URNIETA 2018-03-06 12:28

Gipuzkoako Judo Txapelketa ospatuko da martxoaren 17an

Kadete eta infantil mailako 150 neska-mutilek hartuko dute parte Gipuzkoako Judo Txapelketan, horietatik 9 urnietarrak. Txapelketa martxoaren 17an izango da 16:30etatik aurrera kiroldegian.

 

Iker Lizarribar Adarra Judo taldeko entrenatzailea, Jorge Segurado zinegotzia eta Oscar Murillo Gipuzkoako Judo Federazioko presidentea Gipuzkoako Judo Txapelketaren aurkezpenean.

Goizean aurkeztu da Gipuzkoako Judo Txapelketa, eta bertan izan dira Jorge Segurado zinegotzia, Iker Lizarribar Adarra Judo taldeko entrenatzailea eta Oscar Murillo Gipuzkoako Judo Federazioko presidentea. Lehen aldiz ospatuko da txapelketa Urnietan, eta helburu nagusiena judoa herritarren artean ezagutzera ematea dela adierazi dute.

Jorge Segurado Urnietako zinegotziak adierazi duenez, "jendeak judoa gertuagotik ezagutzeko balioko du txapelketak, arratsalde ederra igaroaz". Egun futbolak gainerako kirolak bigarren edota hirugarren mailan uzten dituela gehitu du Seguradok; hala ere, garrantzitsutzat jo du haurrek bestelako kirolak ezagutzeko eta praktikatzeko.

9 urnietar txapelketan

Denera 9 urnietarrek hartuko dute parte txapelketan. Infantil mailan arituko dira Alaitz Karrera, Julen Pagola eta Yerai Martinez; kadete mailan, berriz, Amets Karrera, Oier Duran, David Blanco, Joseba Gomez, Adrian Garcia eta Bachuki. Urnietako taldean neska bakarra egongo bada ere, emakumeek nahiz gizonezkoek praktikatu dezaketen kirola dela azpimarratu du Iker Lizarribar Adarra taldeko entrenatzaileak: "Askok judoa gizonezkoentzako kirol gisa ikusiko dute, baina ez da horrela. Geroz eta emakume gehiagok praktikatzen dute judoa eta normaltasun osoz entrenatzen eta lehiatzen dira". Adarra taldeko kideen %35 emakumezkoak direla gaineratu du, banaketak pisuaren arabera egiten dituztela azpimarratuz pertsona bakoitzaren sexua kontutan hartu gabe.

Lorpenak

Adarra judo taldeak lortu dituen lorpenetan azpimarratzekoa da Amets Karrerak eskuratutako urrea, 66 kilotik gorako infantil mailan. "Kadete mailara igo da aurten, eta sarritan bera baino bi urte zaharragoekin lehiatu beharko du", esan du Lizarribarrek. Espainiako Superkopan brontzea eskuratu zuen abenduan.

Taldeko gainerako kideek ere maila ona dute eta hobetzen ari dira entrenatzailearen iritziz. Aurreko Gipuzkoako Txapelketan junior mailan 3 domina eskuratu zituzten, eta Euskadiko Txapelketan ere lortu izan dituzte.

Txapelketa, martxoaren 17an

Martxoaren 17an ospatuko da Gipuzkoako Judo Txapelketa Urnietako kiroldegian, eskubaloiko pistan, zehazki. 16:30etan hasiko da infantil mailakoekin, eta ondoren, kadete mailakoen txanda izango da. Borroka guztiak amaitutakoan sari banaketari ekingo zaio. Gainera, pistan 4 tatami ipiniko dira aldi berean borroka gehiago jokatu daitezen. Beroketak egiteko espazioa ere egokituko da txapelketaren aurretik parte hartzaileak berotu daitezen.

Seguradok herritarrak animatu nahi ditu txapelketara hurbil daitezen judoa ezagutuz arratsalde ederra igarotzera. Kiroldegiaren goiko zelaian aparkamentu zabala dela gogorarazi dute ondoko herrietatik etorriko direnentzako.

Iruzkina Idatzi

Captcha image