URNIETA 2018-03-03 08:33

"400 jokalari daude UKEn, zaindu beharreko altxorra da hori"

Kirolean ez ezik, gizarte mailan ere funtzio garrantzitsua betetzen du Urnieta Kirol Elkarteak. Jokalari eta prestatzaileen atzean talde eragilea lanean ari da, Lizaso buru dela. Erantzukizun eta konpromiso handiko lana, ezbairik gabe.

Joseba Lizaso Urnieta Kirol Elkarteko lehendakaria.

Klub bakarra, hiru atal nagusi

Klubak hiru sekzio ditu: pilota, eskubaloia eta futbola. Egingo al zenuke UKEren egungo erradiografia?

Pilotan 18 kirolari daude. Pilota eskola ere badago, eta 30 bat ume dabiltza. Datu ona da, baina gero, beste kirolek ia jokalari denak irensten dituzte, besteak beste umeek lagunek egiten duten hautua jarraitzeko joera dutelako. Zentzu horretan, beste kirolek indar handia dute. Pilotan bi edo lau behar dira jokatzeko, banaka ere posible da, baina futbolean eta eskubaloian taldeak du indarra. Taldea nora, gaztea hara. Bizi legea! Eskubaloian 122 pertsona daude, eta eskubaloi eskolan 8. Futbolean 176 fitxa ditugu, eta beste 75 ume futbol eskolan. Bai eskubaloian, bai futbolean, 2008 eta 2009 urteetan Urnietan jaiotza tasa murriztu egin zen, beste urte batzuetan ohikoa baino handiagoa izan den bezala. Horrek kategoria batzuetan bi talde egotea ekarri du, eta beste batzuetan, talderik osatu ezinik, edo larri ibiltzea. Arduratzen gaituen egoera da, zeren eta 30 gazte baldin badituzu, talde bat egiteko jendea sobera izaten da, baina 15 laguneko bi talde egiteko larri. Bi talde sortzea hobea da beti, bakarra ez ateratzea baino.

Gustatuko litzaidake futboletik kanpo geratzen direnetatik, eskubaloia aukeratzeko joera handiagoa egotea, baina ez da beti gertatzen. Futbol talde bakarrean sei lagun sartu ezinik geratzen badira, gehiegi direlako, eta horiek eskubaloira pasako balira, ez ginateke arduratuko, baina ez da egoera hori ematen, zoritxarrez. Andoaindik, Hernanitik-eta jendea etortzen da, taldeak osatzeko, eta gaitzerdi, ze talderik gabe, gazte batzuk kirola egin ezinik geratuko lirateke.

Errekalde kaleko bulegoetan antolatzen du bere jarduna Joseba Lizasok (Urnieta, 52 urte). Bigarren urtea du UKE Urnieta Kirol Elkarteko lehendakari jardunean. Semeak dituen aita askok bezala hasi zen, haurrak kirola egitera eramaten, eta aginte-makila berea eta alboan duen lan taldearena da gaur. Zenbaki deigarriak sortzen ditu kirol elkarteak: 400 herritar, hainbat guraso, 161.000 euroko aurrekontua, eta agente aktiboa kiroldegi berriaren eraikuntzan.

Aurkez ezazu zure burua, mesedez.

52 urte ditut, urnietarra naiz, eta lehendakari bezala 2016an hasi nintzen. Noiz hasi nintzen badakit, baina noiz bukatuko den ez. Noiz utzi nahi nukeen ere badakit: lehenbailehen (barrez), bainan presarik gabe.

Nekatuta al zaude?

Ez, baina gazteek ere lekukoa hartzea komeni, erraza ez bada ere. Honek denbora eskatzen du, musu truk egin beharreko lana da. Agerikoa da datorren belaunaldiak inplikatzeko-eta komeriak dituela.

Zergatik hartu zenuen kargua?

6 edo 7 urte izango dira, UKEn sartu ginela, Ismael Hernandez aurreko lehendakaria kargua uztekotan zegoela, eta Mikel Yurramendi lanean hastekotan. Josemi Sanchez, Maite Otaño, Jone Gonzalez eta ni neu hasi ginen. Duela bi urte Yurramendik utzi egin zuen, asanblada bat egin zen, eta orduan juntan geundenen artean bozka egin, eta ni hautatu ninduten.

Nolatan animatu zinen?

Klubak gazteek kirola egiteko ezinbesteko erakusleihoa osatzen du. Klubik gabe, ezer gutxi legoke, eta hori bultzatu edo sustatze aldera eman nuen baiezkoa. Bi seme ditut, 20 eta 12 urtekoak, eta orain zaharrena denarekin hasi nintzen klubean, gaztetxoa zenean. Zaharrenak utzi du futbola, baina gazteena ari da. Gu baino lehenago beste batzuk aritu izan ziren, eta norbaitek lekukoa hartu behar zuen.

