URNIETA 2018-10-27 08:44

Oinezkoen pasabideari tarte zabalagoa Zaldundegi parean

Proba modura errail bakarreko pasabide bilakatuko dute ibilgailuentzat, semaforo bidez bideratuko dena.

Urriaren 29tik aurrera martxan jarriko da neurri berria. Argazkia: Urnietako Udala.

A15 autobiak herri barruko trafikoa nabarmen arindu badu ere, Idiazabal kaleak Urnietako arteria nagusi izaten jarraitzen du. Zaldundegi parera iritsita, bihurgune hori zaharkitua geratu da. Bereziki, oinezkoentzat. Udalak, proba modura, pasagune hori semaforo bidez bideratuko den errei bakarreko errepide bihurtu, eta oinezkoen alde banatako pasabideak zabaldu egingo ditu. Behin-behineko neurria izango da, eta denbora tarte horretan plastikozko hesiekin ibilgailuen eta oinezkoen tarteak bereiztuko dituzte.

Datorren astelehenetik aurrera
Urriaren 29tik aurrera indarrean jarriko da neurri berria, eta Udalak arretaz gidatzeko deia luzatu du. Bide-segurtasuna bermatze aldera, Udaltzaingoa gidariei eta oinezkoei argibideak emateko bertan izango da. Proba garaiaren epealdia ez dago zehaztuta, baina argi dago etorkizun hurbilean Zaldundegi parean antzeko egitasmoa finkatuko dutela. Asteotako esperientzia ondorioak ateratzeko baliagarria izango da.

Neurri berriak inguruko kaleetan eragina izango du. Eteneta elkartearen atzeko kalearen norabidea aldatu egingo da, esaterako. Aurrerantzean auto gidariak Idiazabal kaletik sartuko dira Etxeberri aldera jarraitzeko.

Bestalde, Idiazabal kalera doan taxien geltoki zaharreko kaletxotik ezingo da ibilgailuarekin Zaldundegi aldera joan. Eskuinera hartu eta gidariek aurrerago egin beharko dute norabide aldaketa, Hernani aldera joateko asmoa baldin badute behintzat.

Udalak aditzera eman duenez, proposamena 2017ko parte-hartze prozesutik dator. Irisgarritasuna bermatzea da ekinbide berriaren helburu nagusia.

Iruzkina Idatzi

Captcha image