URNIETA 2018-04-13 13:44

“Bost solairuko etxe batetik jausi eta kontatzen ari naiz. Pentsa..."

Ezbehar larria gertatu eta bi egunera Jokin Lizeaga irrifartsu agertu da Urnietako Etxeberri plazara, Aiurrirekin zuen hitzordura. Ainhoa bikotea alboan duela, errenka, baina oinez erritmo bizian agertu da. Kontakizun latza eskaini du, zirraragarria.

[Elkarrizketa: Andoni Urbistondo]

Jokin Lizeaga, astearte goizean Urnietako anbulatorioan. Argazkia: Andoni Urbistondo.

Nola adierazi bizitako guztia

AINHOA JAUREGI lasterkaria, Lizeagaren bikotea

Egoera tristeetan tristeena, eta bizitako momentuak tentsio handikoak izan ziren. Jokinek une zailak bizi izan zituen eta bera gehien maite dugunok okerrena entzun eta ikusteko beldurra izan genuen. Denontzat hiruzpalau ordu gogor izan ziren.

Behin momentu txarrenak pasata, eta Jokinekin elkartzeko aukera izan nuenean, sekulako lasaitasuna eta zoriontasuna sentitu nuen. Bizkarrezurra eta burua ondo, beso eta hanken mugikortasuna bazuela ikusita, eta hitz egiten zuela ikusita, beste fase batean sartu ginen. Orain elkarrekin egoteaz pozik gaude. Eta eskertuta. Ingurukoen aldetik animoz beteriko olatua jaso dugu. Ezin denei erantzun, den-denei eskerrik asko!

Ditugun benetako lagun eta familiaz harro gaude. Maite zaituztegula esan nahi dizuegu, zuek ematen baitiozue zentzua gure bizitzari, bakoitzak bere neurrian.

Eskertza berezia mendian geratu eta Jokin zentzua galdu gabe eta animozko hitzak eskaintzen geratu ziren korrikalariei. Baita David Moradiellosi ere, egoera zailean lasaitasuna erakutsi eta segurtasuna eman zenidalako. Eta bereziki egun zail hauetan patxada, pazientzia, eskuzabaltasuna eta izakera bikaina erakutsi didan Eneko Trintxeri. Tandem ona osatu genuen. Eta milesker aita, ama, Intza eta, noski, etxekoei.

