URNIETA 2018-04-12 12:10

Gure Esku Dago taldeak karpa ipiniko du Zaldundegiko plazan

Ostiral honetan arratsaldeko 18:00etatik aurrera, "Eman eskua etorkizunari" kanpainaren baitan.

Ekainaren 10eko giza-katerako 250 herrikide beharko dira.

Erabakitzeko eskubidearen alde bidea egiten jarraitzeko giza-katea antolatu du Gure Esku Dagok, ekainaren 10erako. Helburua Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkar batzea da 201,9 kilometro eta 100.000 pertsona inguru izango dituen giza-katea sortuz. Urnietarrek 0,5 kilometro bete beharko dute Aginagan (Usurbil), eta eremu hori osatzeko 250 urnietar beharko dituzte.

Ostiralean hitzordua Urnietan
Urnietako Gure Esku Dago hasi da lanean pertsona kopuru horretara iristeko beharrezkoa den parte-hartzea lortzeko, eta baita, herria egun berezi horren atarian girotzeko ere. Hala, hainbat bilera egin ostean, ostiral honetan, apirilaren 13an egingo du lehen agerraldi publikoa arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zaldundegi jatetxearen ondoan dagoen plazan jarriko den karpan. Karpa 21:00ak inguru arte egongo da zabalik. Karpan bi mahai ipiniko dira. Lehenengoan 16 urtetik gorako herritarrek ondo emateko aukera izango dute, 5 euroren truke. Izenpea Gure Esku mugimenduari atxikimendua adierazteko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera erakusteko modua da. Izenpea gauzatzen duen pertsona bakoitzari zapi bat emango zaio, eta zapi hori izango da, hain zuzen, ekainaren 10eko giza-katean erabiliko dena.

Beste mahaian ostera, kamisetak izango dira salgai, bai helduentzat eta baita umeentzat ere. Kamiseta bakoitzak 10 euro balioko ditu. Eguna girotzeko, Txanbolin txistulari bandak kalejira egingo du, San Juan plazatik abiatuta Zaldundegiko plazara iritsi arte.

Iruzkina Idatzi

Captcha image