Ze lan egiten duzu?

Astearte eta ostegunetan etortzen naiz, arratsaldez, lan jardunaldia bukatuta, ordu eta erdi edo bi ordu. Asteburuetan-eta ez dut gauza handirik egiten. Lehen futbol eskolan-eta laguntzen nuen, gero beraiek euren kasa moldatzen hasi ziren. Administrazio lanak-eta beste kide batek eta biok egiten ditugu. Nik, semeak ingelesa daukan bitartean. Taldeen antolaketa, babesleak, asteburuko garraioa, diru laguntzak bideratu... beti bada zerbait. Hiru sekzioak nahiko modu autonomoan antolatzen dira, batez ere eskubaloia, eta horri esker, bilerak eta erosoagoak dira. Gero Batzarrak-eta sekzio guztiek batera egiten ditugu.

Futbola, eskubaloia, pilota... Hautaketa gazteak berak egiten al du?

Bai, erabat. Benjamin kategorian, eskola kirolan, halako multikirola egiten dute. Alebinetan eskubaloia eta futbola egiten dute, eta infantiletan, kirol horietako bat aukeratu behar dute elkarteko kide izaten segitzeko. Infantiletan bi kirol jarduera jorratzea ez da erraza, entrenamendu egunengatik, eta asteburuetan bi partida izango lituzketelako. Gehitxo litzateke, gurasoentzat.

400 gazte inguru, beraz, UKEn. Kopuru polita da. Urnietako biztanleri osoaren %7 inguru.

Etorkizunean mantendu beharreko altxorra da hori. Gazteetatik aparte ere jende asko mugitzen du: entrenatzaileak, laguntzaileak eta nola ez, gurasoak.

Ez da erraza izango multzo handi hori gobernatzea...

Ez, ez... Nabarmendu nahi nuke talde gehienetako entrenatzaileak ere urnietarrak direla, ia %100. Futbolean eta pilotan denak, eskubaloian denak senior mailan izan ezik. Alor horretan asko ahalegintzen gara, herriko parte hartzea erabatekoa izateko, eta jendea kanpotik ez ekartzeko. Gazteei entrenatzeko grina sartzen diegu, formakuntza diruz lagunduz, jendea trebatuz. Federaziotik-eta gero eta gehiago eskatzen digute jendea formatzeko. Pilotan ere saiakeran bat egon zen, formakuntza arloan, baina ikastaroak Abadiñon ziren, Bizkaian, eta larunbatetan. Erraza ez, haraino joatea.

Funtzio sozial handia egiten duzue.

Bai noski. 400 gazteri kirola egiteko aukera emateko antolakuntza lana egiteak sentsazio hori ematen digu.

Herritarrek ze pertzepzio dute UKEren inguruan? Nola ikusten dute kirol elkartea? Zein iritzi jasotzen duzue?

Denetarik egongo da, baina ez dakit ze pertzepzio daukan jendeak. Ni ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Batzuetan asmatuko dut, eta beste batzuetan ez. Ez dut sumatzen gaizki egiten ari garenik, bestela konturatuko ginatekeela uste dut. Askok esaten dutena zera da, gustura daudela euren seme-alabak Urnietan kirola egiteko aukera dutelako, eta hori ez da gutxi, nire ustez. Iritzi gehiago jatsotzea gustatuko litzaidake, bai onak baina baita txarrak ere, hobetzen ahalegintzeko.

Zer gustatzen zaizu gehien, zure jardunaz?

Gazteak gustura egotea, eta alor guztien arteko harremana ona izatea. Garai batean, Urnietan, oso agerikoa zen ikastola eta nazionalen arteko muga hori, eskubaloia eta futbolaren artekoa bezalaxe. Orain ez dago banaketa hori, Eskola Kirolari esker nahasketa eman delako, beraien arteko harremana sortu delako, eta UKEra iristean ere mantentu egiten delako. Denak urnietarrak sentitzen dira, han edo hemen ikasita ere. Pozgarria da halakoak ikustea. Beste herrietatik etorritakoak ere lege onez hartzen dira, eta gustura gaude, batez ere haiei esker talde bat osatzeko aukera dugunean.

Eta zer atsegin duzu gutxien?

Jendaurrean hitz egitea. Egin behar dudalako egiten dut, baina aukera emango balidate, ez nuke egingo.

Aipatu dituzu ondoko herriak. Nolakoa da harremana beraiekin?

Denetarik dago. Txukuna, esango nuke. Futbolean ematen dira, nagusiki, herri batetik bestera joateko mugimenduak, eskubaloian ez hainbeste. Orain, federazioak eta Aldundiak esku hartu dute, eta alebin eta benjamin mailatan, umeek derrigor euren herrietan jokatu behar dutela erabaki du. Seguruenik, Infantiletara ere luzatuko da arau hori, hurrengo urtean. Urnietako kasuan, mugimendu horrek min egiten du, ekipoak egiteko jende kopurua justua izaten delako. Gure lehentasuna maila guztietan taldeak sortzea da. Beste lehentasuna nesken taldeak mutil taldeen neurrian sortzea da, parekidetasunera bidean.

