URNIETA 2018-09-10 10:12

Sagardo txapelketa herrikoia Urnietan

Gipuzkoako sagardogileen elkartearen eskutik, datorren irailaren 22an Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren azken finalaurrekoa jokatuko da Urnietan. Epailea edonor izan daiteke, eta parte hartzeko aukera zabalik dago.

Urnietan azken finalaurrekoa jokatuko da, irailaren 22an. Eta finala Usurbilen, datorren irailaren 29an.

Urnietako Batzokian, irailaren 22an

Finala Usurbilen izango bada ere, azken finalaurrekoa Urnietan iragarrita dago. Batzokian izango da, iluntzeko 20:00tan hasita. Afaria bertako produktuetan oinarrituko da, Gipuzkoako sagadogileen elkarteak, Basatxerrik eta Lurlan elkarteek elkarlanean prestatuko dute.

Urnietakoan, honakoa izango da menua (26 euro): Basatxerri lontxeatua, entsalada, ajoarrieroa, xolomoburua eta Idiazabal gazta sagar dultzearekin.

Afaltzera inguratzen diren guztien artean dastatu eta puntuatuko dira sagardoak. Epaile izan nahi duten herritarrek afari txartelak hartu beharko dituzte aldez aurretik, afarian zehar egingo baita puntuaketa lana. Afarikide-epaileek ez dute jakingo zein sagardotegitako sagardoa ari diren dastatzen eta bukaeran jakingo dira irabazleak (lote zenbakia) zeintzuk diren, bai finalaurrekoetan eta baita finalean ere. Aurten, Euskal Herriko 18 herritako 41 sagardotegik hartuko dute parte Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa Herrikoian.

Finalaurrekoak Beasainen, Goizuetan, Oñatin eta Urnietan izango dira; eta finala Usurbilen datorren irailaren 29an. Afari-txartelak dagoeneko salgai daude Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943 33 68 11) edo info@sagardoa.eus helbidera idatzita; eta baita herriz herriko hainbat lekutan ere.

Zer da epaile izatea?
Afaltzera eseri eta mahaira ateratzen duten sagardoari zure gustuen arabera 5-10 tarteko puntuazioa ematea, ez besterik. Elkarteak ohar bidez zabaldu duenaren arabera, “sagardoak dastatzea eta ongi jatea gustuko baduzu, hau da zure txapelketa”.

Puntuazio sistema
Jendea afaltzen hasi orduko hasiko dira mahaira sagardoa ateratzen, eta jendeak lote bakoitza puntuatu beharko du 5-10 tartean, momentuan iruditzen zaionaren arabera. Ez da jakingo zein sagardotegietako sagardoa dastatzen ari diren mahaikideak. Finalaurreko bakoitzeko lehen bi puntuazio altuenak dituzten sagardotegiak automatikoki pasako dira finalera, eta gainontzeko sagardoak puntuazioaren arabera, hurrenez hurren. Finalaren ondoren bakarrik jakingo da finalistak zeintzuk izan diren eta zein puntuazio lortu duten.

Duela berroigeta hamar urteko ohitura berreskuratu dute
Aurten laugarren urtea du Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak lehengo ohitura bati heldu zionetik: “Historikoki horrelako txapelketak egin izan dira, 1967tik aurrera zenbait txapelketa herrikoi antolatu baitzituen orduko sagardogileen elkarteak, herri desberdinekin elkarlanean, eta sare hori berreskuratzea da asmoa. 2015eko txapelketa lehen harria izan zen, eta ordutik sistema hobetuz eta herri zein herritar desberdinak sagardoaren inguruan elkartuz lanean dihardugu”.

Berrogeita bat sagardogile lehian

Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Akarregi (Hernani), Alberro (Hernani), Alorrenea (Astigarraga), Añota (Azpeitia), Araeta (Zubieta), Astarbe (Astigarraga), Astiazaran (Zubieta), Beltzenia (Urruña), Bereziartua (Astigarraga), Calonge (Igeldo), Eguzkitza (Tolosa), Elutxeta (Urnieta), Etxeberria (Astigarraga), Eula (Urnieta), Gaztañaga (Andoain), Goikoetxea (Lizartza), Iparragirre (Hernani), Irigoien-Herrero (Astigarraga), Itxas Buru (Hernani), Izeta (Aia), Larrarte (Astigarraga), Larre Gain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Oianume (Urnieta), Oiarbide (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Olagi (Altzaga), Ordo-Zelai (Oiartzun), Otsua-Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Rezola (Astigarraga), Rufino (Hernani), Satxota (Aia), Setien (Urnieta), Tximista (Ordizia), Urdaira (Usurbil), Uxarte (Zornotza), Zabala (Aduna).

Iruzkina Idatzi

Captcha image