Animo mezuak

Haritz Zubillaga, kirolaria (Urnieta):
"Koadrilakoak garen partetik, eta istripuaz geroztik zurekin aurrez aurre egoteko aukerarik izan ez dudanez, besarkada handi bat bidali nahi dizut Juakin. Eroriz ikasten omen da oinez, zuk aspaldi ikasi zenuen ordea altxatzen eta aurrera jarraitzen, oraingoan ere badakigu altxa eta aurrera jarraitzeko gai izango zarela... Ostegunetako Zaldundegiko afari horiez gozatzen jarraituko dugu... Laister!"
Izaro Elortza, familiako laguna (Urnieta):
"Emozioa mendian gora, eskuak zabalik edozertarako, irribartsu eta indartsu bizitzako korapiloak gaindituz, zoriontsu zu eta gu. Horrela nahi eta maite zaitugulako zu Jokin eta nola ez ondoan duzun izarra, Ainhoa, gaueko iluntasunean ere indarrez dizdiratzen duzulako".
Mikel Legarreta, mendi lasterkaria (Urnieta):
"Animo asko, eta besarkada handia! Gogorra haiz eta seguru honi ere buelta emango diokela. Asmatuko dek esperientzia txar horren alde positiboa bilatzen. Zegama-Aizkorrin hire zati bat nirekin joango duk korrika! Hire abiaduran ez, ordea. Besarkada handia Ainhoa, Lide, Negu eta Intzari ere".
Joxe Hortelano (Urnieta):
"Animo txapeldun. Hurrengoan suerte hobea izango duzu!".
Mikel Pagola, Urnietako alkatea (EAJ-PNV):
"Animo Jokin eta animo familia osoari. Asteburuan gertatu zaizunaren ostean, lasaitasuna behar duzu eta inguruan maite zaituzten pertsonen laguntza, hasi duzun errekuperazio fase honi ahalik eta ongien aurre egiteko. Aurretik ere izan dituzu erorketa larriak eta guztiei aurre egiteko gai izan zarenez, oraingo honetan ere ziur nago fisikoki eta animikoki osatuko zarela Jokin. Denbora behar duzu. Denbora eta lasaitasuna eman behar dizugu, baina jakin gure babesa duzula".
Mikel Izagirre EH Bilduko zinegotzia (Urnieta):
"Gizakiak orokorrean zulo asko topatzen ditu bizitza osoan zehar. Baina aurrera egin behar, hik egin duaken bezalaxe!".
Ivan Haro, lasterkaria eta PSE-EEko zinegotzia (Urnieta):
"Erori, jaiki eta segi aurrera. Jokin, Urnietako kirolari guztientzat eredu ezinhobea zara. Ziur nago laster mendian elkar ikusiko dugula, gora eta behera. Eutsi goiari!".
Juanjo Arregi, futbol entrenatzailea (Urnieta):
"Miresmena handituz doa. Egunerokoan pertsona honek erakusten digu arrakasta hitza soilik lana hitzaren aurretik dagoela, bere hiztegian. Lepoan hartu eta segi aurrera!"
Igor Amantegi, mendi lasterkaria (Urnieta):
"Hik bakarrik dakik denbora tarte horretan pasatako mixeria, Jokin! Hemendik aurrera errekuperazio ona izan dezazula,  laster dortsala jantzita ikusi nahi haugu! Besarkada handia, eta animo asko! Kapo!"
Xuban Ezeiza, mendi lasterkaria (Urnieta):
"Gertakizunen indar eta argiz, erortzean berriro jaikiz, burruka honetan ere iraungo dezulako... Animoak eta besarkada handi bat. Laister arte, Jokin".
Jon Ugalde, lasterkaria (Andoain):
"Korrika erakusten duzun indarra beste behin ere agerian utzi duzu zure lasterketarik gogorrenean. Animo eta guztiz osatu zaitez!".
Mikel Astarloza, txirrindulari ohia:
"Asturiaseko zulo beltzenetik irtetea izan da orain arte zure lorpenik handiena. Eta hori ere, zure garaipen guztiak bezalaxe, behar bezala ospatuko dugu. Zure lagunen eta etxekoen babesa ez zaizu sekula faltako. Besarkada bat, eta laster arte".

Nola egongo zinateke, hiru egun atzera bizitzan agian berriz ezagutuko ez duzun egoera lazgarria bizi izan bazenu? Urduri, agian. Edo poz handirik gabe. Edo buruari bueltak ematen. Edo airean, oinak lurrean finkatu ezinik. Jokin Lizeaga irrifartsu agertu da Etxeberri plazara, Ainhoa bikotea alboan duela, errenka, baina oinez erritmo bizian. Osasun zentroan Pastoras de Portudera lasterketan egin zituen zauriak sendatu behar dizkiote, egunero. Iltzatuta du erorketa larria izan eta hiltzeko arrisku bizian egon zela. “Bi aldiz hil nintzen”, dio, dardararik egin gabe. Pasadizo gordin hark, 10 eta 20 metro arteko zulo ilun eta hezean pasatako hiru ordu luze eta latz haiek minik ematen ez duten oinazea ekarriko diotela jakitun da, baina hori ere bizi ahal izango duelako pozik da. Osatze prozesu luzea du aurretik, baina garbi du mendian korrika jarraituko duela. Hori bai, punta-puntako lasterketan “lasaiago aritzeko” intentzioarekin.  

Zer moduz zaude?
Oso ondo (barrez). Sustoa galanta. Haustura daukat sorbaldan, saihets bat apurtua, eta bihurritu arina orkatilan. Astelehenean ez nuen lurrean jartzen, gaur bai. Poliklinikan egon naiz, sorbaldan ebakuntza egin behar didatela esan didate, edema txikitzen denean.