Zein da egoera, UKEn, mutil eta neska taldeen artean?

Eskubaloian bederatzi talde daude, bost neskenak, eta lau mutilenak. Futbolean, mutilenak sei, eta neskenak 3. Guztira gizonezko 10 talde eta nesken 8 daude. Pilotan denak mutilak dira.

Nolako harremana duzue Udalarekin?

Ona. Laguntzeko borondatea izaten dute eta konforme gaude. Jakina, guk beti gehixeago eskatzen dugu, eta beraiek gutxixeago eman nahi, baina betiko borroka da hori. Diru laguntza jasotzen dugu, lokalak ere uzten dizkigu, eta ondo moldatzen gara. Udalak herriko seme-alabak herriko klubean kirola egitea nahi du, eta hori bermatzeko egiten dugu lana.

Beste diru iturri batzuk behar dituzue, edo Udalaren diru laguntzarekin moldatzen zarete?

Ez, ez gara iristen. Beste diru iturriak behar ditugu, baita lortu ere: Errifak, babesleak, hainbat erakundeen diru laguntzak (Aldundia, federazioak, Reala...). Halakoak egingo ez bagenitu kirolarien fitxak garestiagoak lirateke. Entrenatzaileei ere diru laguntza ematen zaio, detaile bat, euren prestutasuna eskertzeko. Guztira 161.000 euroko aurrekontua dugu. Kalkuluak errazak dira. Udalak ematen duenaz aparte, 113.000 bat euro lortu behar ditugu, ekimen ezberdinen bitartez.

Zenbat ordaintzen da fitxa bakoitzeko?

160 euro, infantiletatik seniorretara. Denek berdina ordaintzen dute. Arropa ematen zaie elkartean hasten diren lehen urtean, 30 euroren truke, eta arropa hori kirolariarentzat izaten da gero. Arropak, noski, 30 euro baino gehiago balio du, baina defizit hori fitxaren salneurriarekin orekatzen da, urteak aurrera joan ahala. Fitxa bakoitzeko eskatzen diren 160 euro horiekin federatzea ordaintzen da. Gero epaileak ordaindu behar dira, entrenatzaileak, autobusak, aseguruak, mediku azterketak... 160 euro ordaintzen da fitxa, baina kirolari bakoitzean diru gehiago inbertitzen da. Eta horretara bideratzen da Udaletxeak ematen duen diru laguntza. Udaletxeko diru laguntzarik gabe fitxa bakoitzaren kostua askoz handiagoa litzateke, eta horrek zailtasun gehiago eragingo lituzke gurasoen poltsikoetan, noski. Inguruko herriekin alderatuta, Urnietako fitxa merkeenetakoa da. Hainbat herrietan, gainera, herriko kirol elkartean aritzeko kiroldegiko bazkide izatera derrigortzen dute. Urnietan, oraindik, ez.

Kiroldegiaren eraldakuntzan parte hartu duzue?

Bai. Planoak-eta egin zituztenean, beste elkarteekin batera. Gure aportazioak egin genituen, eta horiek entzunda, aldaketa batzuk egin zituzten. Orain berrantolatzen ari dira, aurrekontua eta beste garestitu egin delako apur bat.

Zein ekarpen egin zituen UKEk?

Aldagelen kontuan, batez ere. Beraien hasierako asmoa aldagelak beheko solairuan eraikitzea zen. Handiagoak egitea eskatu genuen, eta handitzeaz bat, erosoago izateko bidean, aldagelak eskubaloiko pista eta futbol zelai ondoan jartzea, beti ere jende mugimendua txikitzeko. Biltegien kontuan ere, eskubaloikoa handia zen, baina futbolekoa ez hainbeste, eta handixeagoa eskatu genuen. Bulegoari dagokionez, kiroldegian bertan egon nahi dugu, eta printzipioz hara joatekotan gara, sarrera nagusiaren ondoan. Bere garaian taberna ondoko bulegoa eta bilera gela eskatu genituen, baina ez zuten egoki ikusi. Orain ere Kiroldegira joan nahi dugu.

Epeei buruz zerbait ba al dakizue?

Lanak urrian hastekoak dira, aurreikuspena iaz hastea bazen ere. Proiektu erraldoia da, eta gauza horiek mantso joaten dira.

Eta bukatu?

Ez dakit, batek daki.

Ze erronka dituzu etorkizunerako?

Gaur-gaurkoz, aurrera segitzea, txukun. Etxean kontrakoa esaten ez diguten bitartean, edo beste ordezkoren bat azaldu arte...

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image