URNIETA 2018-03-09 10:42

"Bi aldeetan fusilamenduak izan ziren Urnietan"

Urnietako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmena sinatu zuten, 1936-1945 epean giza eskubideen urraketen kontakizuna osatzeko asmoz. Olatz Retegi lekukotzen bilketa lanetan ari da, Urnietan eta urnietarren artean.

Lekukotzak jasotzen jarraitzeko prest daudela dio Olatz Retegik.

Bakarra ez, hirukote zarete. Nortzuk ari zarete Urnietako historia ikertzen?
Eneko Sanz, Javi Buces eta hirurok osatzen dugu ikerketa taldea; hala ere, gure atzean 1936ko gerra aztergai duten Aranzadi elkartea eta Pako Etxeberriaren talde osoa daude.

Zertan zabiltzate une honetan?
Bi eginkizun dauzkagu eskuartean: lan dokumentala –artxiboen arakatzea eta ikertzea– eta antropologikoa –elkarrizketa pertsonalak egitea–. Dokumentazio lanari helduta, era guztietako artxiboak ari gara ikertzen; hala nola, publikoak, elizakoak, militarrak, dokumentu pribatuak eta senitartekoena... Elkarrizketen arloa, berriz, dokumentuen bilketaren osagarri gisa ikusten dugu, ezinbestekoa guretzat.

Izan ere, hankamotz geratuko ginateke historia soilik artxiboetan dagoen informazioa erabiliz egingo bagenu. Horietan ez baitira jasotzen etxeetan, familietan bizitako istorioak. Premiazkoak zaizkigu herritarren testigantzak. Horretarako ireki genuen Oroimenaren Bulegoa Urnietako Udal Artxibategian, jendea bertara hurbil zedin. Hiru urtez luzatuko da gure lana, eta amaieran liburua argitaratuko da. Testigantza eman duten pertsona eta familiei elkarrizketen grabazioak emango zaizkie CD formatoan.  

Zuen eginkizuna non hasi eta non bukatzen da?
Historialariak eta antropologoak gara, eta gure ahalegina 1936-1945 epean gertatu zen errealitatea ikertzea eta jakinaraztea da, modurik zientifikoenean. Hortik aurrera, eta jasotako kontakizun hori oinarritzat hartuta, justizia egin ahal izateko modua egongo da. Erakunde publikoek, horrela, beharrezko ikusten dituzten aitormen eta omenaldiak egin ahal izango dituzte.  

Urnietan, azken aldian, bakeari eta bizikidetzari loturiko ekimenak burutzen ari dira Udalaren eta herritarren eskutik. Zuen proiektuak zer erantsi diezaioke bide horri?
1936ko gerra garaian eta frankismoan zer gertatu zen jakiteak, eta giza eskubideen urraketen antzemateak, nahitaez egin behar dio mesede Urnietaren eta urnietarren bake eta bizikidetzari. Giza eskubideen urraketen lanketak ez du bereizi behar garairik, herririk, banderarik..., eta hortik doa Gogora Institutuaren dinamika ere, Memoriaren Plaza izeneko ekimenaren eskutik.

Zu egon zara Oroimenaren Bulegoan, jendeari harrera egiten. Jendeak testigantza emateko interesa agertu al du?
Ez da jende piloa hurbildu, baina ez gara kexatuko. Denetik izan da, batzuk testigantza ematera etorri dira, beste batzuk informazioa eskatzera... Geuk ere zenbait gonbidapen luzatu ditugu, lekukotza nahi duten moduan eman dezaten.

Bestalde, Bulegoaren irekierarekin batera bi hitzaldi eskaini genituen. Ez zen urnietar asko agertu; antzeko proiektua aurrera eramaten ari garen tokietan (Deba, Errenteria, Zumaia, Getaria, Donostia...) baino eskasagoa izan zen erantzuna.   

Lekukotzak jasotzeko prest al zaudete oraindik?
Bai, noski. Ateak zabalik ditugu edonorentzat, kontsultak egin edota testigantza, datu edo agiriak eman nahi dituenarentzat. Gure ikerketak 1936-1945 epealdi historiko hori hartzen du, eta urte haietan Urnietatik kanpo bizi zenak adieraz dezakeena ere gure interesekoa da.

Nola izaten ari da zure bizipena, biktimekin, lekukoekin...?
Oso aberasgarria. Eginkizun hau ez da ariketa matematikoa, ez da ordenagailu baten aurrean egin beharreko jarduna, psikologia behar izaten da. Informazio emaileak pertsona helduak dira asko, biktima zuzenak, eta bere denbora behar izaten dute. Haien erritmora egokitu behar duzu. Behin bi aldeen arteko komunikazioa martxan jarri denean, ohartzen zara elkarrizketak terapiatik asko daukala. Hirugarren adineko pertsonek premia handia daukate entzunak izateko. Gauza oso interesgarriak dauzkate kontatzeko, bizitzak eskarmentu handia eman dielako. Aldi berean, belaunaldien arteko komunikazio falta handia sumatzen dut. Elkarrizketatuen seme-alaba edo bilobei bertan egoteko eskatu diet, askotan gertatzen baita lehen aldiz iraganari eta euren familiari buruzko kontaketak entzuten dituztela.

Gertaeren kontakizun zehatzen gainetik, mezu berezirik transmititzen al dituzte?
Bai, gorroto eza. Elkarrizketaren amaieran, gogoeta egiteko eskatzen diet, eta ia denek gorrotoa baztertu egin behar dutela diote. Bestalde, ederki enpatizatzen dute gaur egun gatazka belikoek eraginda munduan zehar dabiltzan errefuxiatuekin. Bakearen sentimendua oso barneratua daukate, hurrengo belaunaldikoak garenok baino gehiago.
Garai harekin loturiko sufrimendu handia topatzen ari al zara Urnietan?
Euskal Herriko gainerako herrietan bezainbat. Alde bateko zein besteko jendeari sufritzea egokitu zitzaion. Izan baserritar, izan kaletar, izan karlista edo abertzale, minaren kontakizuna antzekoa da.

Urnietakoa nahiko kasu berezia dela esango nuke. Beste herri askotan ez bezala, Urnietan bi aldeetako fusilamenduak gertatu ziren.  

Beste ezerk eragin dizu aparteko arreta?
Emakumeen aurkako errepresioa, bereziki familia batzuengan. Errealitate horri buruz, adibidez, artxiboek ez dute ezer aipatzen. Beste zenbait herritan ez zaigu halakorik agertzen. 

Iruzkina Idatzi

Captcha image