URNIETA 2018-02-09 10:58

Bizikidetza helburu

Urnietan herritar taldea biltzen ari da, euskal gatazkak utzitako itzalaren inguruan hausnarketa egin, eta memoriaren bidetik, etorkizuna lantzeko. Kide berrietara zabaltzeko, urnietarrengana eta elkarteetara joateko asmoa agertu dute.

Mertxe Estebez, Felipe Izagirre, Joxpi Lasa eta Rosa Elosegi abenduan egin zuten bileran.

Urnietarrei gonbidapena

"Urnietako bake eta bizikidetza taldea ideologia, sentsibilitate eta ibilbide ezberdinak ditugun pertsonak osatzen dugu, maila pertsonalean ari garenak eta geure burua soilik ordezkatzen duguna. Ardura batek batzen gaitu: bakea, bizikidetza eta memoria. Ardura horrek eraginda, elkarrekin lanean dihardugu bakeari eta Urnietako bizikidetzari gure ekarpena egiteko asmoz". Gutxi asko, bake eta bizikidetza taldeko kideak antzeko aurkezpen modukoarekin hurbilduko dira hainbat herrikiderengana. Urnietarrengana jo nahi dute, euren iritziak eta ideiak jaso asmoz.

Taldeko kide izan edota informazio gehiago jaso nahi duenak taldeko kideekin jarri beharko du harremanetan, horretarako posta elektronikoa erabilita: urnietabizikidetza@gmail.com.

Zer da zuentzat bizikidetza?

Joxpi Lasa:
“Politikak eragin handia izan du herrian, eta horrek aurreiritziak sortu ditu herritarren artean. Herri txikia denez, are gehiago. Bizikidetza elkar entzuteko eta ulertzeko gai izatea da”.

Felipe Izagirre:
"Errespetua, ezer baino lehen. Oraindik politikak pisu handia dauka. Belaunaldi berriak elkarrekin ibiliko dira, ez dute horrenbesteko arazorik izango. Denbora behar da, baina bide horiek jorratzea ezinbestekoa da”.

Rosa Elosegi:
“Eguneroko bizitzan, ekitaldiren bat antolatzean, bereizketarik gabe herri gisa erantzutea. Eta ez bi taldetan bereiztea, Olentzerorekin gertatu izan den bezala. Niretzat elkarbizitza gauza horietan dago”.

Mertxe Estebez:
"Politizazioa eman da, eta horrek ezberdintasunak sortu ditu herritarren artean. Jendea alderdi politikoen arabera bereizten dugu. Aurreiritziak ditugu. Harremanetan kutsu politiko hori kentzea bizikidetzarekin lotzen dut”.

Maialen Lizarralde Baketik erakundeko ordezkaria da herritarren arteko bilkuren jarraipena egiten ari dena. Hark eskaini ditu lehen azalpenak: “Herritarren artean deialdia luzatu genuen, Urnieta mailan bakea eta bizikidetzari ekarpenak egin asmoz. Taldea 2015aren amaieran eta 2016aren hasiera aldera osatuz joan zen. Animatu zirenekin biltzen hasi ginen, eta gaur egun zazpi lagun gara. Horietatik emakumezkoak sei, eta gizonezkoa bakarra. Hilean behin biltzen gara”.

Barne hausnarketa eginez ekin zioten, bakoitzak bere bizipenak agertuz. Zenbat buru, hainbat aburu. Mestizaia hori da Rosa Elosegik defendatzen duena: “Bakoitzaren iritzia ezberdina zela bagenekien. Bakoitza bere ikuspegiarekin, elkar ezagutzeko prozesua izan da”. Felipe Izagirrek hartu du hitza, jarraian. Bizikidetzan eta sufrimenduan aditua eta aritua dela esan daiteke, bere hausnarketa interesgarriak sarritan agertu baititu Aiurri astekarian. Bizikidetza taldearen iragana, oraina eta etorkizuna bikain laburbildu ditu: “Hasieran ez genekien nondik-nora jo, ez genuen elkar ezagutzen. Klase, ideologia, pentsaera ezberdineko jendea biltzen ahalegindu gara. Guztion asmoa da ezezagutza hori gainditu eta herriko bizikidetza sustatzea. Orain hartu duen dimentsioarekin aurrera egitea interesgarria delakoan nago, memoriaren lanketak belaunaldi berriengan eragina izan dezakeelakoan”.

Urnietarrak aitzindari dira bake eta bizikidetzan
Herri gutxitan ari dira horrela lanean, Urnieta eredugarria da Gipuzkoan. Eta, hala ere, solaskideak ez dira erraz konformatzen. “Egin duguna zabaltzea nahiko genuke. Jendea falta dela ikusten dugu”, dio Rosa Elosegik. Mertxe Estebezek sentsibilitate zehatzak aipagai ditu: “Iritzi guztietara zabaldu nahiko genuke. Esaterako, faltan botatzen dugu popularren edo sozialisten inguruko jendea. Urnietan sufritu izan dugu, baina barnean eraman genuen. Eta hori kanpora atera nahi da. Nola? Zer gertatu zen, zer egin zen eta zer ez zen egin aztertuz. Bakoitzak bere iritzia eta ikuspuntua dauka, eta beste ideologia horien ikuspegia faltan botatzen dut”.

