URNIETA 2018-11-08 16:03

Bilketa selektiboa nabarmen igo da Urnietan

Edukiontzi marroiaren eta grisaren itxiera mugatuak eragin zuzena izan du bilketa selektiboaren igoeran, horixe da Urnietako Udalaren ondorio nagusia. Gauzak horrela, geroz eta organiko gehiago bereiztu eta errefusara geroz eta gutxiago botatzen da.

Bilketa selektiboa nabarmen igo da Urnietan. Argazkia: Urnietako Udala.

Zarraila automatikoa ipintzeak eta irekiera mugatzeak zerikusi zuzena izan du hondakinen bilketa tasaren igoeran. Bereziki, organikoari eta errefusari dagokionean. Orain gutxi arte, biak nahasita botatzen ziren, eta horrek birziklaketa tasa txikia sortzen zuen. Plastikoa da bolumen handiena hartzen duen hondakina, eta organikoa pisu gehiena duena. Errefusarena, behin sailkatzen hasita, ez da etxebizitzatan gehien betetzen den edukiontza. Horixe da egoki birziklatzen duten guztien ondoriorik garbiena. Ohitura egokiak hartuz gero, norberatik hasita, sailkatzearen alde asko egin daiteke.

Eta emaitzak bistakoak dira. Urnietan errefusari eta organikoari dagozkion emaitzak aurkeztu dituzte, eta bien garapena proportzionala da. Organikoaren bilketa goruntz doan bezala, errefusa murriztuz doa. Horrek berarekin dakar bilketa datu orokorrak igotzea.

Urnietako Udalaren balorazioa
Prentsa ohar bidez igorritako idatzian, poza agertu dute: "Datuekin ikusten da herritarrak sistema berrira egokitzeko ahalegin berezia egiten ari direla, eta Urnieta ibilbide egokia egiten ari dela. Horrenbestez, Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, baina era berean, jarrera horri jarraipena emateko eta ez erlaxatzeko eskatzen die. Oraindik badaudelako hobetzeko joerak, organikoaren edukiontzira botatzen diren hondakin desegokiena esaterako".


BILKETAREN GARAPENA

Organikoaren bilketa

2017: %51,5
2017ko urtarriletik abuztura bitarteko datuak, bilketa boluntarioa zenean.

216.640 Kg.
2017ko urtarriletik abuztura edukiontzi organikoan jasotakoa.

2018: %69,2
2018ko urtarriletik abuztura bitarte, edukiontziaren irekiera astean bi egunetara mugatu zenean.

333.390 Kg.
2018ko urtarriletik abuztura edukiontzi organikoan jasotakoa.

Errefusaren bilketa

950.808 Kg.
2017ko urtarriletik abuztura edukiontzi grisean jasotakoa.

599.506 Kg.
2018ko urtarriletik abuztura edukiontzi grisean jasotakoa.

Iruzkina Idatzi

Captcha image