URNIETA 2018-06-14 10:36

Markel Olano Ahaldun Nagusia Urnietan izan da

Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak bisitaldia egin berri du Urnietara, “Udal ordezkariekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin batera etorkizunera begirako beharrak, proiektuak, ideiak eta estrategiak ezagutzea” ezinbestekoa dela iritzita.

Iner eta Ipiranga enpresetan izan zen Markel Olano Ahaldun Nagusia.

Joan zen ostiralean Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok, Mikel Pagola alkatearekin eta bi erakundeetako hainbat kargu politikorekin batera, enpresa eta eragile ezberdinekin lan bilerak egin zituzten. Tokiko ekonomia eta ongizatea bertatik bertara ezagutzea izan zen Urnietara Ahaldun Nagusiak egindako bisitaldiaren  helburu nagusia.

Hainbat enpresa eta instalakuntzatan bisitaldiak egin zituzten. Besteak beste, makina erreminten arloko Iner eta Ipiranga kooperatibatara. Olanok adierazi bezala,  “Berrikuntzan eta 4.0 industrian oinarritutako enpresa eredugarri dira, puntako teknologia erabiltzen dutelako”. Nekazal sektorea ez zuten ezagutu gabe utzi nahi izan, eta hori dela eta bi erakundeetako ordezkariak oiloak eta txerriak era ekologikoan hazten dituzten Basitegi baserrira hurbildu ziren.

Gizarte eta ongizate mailan, Idiazabal kalean dagoen Pausoka elkartean ere izan ziren. Ahaldun Nagusiak elkarteak behar bereziak dituzten haurren alde egiten duen lana goraipatu zuen.

Urnietara egindako bisitaldia amaitu aurretik, Gipuzkoako udalerrietan dauden behar eta erronka ezberdinak lehen eskutik ezagutzea elkarlan gehiagoren abiapuntu izango dela adierazi zuen Markel Olanok.

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image