URNIETA 2018-04-12 12:55

Mendi Film Festival Urnietan, ostiral honetan

Iluntzeko 19:00an da hitzordua Saroben, eta sarrera doakoa izango da; eskalada, abentura, tradizioa eta beste dituzte hizpide nazioarteko lau pelikulek. Jaialdi ezaguneko filmak eskainiko dituzte Urnietan, bigarren urtez jarraian.

Pelikulen trailer-ak ikusgai daude www.mendifilmfestival.com webgunean.

MendiFilm Mendi pelikulen festibalak Urnietan eginen du geltokia bigarren urtez jarraian. Iaz udazkenean izan zen, baina aurten urte erdi lehenago iritsiko da herrira. Urnietako Udalak antolatzen du ekimena, eta bere nahia zen mendiko pelikula horiek ikusteko aukera hilabete batzuk aurreratzea, udazkena iristerako Urnieta eta inguruko herrietako jende askok saritutako filmak ikusita dituelako, dagoeneko. Aitor Elduaien MFFestival-eko prentsa arduradunak gidatuko du ekitaldia.

Lau film ikusgai
Lau film ikusi ahal izango dira Saroben. 'Mama', epaimahaiaren saria jaso zuen filma. Eskalada egiten duen ama baten esperientzia du ardatz, Kinga Ociepka- emakume poloniarrarena, hain zuzen ere. Bi haur izan eta hezi ostean, eskaladatik urrunduta bi hamarkada eman ondoren, eskalatzaileak beste emakumeren batek inoiz igo gabeko bide bat gainditzeko erronka zaila jartzen dio bere buruari.

'The Frozen Road' filmaren eragina ikaragarria izan da, han eta hemen. Bizikletan, eta negu betean Kanadako Artikoa zeharkatzen duen gizasemearen abentura kontatzen du Ben Page-ek, eta sarri, mutur-muturreko egoerak gizakiarengan zein arrasto uzten duen erakusten du gordin-gordin. Page-ek Jack London abenturazale ezagunaren leloa bere eginez ekin zion bidaiari: “gizona den gizon orok bidaia dezake bakarrik”. Artikoan, baina, azkar jabetzen da esaten dena, eta egiten dena, ez direla gauza bera.

Brad Gobright da 'Safety Third' pelikulako protagonista, librean eskalatzen duen munduko eskalatzaile onenetakoa. Inork ez du bere jarduna ezagutzen, ordea. Jendearentzat Brad janari azkarreko jatetxe batean lan egiten duen sukaldari laguntzaile soila da. Laugarren pelikula 'Song for the nomad' izango da, guztietan laburrena (6 minutu), eta Kirgizistango Tienshan mendietako nomaden bizitza eta mendi-eskia uztartzen ditu. Sturgulewski estatubatuarrak ekoitzia.

Film zerrenda
'Mama' (Polonia, 44 min.), Wojtek Kozakiewicz.
'The frozen road' (ING, 24 min.), Ben Page.
'Safety third' (AEB, 28 min.), Cedar Wright-Taylor Keating.
'Song for the nomad' (6 min.), Ben Sturgulewski.

Iruzkina Idatzi

Captcha image