Luzerako, beraz, osatzen.
Bai, ez didate zehaztasun askorik eman, baina 6-8 hilabete izango dira, bai, ebakuntzarekin. Ez nau asko kezkatzen, une honetan. Pasatakoak pasata, ezer ez.

Psikologikoki, zer moduz?
Ustez, ondo. Gau txarrak pasa ditut.

Amesgaiztorik bai? Istripua gertatu zeneko mapa osatu duzu, oroitzen zara? Gogorra egiten ari zaizu?
Ez naiz sufritzen ari, horregatik, baina erorketako 5-10 segundoekin oroitzen naiz, jausten hasi eta behera eta behera egin nuen une horrekin, geratu ezinik. Gauez-eta oroitzapen gogor samarrak egiten dira.

Asko hitz egin duzu erorketaz?
Bai, bai, arazorik ez. Are gehiago, hortaz hitz egiteko behar pixka bat ere eduki dut.

Xehetasunak emateko moduan?
Jausi baino lehenago ere gerriraino sartu nintzen elurretan, eta jausi baino lehenxeago bularreraino. Gogoan dut eskuak zabaldu nituela, gehiago ez hondoratzeko. Hurrengo pausoan, tobogan batean sartzea bezala izan zen. Itsasoarekin lotu nuen jausia. Ziztu bizian beherantz nindoan, eta itsasora iritsi arte ez nintzela geldituko pentsatu nuen. Luze egin zitzaidan. Bost segundo horietan hil egin nintzela pentsatu nuen. Gero lurra ukitu nuen, konortea galdu gabe. Hor beste fase bat hasi zen. ‘Bizirik nago, ondo!’, pentsatu nuen. Berehala, sorbalda zintzilik neukala jabetu nintzen. Zulotik ateratzeko aukeraren bat neukala sumatu nuen, aukera txikia. Jausi nintzen zuloa urruti ikusten nuen, eta ura erortzen zen, baina banekien beste korrikalariak handik pasako zirela.  Oihu egiteko gai nintzen, eta horretara bideratu nuen nire bizi itxaropena. 7-8 minutuko aldea ateratzen nion bigarren sailkatuari, eta lehen tarte horretan lasaitu egin nintzen. Banekien jan egin behar nuela, indarrak gorde, eta nire bizi iraupena denbora gestio horren eta norbaitek nire oihuak entzutearen baitan zeudela. Gel bat jan nuen, xira jantzi, eta socorro oihu egiten hasi nintzen. Ezer gutxi entzuten zen, ur jauziak soinu asko ateratzen zuelako, eta herio hartan, dardarka, zuloan gora eskalatzen hasi nintzen beso bakarrarekin. Presaka, iluntasunean. Zuloa ikusten nuen, txikia zen. Oso-oso urruti. Zuloa bertikala zen, eta metro pasatxoko diametrokoa edo. Goraino iristea ezinezkotzat ikusten nuen, baina pausoz pauso espero baino gorago iritsi nintzen, eta horrek hauspoa eman zidan. Bi hankak 30 zentimetroko irtengune batean jarri ahal izan nituen, eta handik gora ezinezkoa zela onartu nuen: gorputzari buelta eman behar nion, paretaren bestaldera joan… Gora ezin, eta berriro beherantz jausiko nintzela pentsatu nuen. Han geratu nintzen, zutik, esku batekin paretari eutsiz. Manta termikoa jarri nuen, eta hura hartzen ari nintzela txilibitua erori zitzaidan. Egia esan gogoratu ere ez nintzen egiten, eman zigutenik.

