den asteazkenean. Sorbalda ere hautsita zuela jakin zuen orduan. 59 puntu eman zizkioten egindako zauria ixteko, eta gaur, asteartez, astebete egingo du Zaintza Berezien Unitatean. Atzo hanka mugitu zioten, eta ondo sentitu zen. Eseri zenean, ordea, mina, eta zutik jarri zenean, mareatzeko zorian. Iturriak ez daki, ziurtasun osoz, noiz bueltatuko den etxera, baina pentsatzen du ostegunean izango dela. Odol asko galdu zuen eta balio horiek normaltzeko denbora behar da. Hegazkinez itzuliko da, eta erietxean egun batzuk gehiago pasa beharko ditu. Iraila hasierarako jakingo ditu osatze prozesuko xehetasunak eta epeak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image