URNIETA 2018-11-08 11:53

Liburuak erosteko bitartekaritza zerbitzua

Urnietan liburudendarik ez egoteak eraman du Ainara De Miguel zerbitzu hori Etxeberri plazako Ikasmin akademian jartzera. Sinesteak lanak ematen ditu, baina Urnietak hutsune handia du liburu salmentaren arloan.

Ainara de Miguel, Ikasmin Akademian salgai ipini dituen liburuen alboan.

Hainbat erreferentzia

Helduentzat: “Los besos en el pan” (Almudena Grandes), “Bajo la red” (Iris Murdoch), “El tatuador de Auschwitz” (Header Morris), “Jenis Joplin” (Uxue Alberdi).

Gazteentzat: “Algo tan sencillo como estar contigo” (Blue Jeans), “El increible viaje de los besos voladores” Maria Inés Cuadrado, “Ezpainetakoa” (Ane Labaka).

Papertegia: Pendriveak, agendak, koadernoak, Goazen-en motxilak...

Ez dago liburudenda bakar bat ere herrian. Egon zen, baina dagoeneko ez dago. Hausnartzeko moduko egoera ia 6.500 biztanle dituen herrian. Gabezia horren jakitun, eta bere akademiako ikasle eta haien gurasoei zerbitzu aberatsagoa eskaintze aldera, liburuak eskuratzeko zerbitzua eskaintzea erabaki du Ainara de Miguel-ek, Etxeberri Plazako Ikasmin Akademian.

Honatx, zerbitzuaren funtsa: “Ikasteko grina daukan edozein etor daiteke Ikasmin akademiara, bertan liburu tartean aritzen gara. Digitalizazioaren aroan gaude, baina guretzat paperezko liburuak derrigorrezkoak dira. Orain gutxira arte liburuak non erosi bagenuen, herrian bertan, baina ate hori itxi zen. Liburuz betetako apal asko ditut, baina jakina, ezin ikasleen eskaera ase guztiz. Amazon eta Elkar argitaletxeetako atarikoetan hasi nintzen liburuak erosten, gero ikasleei emateko, nik ezer kobratu gabe, eta pentsatu nuen halako zerbitzu gehigarri bat sortzea, Elkar argitaletxearekin hitz egin ostean”. Helburua ez omen da liburu denda bat sortzea, “zerbitzu gehigarri bat eskaintzea baizik. Txoko berezi bat atondu dut, apal batekin, non hainbat liburu dauden, Elkar, Amazon edota La Casa del Libro argitaletxeen bitartez hornitua”. Kudeaketaren truke salmentaren portzentaje minimo bat eskatzen du, jakitun baita ezin duela “liburu denda baten pare jardun”.

Zerbitzu berriari izen bat jartzeko eskatuta, honakoa bota du: “Liburudenda bat nahieran, halako zerbait”. Arrazoi hauengatik: “Pentsa norbaitek opari bat egin nahi duela data jakin batean. Ba lan erraza du: akademiara etorri, eskatu eta listo. Nik astebeteko epean jasoko nuke, Elkar argitaletxearen salneurri berean. Liburuak iritsi eta iritsi ari dira azken asteetan, eta sei-zortzi urteko haurrentzat diren sorta bat saldu dut dagoeneko. ‘Destroza mi diario’ izena duen liburuko ale batzuk ere bai”. Bide batez, liburu batekin zerikusi zuzena ez duten gailuak ere saldu ditu, “batez ere USB-ak. Elkar argitaletxeak halako promozio bat ba zegoela esan zidan, eta dozena pare bat saldu ditut dagoeneko”.  

Eta zer irabazten du Ainarak, zerbitzu horrekin? “Jendea etortzea akademiara. Dirurik ez. Eta irakurzaletasuna aberastea, ze irakurketak aberastasuna dakar berarekin. Bide hori ireki nahi izan diet herritarrei, ze orain ohikoa da entzutea. ‘liburu bat erosteko Hernanira joan beharra daukat’, edota ‘nik internet-en ez dut erosi nahi’. Bitarteko lan hori erraztu nahi dut”.

Liburudendarik ez, 6.500 biztanleko herrian
Datu gordina da, baina errealitate krudela. Urnietan ez dago liburudendarik. Zergatik, baina? “Ez dakit liburudenda salmentarik ez dagoelako den, edota liburudendaren hutsunea herrian dagoen irakurzaletasun urriaren ondorioa den”, dio Ainarak. Kezkagarria omen, egoera. “Jende batek esaten du, liburuak garestiak direla, baina ez nago ados, 10 euroren truke liburu asko eros daitezkeelako”. Eta hausnarketa bitxia egiten du: “Ez daukat ezer tabernen kontra, baina deigarria da Urnietan hainbeste egotea, eta liburudenda bakar bat ere ez egotea. Are gehiago hain herri gaztea, edo hainbeste familia gazte etorri diren herria izanda”. De Miguelek garbi du zerbitzu gehigarri bat eskaini nahi duela, ez duela jardun hori bere ogibide bilakatu nahi: “Ez dut nire ordutegia aldatuko. 15:00tik 19:00ra akademian izango naiz egunero, eta helbide elektronikoz edo telefonoz ere eskaerak egin ditzake edonork. Zerbitzuari zukua atera nahi dionak lan erraza dauka”.

"‘Urnietan ere irakurtzen dugu’ leloa erabili nahi nuke. Interakzioa handituko balitz pozik egongo nintzateke, salmentak gora edo behera. Neurri batean lortu dut, liburuekin harreman zuzena ez duten produktuak salduz, adibidez USB-ak, ze sorta handia saldu dut, Elkar argitaletxearen bitartez. Ikasturte hasierako liburu erosketa masibo hori ezin da Urnietan egin, eta nik, aurrerantzean, kudea dezaket zerbitzu hori. Herritarren diru-zorroa betetzen ez bada, herritarrak ez du dirua herrian gastatuko, ondokoan baizik, eta horrek, diruak herritik ihes egiteaz gain, deserosotasuna eragiten du. Herritarren dirua herrian geratzeko mugimendua sortu behar da".

Iruzkina Idatzi

Captcha image