URNIETA 2018-05-16 17:37

San Isidro eguna kulturaz blai

Jai eguna ez bazen ere, festa modukoa izan zen asteartea Urnietan. San Isidro nekazarien egunaren bueltan antolatu ohi diren hitzorduez gain, musika hitzordu bikoitza izan zen: Txistularien kalejira eta Araoz abesbatzaren emanaldia elizan.

[Argazkiak] Bertso saioa eta hamaiketakoa

[Argazkiak] Txistulariak

[Argazkiak] Araoz abesbatza

Tradiziozko mezaren ostean bertso saioa eta hamaiketakoaren txanda izan zen Lekaion. Bertan, Beñat Gaztelumendik eta Agin Laburuk bertso saio bikaina osatu zuten, librean. Gai ugari ukitu zituzten: San Isidro eguneko meza Urnietan, elizarako gazteen joerarik eza, gaztetasuna, zahartzaroa... 

Arratsaldean, txistularien topaketa antolatu zuen Txanbolin taldeak. Buruntzaldea, Errenteria eta Donostiako txistulariak kaleetan barrena ibili ziren, Jose Ignazio Ansorenak zuzenduta. Ondoren, Easo abesbatzako emakumeek osatutako Araoz abesbatzak emanaldia eskaini zuen San Migel elizan. Ana Belen Garcia piano-jotzaileak lagunduta, abesbatzak hainbat konposatzaile erromantikoren obrak interpretatu zituen.

Bertso saioa Lekaion

Agin Laburu:

Egunon danoi hamabi t'erdik

Ia ia izango di(r)a.

Hori nahikoa degu hasteko

Beñat ta nik arrazoia.

Bertsotarako nahiz eta asko

beharrik ez dan sasoia,

rimatuz eta neurtuz doa

gaurko bigarren sermoia.

 

Beñat Gaztelumendi:

Etorri gara honantz eta 

mahai guztia zegon lepo.

Begira Agin platerak hutsik

dauzkagu dagoeneko.

Hementxe gaude bertso kantari

tripa degula konpleto,

giro honetan moldatzen gera

elizan baino hobeto.

 

Agin Laburu:

Elizan baino askoz hobeto

ezin dek egin ordea.

Lenengo filan hantxe baigeunden

ezin zen egon gordea.

Apaizak ere erakutsi dik

kaliza bat dotorea,

baina elizan edo mahai hontan

non dago ardo hobea?

 

Beñat Gaztelumendi:

Hangoa ona zegoen baina

hau gehiago gustatu neri.

Eliz kontutan biok ez dugu

eta ohitura gehiegi.

Hainbeste urte joan gabe ta

ezin ohiturari segi,

ia asmatu ezinda geunden

noiz altxa ta noiz eseri.

 

Agin Laburu:

Arrazoi dek bai, izan gabeak

geralako gu aintzinan.

Ezjakitunak izaten gera

berdina hemen eta berdin han.

Noiz altxa eta noiz eseri, hor

galdezka geunden iskinan.

Txorixo eta tortila balitz

gehiagotan joango ginan.

Iruzkina Idatzi

Captcha image