SANMIELAK 2017 2017-09-30 11:03

Eskertza Urnieta eta Andoaingo ganaduzaleei

Adarra-Usabelartza elkartea Urnieta eta Andoaingo abeltzainek eratu zuten 1996an. Urnietako Udalak aitormen publikoa egin nahi izan dio aurtengo Sanmieletan, ingurugiroa txukun mantentzen lan handia egin duelako.

[Argazkiak] [Bideoa]

Juan Joxe Jauregi, Xabier Usarralde, Joxe Ubillos, Juan Usarralde, Joxe Mari Gorostidi ganaduzaleak

Mikel Pagola Alkateak azaldu zuen omenaldiaren zergatia: “Elkartea sortu aurretik ere abeltzainek urteak zeramaten Adarra eta Usabelartzako inguru horietan 100 hektaeratik gorako lur sailak zaintzen. Beti zainketaz arduratzen, mendi horietan abeltzaintza mantentzearen aldeko apustua egiten, eta bertako arraza mantentzeko lan egiten, esate batera, betizuarekin”.

Elkarteko kideei begiratuz, Pagola alkateak mezu argia helarazi nahi izan zien. “Ez dira abeltzantzarentzat urterik oparoenak eta horrek balio handiagoa ematen dio egiten duzuen lanari. Baina mesedez, gaurko honetan udalak eskertza eta aitortza egiteagatik ez ezazutela inolago tentazioa eduki orain arte egin duzuena uzteko. Zuen beharra beharko baitugu etorkizunean ere, Urnietako bazterrak garbi manten daitezen”.

Zeregin horretan instituzioak gertu izango dituztela ziurtatu zien Pagolak. “Gure laguntza izango duzuen konpromisua hartzeko prest gaude. Horretan, jakina, ardura maila handia daukan Aldundiaren partehartzea ere ezinbestekoa izango da; guztion arteko lankidetzak orain arte funtzionatu izan badu, etorkizunean ere bide beretik segitzea nahiko genuke”.

 

Asko adierazten duten bertsoak

Xabier Usarralde eta Joxe Ubillos Elkarteko kideak eseri ziren Udal batzarretako aretoko mahaian, Pagola alkatearen eta alderdietako ordezkariekin batera. Tradizioari jarraiki, Olatz Gorroño dantzariak aurreskua dantzatu zien guztiei,  Txanbolin elkarteko txistulariek lagunduta. Ondoren, Unai Agirrek lau bertso eskaini zizkien Andoain eta Urnietako ganaduzaleei, arrazoi politak jaurtiz horietan.

Lendabiziko ohitura da ta,

ongietorri daneri.

Gaur ordezkari batzuk ditugu,

badu nahiko kategori.

Adarraldeko ganadu zale,

kargu pixkat bada hori.

Xabier eta Joxe hor daude,

txalo bero bat biori.

 

Ganadua ta aberia da

eta ardia hurrena,

menderik mendi gure menditan

hala ibili da dena.

Bihotzez bihotz aitortu nahi det:

lan ederra da zuena,

gaur bizi geran garai hauetan

gutxik eskertzen duena.
 

Lau hankakoak beti lanian

nahiz eguzki nahiz ilargi.

Noizean behinka nere mendian

begira egoten naiz adi,

eta kalean bizi dan askok

gauzak ez ditu hain argi.

Pentsatzen dute gure mendiak

berez daudela hain garbi.

 

Honenbestean eskerrik asko,

ez det beste ezer ia.

Udaletxeko oroimen honek

badu bere alderdia.

Bide beretik lotu ditzagun

garai zarra eta berria,

zintzarria hotsa bukatzen bada,

akabo Euskal Herria!

Iruzkina Idatzi

Captcha image