URNIETA 2018-08-05 09:15

Julen Gabirondori elkarrizketa, Mikel Garaialde gogoan

Larunbat eguerdian urnietar gaztearen heriotzaren albistea azkar batean zabaldu zen herrikiden eta herri kirolarien artean. Horrelako ezbeharrak deigarri izaten dira beti, Garaialderen kasuan gainera kirolari aski ezaguna zen eskualdean eta nekazal eremuko herrietan.

Mikel Garaialde, herri kirolari amorratua irudietan: [Argazkiak]

Mikel Garaialde gogoan

Julen Gabirondo Izeta gaur egun Euskal Herriko segalari onenetarikoa da, eta hain zuzen Mikel Garaialde Orbegozo lagun mina maisu izan zuen. 2013ko Xoxokako jaietan ekin zion segari, Suharri Irazustabarrena eta Mikel Zumetarekin batera eskaini zuten desafioan.

Larunbat arratsaldean Goiburuko festetan Andoaingo auzoen arteko sega desafioa izan zen, eta bertara hurbildu zen Julen Gabirondo urnietarra. Aiurrik Mikel Garaialderen heriotzaz elkarrizketatxoa egin zion, Euskal Herriko sega txapelketaren finalaren bezperan.

Gertuko laguna joan zaizu, Julen

J.G. Bizilagunak ginen, eta txikitatik elkar ezagutzen genuen. Hura nire etxera, ni berera.... elkarrekin jolasten ibiltzen ginen. Pena handia hartu dut, baina era berean bera ezagutu izanaz pozik sentitzen naiz. Oso oroitzapen onak utzi dizkidalako. Laguna nuen eta beti laguntzeko prest agertzen zen horietakoa zen. Duela bi aste, Euskal Herriko sega kanporaketarako laguntzailea behar nuen, eta deitu egin nion. Baiezkoa erantzun zidan baina lehiaketarako bi egunen faltan haren emazteak deitu zidan Mikel ez zela ondo sentitzen esateko.

Sega, herri kirolak..., hura zuen bere bizitza

J.G. Halaxe da. Gizon probatan hasi zen, eta txapel batzuk atera zituen. Eta, gero, segan elkarrekin hasi ginen Xoxokan. Haren bitartez ekin nion segari 2013an, beste kide batekin lehiatzekoa zelako baina lagunak azkenean atzera egin eta niri deitu zidan. Berak animatuta hasi nintzen. Berak erakutsi zidan segan.

Abere jokoetan ere askotan ibilitakoa zen. Mikel gizon indartsua zen eta baserritarrek askotan deitzen zioten bere abereekin ateratzeko.

Asteasun jokatuko den Euskal herriko sega txapelketan gogoan izango duzue.

J.G. Bai, partaideok lazo beltza eramango dugu eta haren omenez minutuko isilunea egingo dugu.

 

///

MIkel Garaialderen aldeko hileta elizkizuna astelehenean izango da Urnietako San Miguel elizan, arratsaldeko 19:00tan hasita.

Iruzkina Idatzi

Captcha image