URNIETA 2018-10-29 08:45

Bake eta bizikidetza jardunaldiak hastear dira

Urriaren 30ean hasi eta azaroaren 20ra bitarte lau saio ezberdinetan bakea eta bizikidetza hizpide izango dute Urnietan. Ikus-entzunezkoa, antzerkia, hitzaldia eta kafe tertulia saio bana iragarri dituzte.

Alkatearekin batera, EAJ-PNVko eta EH Bilduko Udal ordezkariak hurbildu ziren zikloaren aurkezpen ekitaldira.

Urnietako Udala bakean eta bizikidetzan sakontzeko bidegileetakoa da, Gipuzkoako herriei dagokionean. 2014tik hona Euskal Herriko adituak ekarri izan dituzte, eta baita kultur ekoizpen ezberdinak eskaini ere. Hori guztia herritarren parte-hartzea alde batera utzi gabe. Izan ere, aurtengo jardunaldiak kafe tertuliarekin amaituko dira. "Zer egin dezakegu herritarrok bizikidetzaren alde?" izenburupean, urnietarren arteko solasaldia sustatu nahi dute. Izena emateko aukera zabalik dago urnietabizikidetza@gmail.com posta elektronikora idatziz.


Lehen hitzorduak aste honetan

  • S(u/a)minetik bakera

Urriak 30, asteartea.
19:00, Lekaio.
Euskara, gaztelania.
Sumina eta samina atzean utzita, bakera arteko bidea egiten laguntzea da ikuskizunaren helburua: “Eskua eman beste pertsona horri, sekula pentsatuko ez zenuena. Arantzak kendu eta elkarri aurpegira begiratzea. Sumina eta samina atzean utzi eta bakea topatzea”. Abiapuntua Olatz Etxabe (Batallón Vasco Español-ek eraildako Iñaki Etxaberen alaba) eta Sandra Carrasco (ETAk eraildako Isaias Carrascoren alaba) dira.

  • Bizimiñak

Azaroak 6, asteartea.
19:00, Lekaio.
Euskara.
Urte luzez bizi izan den mina, gorrotoa, itsutasuna edota isiltasuna agertokira eramanda. Nafarroako Bera aldeko Itziar Elias, Maddi Iratzoki eta Dani Iratzokiren parte-hartzearekin.

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image