Joxpi Lasa izan da hitza hartzen azkena. Hausnarketa egin duen horietakoa dela dirudi: “Garrantzitsua izan da bizikidetza taldearen lehenengo fasea. Elkar ezagutzeko oso aberasgarria izan da. Konfiantza giro batean norberaren bizipenak azaltzeko aukera izatea garrantzitsua da. Memoria zer den zehaztu eta aztertuko genuela erabaki genuen: guretzat memoriak zer esan nahi duen, zer uler daitekeen memoria bezala, eta zer ez… Adostasunak bilatuz memoriaren inguruko ideia batzuk ordenatu ditugu. Orain ikusi nahi dugu ea gainontzeko urnietarrek gaia nola bizi duten, eta aurrera jarraitzeak merezi ote duen edo ez”.

Taldeak aurrera jarraitzeko gogoa du, kide berriekin
Gerora begira jarrita daude, etor daitezkeen kide berrien zain. Helduleku hori funtsezkoa da bake eta bizikidetzan sakontzeko. Felipe Izagirrek horren beharra azpimarratzeari ekin dio: “Urnietan badago oroimena, justizia eta erreparazioa behar duen jendea. Gazteek ere jakin dezaten hain gertuko dituzten herritar batzuk sufrimendua jasan zutela”.

Politikoen logikatik urrun lanean ari den herritar taldea
Herritar taldea alderdi politikoen logika eta aterpetik urrun dagoela argi utzi nahi izan dute. Denek azpimarratu nahi izan dute hori. Rosa Elosegik independentzia hori azpimarratu nahi du: “Gu ez gaude inongo alderdi politikotan sartuta. Libre etortzen gara, herritar gisa. Herrikide gehiago hurbiltzera gonbidatu nahi ditugu, foro honetara".

Aiurri astekariaren bidez mezua etxebizitza guztietara zabaltzen baliatzea beharrezko ikusten du Joxpi  Lasak: “Jendeak zertan gabiltzan jakitea nahi dugu. Bide batez, lerro hauen bitartez, beraiengana hurbilduko garela iragarri. Ahal den neurrian, euren parte hartzea lortzea nahiko genuke”.

 

Parte hartzailea, inklusiboa

Karmele Urbistondo bake eta bizikidetza taldea

Bizikidetza zer den galdetzen didate Aiurritik. Hauxe nire hausnarketa: Urte luzetako gatazka politikoak eragin duen, eta oraindik orain eragiten duen eskubide urraketaren aurrean, dagozkigun eskubide guztien jabe izateko tresna, bitartekoa da bizikidetza. Herritarrok, gizabanako gisa ez ezik, eskubide kolektiboak ere baditugu, eta horien aitortza zein egikaritza  da bizikidetza, alegia, egunez eguneko ariketa.

Bizikidetza, eskubide horiek guztiak berdintasunetik eta berdintasunean garatu ahal izatea da, kategorizaziorik gabe, mailaketarik gabe. Proiektu politiko guztien gauzapena ahalbidetuko duen dimentsio politiko bat, egoera bat da.

Bizikidetza estrategia bat da. Gizartea ehuntzeko jarrera soziala, politikoa eta kulturala. Hausturak gainditzeko, distantziak apurtzeko, elkarlanerako eta adostasunerako ahalmena da bizikidetza. Justizia soziala, eskubideak eta askatasunak bermatzeko ardura eta konpromisoa.
Elkarrizketa, berradiskidetze eta eraldatze prozesu bat da bizikidetza. Parte hartzailea, inklusiboa.

Urnietako bizikidetza taldea

Amaia Vaquero bake eta bizikidetza taldea

Bere garaian Udalak antolatutako bake eta bizikidetza jardunaldietan parte hartu nuen, eta bertan ikusi nuen giroa atsegina egin zitzaidan. Ez nuen oso garbi, baina jende gutxi zegoela ikusita, herritarren taldean parte hartzeko pausoa eman nuen. Elkarbizitza lantzea garrantzia handikoa dela deritzot, gizarte modura dugun erronka da. Ama naizen aldetik, seme-alabei elkarbizitzan sakontzea zor diegula uste dut. Memoria lantzea ikasgaia da, zer errepikatu behar ez den barneratzeko. Ondorengo belaunaldiek zer gertatu zen ikasi beharko lukete, beti ere aurrera begirako ikuspegiarekin.

Entzun, errespetatu, elkar begiratu...,  Urnietako foroa oso interesgarria izaten ari da, bakoitzak bere ikuspegia azaltzen duelako. Ez dugu beharbada erabateko adostasuna lortuko, bakoitzak bere ideiak dituelako, baina behintzat lasai aritzeko aukera dago. Lehen, ordea, horrelako ariketei beldurra genien. Eta gizarteko kide garen aldetik, zerbait egin beharra dago. Behar-beharrezkoa da. Ez da politika mailako kontua, gizarte mailakoa baizik.

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image