ZIZURKIL 2009-05-05 17:45

Andatzako Estazio Megalitikoa

Altxor berezia gordetzen da Andatza mendiaren inguruan. Duela 5000 urte inguru eraikitako hamar trikuharri seinaleztatu dituzte Zizurkil, Aduna, Andoain, Aia, Zubieta eta Usurbilgo lurretan banatuta.
Kobre Aro eta Brontze Aro garaian eraikitako trikuharriak dira Andatzan eta hegoaldeko lurretan aurkitzen direnak. Belkoain eta Zarate Haitz mendien artean bizitu ziren giza taldeek eraiki zituzten, hildakoak ehorzteko. Hamar trikuharri; Arkutxa, Olaiko, Karramiolotz, Andatza I eta II, Loatzu I eta II, Beldarrain, Zarateko Benta eta Belkoain. Baita zista bat ere: Andatza III.

Ezagutu eta babestu
Lurrailan enpresaren zuzendaritzapean egin dira Andatzako Estazio Megalitikoko seinaleztapen eta garbiketa lanak. Luis Del Barrio da enpresako zuzendaria: “Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondare Zentruak, 2002an jarri zuen martxan historiaurreko ehorzlekuen babeserako proiektua. Gipuzkoan, hogeita zortzi estazio megalitiko daude eta horiek babesteko pauso ezberdinak eman behar izan dira. Lehendabizikoa, trikuharri bakoitza seinaleztatzea izan da. Horren ondoren panelak jartzen joan dira estazio megalitikoetara iristeko bideetan. Andatzako estazioan, esaterako, bost panel jarri dira. Horrez gain, estazioaren nondik norakoak azaltzen dituen 12.000 eskuorri egin dira, udaletxeetan banatzeko. Jendeari ondare hori ezagutaraziz, zer diren ulertaraziz, haiekin gozatzea eta babestea nahi dugu”. Andoaingo Elkazabalen, Zizurkilgo Azarolan eta Ziortzan, Usurbilgo Biribillondon eta Aiako Mañarin inguruetan jarri dituzte panelak.
Andatzako Estazio Megalitikoan hamar trikuharri eta zista bat daude: “Trikuharria ehorzleku kolektiboa zen, hogeita hamar edo berrogei gorpu inguru izaten dute barruan. Mendeetan zehar erabiltzen zituzten ehorzketak egiteko, beraz, garai ezberdinetako gorpuak hartzen dituzte. Zistak berriz, txikiagoak izaten dira eta gorpu bakarra hartzen dute. Lapurtxulo izeneko gunean ikus daiteke estazioko zista bakarra, Andatza II trikuharriaren ondoan”. Belkoain, Pagamendi, Etumeta eta Lapurtxulo inguruak interesgarriak dira monumentu megalitikoak ikusi ahal izateko.

Heriotzari beldur
“Trikuharrien eraikuntza garaian, heriotzaren ondoren arimak bidaiatu egiten zuela pentsatzen hasi zen gizakia. Arimari bidaia hori egiten laguntzeko, gorpuaren ondoan elikagaiak, apaingarriak, zeramikak…, jartzen zituzten. Ehorzteko modu horrek, trikuharriak desegin eta lapurretak egiteko tentazioa piztu izan du mende askotan zehar, horregatik, itxura nahasi samarra izaten dute gaur egun aurkitzen diren trikuharriek. Gainera, eraikuntza megalitikoren batean, gorpuarekin batera urrezko txapatxo txikiak agertu izan dira. Aurkikuntza horiek, trikuharrien azpian urrezko kutxa eta kanpai handiak zeudela sinistera eraman zuen jendea eta lapurretak areagotu egin ziren. Hala ere, heriotzari izaten diogun beldurrak, hilobiak guztiz ez desegitera bultzatu du gizakia, eta  trikuharriak mantendu egin dira”, azaldu du Luisek.
1954an  aurkitu zuten Andatzako Estazio Megalitikoko lehen monumentua. Horrela azaldu du Luis del Barriok: “2001ean egin zen azken aurkikuntza eta ez da baztertu behar oraindik ere besteren bat aurkitzea. Trikuharriak, belar eta sasiz estalirik egoten dira eta batzuetan, ez da erraza izaten lehen begiratura identifikatzea”.
Lurrailan enpresaren ekimenez hainbat trikuharri txukundu eta garbitu dira azken urteotan, beti ere, Foru Aldundiko Landa Garapenerako Sailaren babesarekin. “Trikuharrien gainean zuhaitzak landatu izan dira. Horiek moztu eta ingurunea txukundu egiten da, monumentua agerian gera dadin”.
Horrez gain, urtean bi aldiz garbitzen dituzte Andatzako Estazio Megalitikoko trikuharriak: “Udalek dute mantenimenduko garbiketa horiek egiteko ardura, eta eskertzekoa da horretarako egiten duten ahalegina.  Arkeologo baten kontrolpean egiten dira garbiketa lan guztiak eta Foru Aldundiaren Kultura Sailaren baimena ere beharrezkoa da. Kontrol lan hori beharrezkoa egiten da, bestela, borondate onenarekin bada ere, harriak tokiz aldatzeko joera izaten delako. Trikuharri askok harri pila soilaren itxura dute gaur egun, eta garbiketa lanak egitera joaten direnek, politago jartzeagatik, harrilauzak mugitu eta guztiok buruan dugun trikuharriaren itxura ematen diote. Hori gerta ez dadin, arkeologo baten kontrola beharrezkoa da”, adierazi du Luisek.