Eta han, geldirik, zain.
Bai, ehiztari baten pare, zelatan, ea norbait hurbiltzen sumatzen nuen. Bitartean, ura etenik gabe burutik behera. Hotz handia sentitzen hasi nintzen, gorputza ere fisikoki zigortu egin nuelako –-24. kilometroan izan zen istripua–. Banekien gorputza pixkanaka tenperatura galtzen joango zela, eta prozesu horretan, ia oharkabean, kontzientzia galduko nuela, handik ateratzen ez banintzen. Bi barratxo jan nituen, eta pausoak entzun asmoz zentratu nintzen. Halako batean pauso batzuk entzun nituen, kristoren orroak egin eta korrikalariak buelta eman zuen. Nor nintzen esan nion, nora joan behar zuen laguntza eske, baina gero esan jabetu nintzen anoa-puntu horretara joan eta etorri, agian hainbeste denbora ez nuela iraungo. Hurrengoaren zain, berriro. Gelditu egin zen, eta nirekin geratzeko eskatu nion. Taldetxo bat heldu zen berehala, eta han zeuden Javi Dominguez eta Sergio Aramendia, ezagunak biak. Ahotsagatik ezagutu nituen.

Lasterkariak geratu izanak libratu zaitu heriotzatik.
Bai, bai. Ziur hilko nintzela pentsatzetik, aukeraren bat banuela pentsatzera pasa nintzen, aurkitu nindutelako. Helikopteroari deitu ziotela esan zidaten, baino kontaktua ez zen etengabea. Indarra gorde nahi nuen, gorputzaren tenperatura mantentzeko, eta asko hitz egiten banuen, kontrakoa gerta zitekeen. Nire arnasa manta barnean botatzea erabaki nuen, beroa zegoelakoan, eta ertz horretan iraun beste asmorik ez nion jarri nire buruari.

Uneren batean lokartu edota konortea galtzear egon zinen?
Ez. Ondo eutsi nion. Nekatuta, oso. Muga-mugan, uneren batean oinak ere dardarka hasi baitzitzaizkidan. Helikopteroa bazetorren horretan, antsietate pixka bat sentitu nuen, eta mareatu egin nintzen. Presaren itolarri hori sentitzen hasi nintzen gordin-gordin, eta mareatzeko zorian nengoela, suhiltzailea niregana iritsi zen. Nire lehen hitzak, “mareatzen ari naiz”. Aseguratzeko arnesa jarri zidaten, baina luze joan zen. Hiru ordu pasa ziren, jausi nintzenetik, atera ninduten arte. Kontziente nengoen, behin zulotik kanpora aterata, baina dardarka, konbultsioen antzeko erreakzioarekin. Uste dut gorputzaren lehen erreakzioa dela, gorputza bera hotzetik babesteko. Tenperatura hartu zidaten eta 32.4 gradura nengoen helikopteroan (37 da ohikoa). Erietxera iritsitakoan 34. Helikopteroan luxazioa gutxitzen saiatu ziren, alferrik, eta erietxean, anestesiarekin lortu zuten. Gaua pasa nuen Arriondasen, eta sentsazioa garaipen handia lortu izanarena da, bizirik nagoelako.Gogoan dut suhiltzaileak esan zidala, nire erorketa bost solairuko etxe batetik erori izan banintz bezalakoa zela, ba pentsa…

Zer pentsatzen du pertsonak heriotza hain gertu sumatzen duenean?
Bikotearekin paperak egin gabe nituela eta marroi latza utzi behar niola, hiru seme-alaba bere kargura. Inor agurtu gabe, bai despedida tristea, ezta? Banekien noizbait bilatuko nindutela, gorputza ez zela desegingo, baina…

Oihartzun mediatiko handia izan du zure istripuak: kronikak, bideoak, irrati elkarrizketak… zerbait ikusi, entzun duzu?
Ez, oraindik ez. [Ainhoa bikoteak hartu du hitza]. Irratiko grabazioa entzuteko prest dagoela esango nuke, baina ez du tarterik hartu.

Horrelako egoerak mentalki gaiztoak izaten omen dira, denbora pasa ostean. Arduratuta, horregatik?
Etorriko da, noski. Zoriontsua naiz bizitzak bigarren aukera eman didalako. Whatsapp mezu guzti-guztiak erantzun nituen, milatik gora ziur. Ondo sentitu nintzen nire barruko zama hori ateratzeko. Hitz egin ez, erietxean bertan negar dezente egin nuelako, baina whatsappez-eta eman eta eman aritu nintzen, eskerrak emanez galdetu zuen guztiari. Azalpenak emateko behar hori sentitu izan dut beste batzuetan, amaren heriotzarekin, adibidez. Berria azkar zabaltzen saiatu nintzen, eta orain ere antzera egin dut, lagungarria izan zait.

