URNIETA 2018-09-13 10:03

Bizkar Eskola eta Gazte Funky ikastaroak aukeran

Bizkarreko min edo patologiaren bat duen ororentzat zuzenduta dago Bizkar eskola. Izen-ematea zabalik dago. Bestalde, Gaztetxoek tarte atsegina igarotzeko eta dantzan ikasteko ikastaroa da Gazte Funky izenekoa.

Bizkar Eskola eta Gazte Funky ikastaroak aukeran

Eskaintza zabala

Lekaio (943 00 80 33)

Helduak: Joskintza, puntu eta kakorratza, zur taila, eskulanak, marrazketa eta pintura.

Haurrak: Argazkilaritza, eskulanak, marrazketa eta pintura.

Izena emateko epea: Irailak 28.

Hasiera: Urriak 11.

Info: Lekaio, Bertan (010).

 

Sarobe (943 00 80 42)

Helduak: Yoga, pilates (aldaketa: asteartea-osteguna 15:00-16:00), gimnasia hipopresiboa, bizkar eskola.

Haur eta gazteak: Gazte Funky, balleta, sormen dantza.

Izena emateko epea:  Irailak 19.

Hasiera: Urriak 1.

Info: Sarobe, Bertan (010). 

Antzerki tailerra:

Izena emateko epea:  Urriak 5.

Hasiera: Urriak 19.

Info: Sarobe, Bertan (010). 

 

Kiroldegia (943 00 83 28)

Spinning, tonifikazioa,
3. adina, zumba, fitness aholkularitza.

Hasiera: Irailak 17.

Info: Kiroldegia, Bertan (010).

Bizkar eskola Urnietan, Saioa Audikanaren eskutik

Bizkarreko min edo patologiaren bat duen ororentzat zuzendutako eskola da. Saioa Audikana andoaindarrak fisioterapia zentroa du Andoainen bertan. Urnietako bizkar eskolako dinamizatzaile lanetan arituko da bigarren urtez jarraian.

Saroben bizkarrari zuzendutako ariketak egiteaz gain, gorputzeko gihar eta artikulazio guztien oreka bilatu nahi dute. Saioaren hitzetan, ikasturtean zehar “ez dituzte beraien arazoak konponduko edo lesioak sendatuko, baina lesioak hobeto eramaten lagundu nahi diegu”.

Bizkar eskolaren onurak

Bizkar eskolak izan ditzakeen onuren gainean ere hitz egin du irakasleak. Malgutasuna da aipatu duen lehen hitza, lesioen ondorioz gainkarga muskular handiarekin etortzen baitira asko eta bertan egiten diren ariketek gainkarga hori murrizten laguntzen baitute. Egiten dituzten ariketekin minak gutxitzea eta egunerokotasunean egiten diren ekintza ezberdinetan arinago sentitzea bilatu nahi dute.

Bizkar eskola Urnietan ez da berria: “Iaz talde batekin hasi ginen bizkar eskola ematen eta taldea anitzegia zela ikusirik, guztion onurarako taldea bitan banatu genuen. Talde batean ariketa gogorragoak egin genituen eta beste taldean ariketak egokitu egiten genituen. Aurten ere izena ematen dutenen arazoen arabera bi talde ezberdin egitea pentsatu dugu”. Ate irekiera jardunaldira gerturatu ziren askok ikastaroan izena emateko interesa ere erakutsi zuten.

 

Gazte Funky Urnietan, Ibone Zarzaren eskutik

Ibone Zarza donostiarra duela bi urte 14 urteko gaztetxoen Funky irakasle lanetan aritu zen Saroben, eta aurten esperientzia errepikatzera dator.

Gazte Funky ikastaroaren dinamika gorputza lantzea eta egiten diren dantzen bidez ongi pasatzea da. Modan dauden abestiak hartu eta koreografiak landuz tarte atsegina igaro, kirola egin eta gorputza mugitzean datza.

Dantza egiteaz gain, joko ezberdinak ere egiten dituzte klaseak dinamikoagoak izan daitezen. Hala ere, Ibonek argi du zein den bere helburu nagusia: “Dantzatzea gustuko duten gaztetxoei Funky-az gozatzen erakutsi nahi diet. Badakit ikastarora gerturatzen diren guztiak ez datozela motibazio berdinarekin, baina guztientzat baliagarri diren klaseak egiten saiatzen naiz”.

Ikastaroan zehar dantza ezberdinak landu eta ikasitako guztiarekin ikasturte amaierako jaialdia osatzen dute. “Lau urterekin hasi nintzen eta haurrek, pixkanaka, nola ikasten duten ikustea eta gainera zu horren parte zarela sentitzea ikaragarria da”.

Tarte atsegina igarotzea, ezinbestekoa ikastaroan

Adinari dagokionez, zortzi urtetik hemezortzi urte bitarteko gazteek parte har dezakete ikastaroan. Gazte Funkyko saioetan ongi pasatzea ezinbestekoa da. Iboneren hitzetan, “primeran pasatzen dugu klasean, ondo pasatzera eta disfrutatzera gatozelako. Bakoitza bere buruarekin ondo sentitu eta bakoitzak bere erritmoa eramatera gatoz”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image