Txikiketak
Ondare historikoarekiko errespeto falta gertutik bizitu du Luis del Barriok: “Duela pare bat aste, Andatza II trikuharria alderik alde zeharkatu zuen norbaitek lau gurpileko motor batekin. Harri asko bere tokitik mugitu zituen. Gauza horiek ekidin behar ditugu ondarearen balioa azpimarratuz. Milaka urtetan iraun duen monumentu megalitikoa minutu gutxitan desegin daiteke, horregatik nahi dugu jendeak ezagutu eta errespeta ditzan. Mendiari balioa eransten dio monumentu megalitikoak bertan izateak”.  

Indusketen zain
Andatzako Estazio Megalitikoko hamaika trikuharrietatik bitan bakarrik egin dira indusketa lanak: “1965ean Altuna eta Apellaniz izeneko bi arkeologok egin zituzten indusketa lanak Zarateko Benta eta Andatza II izeneko trikuharrietan. Gezi puntak, zeramika puskak…, aurkitu ziren bertan. Gainerako trikuharriak oraindik industu gabe daude. Indusketa arkologikoa modu egokian egiteak lan handia eskatzen du eta dirutza handia suposatzen du horrek. Azterketa radiokarbonikoak,  materialen azterketa…, lan  handia  egin behar da ahalik eta informazio gehien lortzeko”, dio Luisek.
“Trikuharrietan egindako indusketei esker jakin dugu garai hartan ere bazela komertzioa egiten zuenik ere. Ez da harritzekoa inguru honetako estazio megalitikoetan Arabako edo Iparraldeko silexa bilatzea. Aurkitzen diren zeramika piezen  azterketa eginez gero,  ez da harritzekoa izaten Burgosen  egindakoak direla jakitea. Inguru honetan bizi ziren taldeak artzaintzari lotuta bizi ziren bezala, baziren salerosketan aritzen ziren beste taldeak ere”.

Estazioa ikusteko bideak
Eskualdetik Andatzako Estazio Megalitikora hurbiltzeko hainbat aukera dago. Batetik, Andoaindik edo Adunatik gora, Belkoain mendiko trikuharria ikus daiteke. Pagamendi baserriaren inguruko trikuharrira ere joan daiteke Zizurkil aldera joaz. Andatza mendiaren inguruko trikuharriak eta zista ikusteko, Zizurkilgo Ziortza gunera hurbiltzea da egokiena. Bertan jarritako panela, bisitarako lagungarria da. Informazio zehatza eskura eraman nahi duenak, Aduna, Andoain eta Zizurkilgo udaletxeetan aurkituko ditu eskuorriak.


Jentilen hilobi
Trikuharriak jentilen ehorzlekuak ziren ustea zabalduta egon da mende askotan zehar: “Uste horrek baliatu du ehorzlekuen mantentzea. Gizakia lehendabiziko bizilekuak eta txabolak egiten hasi zenean, harriak lortzeko bi aukera nagusi zituen: harrobira joan eta harria atera, edo mendian aurkitzen zituen harri piletatik hartu eta eraman. Bigarren aukera hori zen errazena, baina bazen harri pila horiek ehorzlekuak ziren errezeloa eta badaezpada ere, ez zituzten guztiz desegiten. Pixkanaka, sineskeria horiek galtzen ari dira, baina duela oso urte gutxi arte, jende askok pentsatzen zuen trikuharriak jentilen hilobiak zirela”, azaldu du Luisek.

Talde izaera eta indar erakustaldia
Trikuharriek, laukizuzen formako hilobi ganbara izaten zuten, hainbat harlauzaz eta zutikako blokez osatuta. Hilobia erabat estaltzen zuen harri eta lur pila izaten zuten gainean. “Askotan, trikuharria kokatutako lursailean aurki ez daitekeen harri mota erabiltzen zuten. Bi helburu betetzen zituzten hori eginez. Batetik, trikuharria ikusgarriagoa izatea lortzen zuten, eta bestetik, taldearen indarra ere erakusten zuten. Trikuharri bat egiteko harri tona asko mugitu behar zen eta taldearen izaera kementsu eta indartsua erakusteko ere balio zuten”, azaldu du Luis del Barriok. “Ekialdera begira ehorzten zituzten gorpuak gehienetan, arimak egin beharreko bidaia horretan, goizeko argia jaso zezan”, gaineratu du.