URNIETA 2018-07-05 13:11

Hiru asteko egonaldia Sierra Nevada aldean

Mikel Iturria ziklistak etxetik urrun pasako du ia uztaila osoa. Larunbatean Sierra Nevada Errendimendu Goreneko Zentrora joango da, Granadara. Espainiako Vuelta jomugan du.

Mikel Iturria Euskadi-Murias taldeko kidea, aurtengo Apeninoen Tourrean.

Lehen astean taldekiderik gabe egongo da, baina hurrengo biak, Euskadi-Murias taldeko beste sei kiderekin batera. Uztailaren 26ra arte egongo da han Iturria, 2.300 metrora, altuerako prestakuntza egiten, inguruko bailara eta mendietan lan saio gogorrak osatzen. Bai taldeak, bai Iturriak, Espainiako Vuelta dute begiz jota. Abuztuaren 25ean hasiko da urteko azken itzuli handia, Malagan, eta Jon Odriozolaren taldearentzat erakusleiho ezin hobea da Vuelta, tropelean indartsu jarraitzeko. Vuelta baino lehen, Donostiako Klasikoa eta Burgosko Itzulia korrituko lituzke Iturriak (abuztuak 4, eta abuztuak 7 eta 11 artean).

Vuelta jomugan
Taldeak ez du baieztatu oraindik zein izango den Vuelta korrituko duen zortzikoa, baina pentsatzekoa da Sierra Nevadan ariko direnek osatuko dutela bizkarrezurra. Iturria bera gogotsu dago Sierra Nevadara joateko eta bere sasoi puntu ona fintzeko. Route d’Occitanie, Hegoaldeko Itzulia zena izan zen korritu zuen azken proba. 19. postuan sailkatu zen nagusian, eta azken etapan eguneko ihesaldian sartu zen. Bere burua ondo ikusten du urnietarrak, iazko lesioa ahaztuta jada, eta bere ibilbidean lehen aldiz itzuli handi bat korritzea zer den ezagutzeko irrikan dago. 

Iruzkina Idatzi

Captcha image