Maitasun eta laguntasun mezu asko eta asko jaso dituzu. Ze hausnarketa eragiten dizu horrek?
Beno, jende askok maite nauela, ez? Horrelako balentria batek pertsona gaiztoena ere maitagarri egiten du, ezta? Trail munduan ez daukat ezinikusi, edo haserre gaiztorik. Badakit zergatik korritzen dudan, ez daukat handinahirik, gozatzea baizik. Asturiasko lasterketako aurkezpenean ere esan nuen, nire helburua onik helmugaratu eta bazkari legea egitea zela esan nuen, arratsaldean umeekin parkean lasai egoteko. Egunerokoan ere gizaseme baketsua naiz, zubi lanak egindakoa iskanbilak daudenean. Lagun asko edukitzen lagundu dit horrek. Konformista naiz. Ez naiz fama edo garaipen zalea, daukatenarekin konformatzen naiz, eta kito.
[Ainhoa Jauregi] Topiko bat da Jokin esaten ari dena, baina gauza ezberdin bi dira esatea eta egitea. Eta Jokinek, esateaz gain, esaten dituenak egiten dituela uste dut.

Esperientzia bakan honetatik irakaspenen bat atera al duzu?
Ez dut denborarik eduki. Zer edo zer etorri zait… Dortsala janzten jarraituko dut, baina agian beste modu batean, errendimendua hobetzeko helbururik gabe. Zorigaitz dezente izan ditut, azkeneko hau grabe samarra, eta agian seinaleak dira.

Haurrak eta jabetu al dira?
Bai, Lide batez ere. 7 urte ditu, eta dagoeneko gauzekin jabetzen hasia da. Konturatu da aitari betiko lesio bat ez den zerbait pasa zaiola, zeren eta etxera lagunak etorri dira, alaba bera adi entzuten...
[Ainhoa Jauregi] Arriondasko erietxetik Cabrales-era bueltan ginela, Jokin erietxean utzita, ostatuan negarrez sumatu nuen Lide, dardarka, eta galdetu zidan ea aita jausi zen zulo hori zergatik ez zegoen elurrez betea, zulo bat baldin bazen. Entzun zuen zerbait, zulo bat, Jokin erori zela, eta bere istorio propioa sortu du.

Zer moduz zu, Ainhoa? Bikoteari muturreko batzuk emateko gogoa sartu zaizu edo ez?
Ez. Ez dakit patua edo zer demontre den, baina baten bat, zer edo zer, atzetik kolpean ematen ari zaio Jokini. Bere esku dagoena oso ondo egiten ari da, baina bere esku ez dagoena ba oker samar joan da! Patua, zorte txarra…, bizitzak hor jartzen gaitu agian halako egoerak gobernatu eta heroiak edo indartsuak garela erakusteko, baina nik, dagoeneko, ez dut indartsu sentitu nahi. Nik lasaitasuna nahi dut, behingoz. Kolpea etorriko zaidala badakit, eta esan diot Jokini, etortzen denean, espero dudala berak ni bera zaintzen ari naizen modu berean zaintzea, alegia, goxo-goxo.

Jokin, bikoteak esango zizun, dagoeneko, lasterketen kontu hori aparte uzteko, ezta?
[Ainhoa Jauregi] Ez diot mehatxurik egin… Dagoeneko, hiru umerekin hara eta hona ibiltzea pentsatu beharko lukeela… ,
B mailako probak gertuago daude…
Inoiz ez dizkiot hegoak moztuko nire bikoteari, gehien gustatzen zaiona lasterketak korritzea baita…, baina bere pasioa asetzeko moduak daude.

Iruzkina Idatzi

Captcha image