ELBARRENAKO JAIAK 2017 2017-09-06 12:01

Danenako kideek botako dute txupinazoa

Gaur iluntzeko 20:00etan lehertuko da jaia Zizurkilen. Danena kirol elkarteko kideak izango dira aurten txupinazoa botatzeko arduradunak. 

Josu Sarasola, Danena Kirol Elkarteko lehendakaria.

Biziberritu egin da Zizurkilgo Danena Kirol Elkartea. Herriko nahiz inguruko haur eta gazte ugari ari da futbolean elkartearen baitan, eta txirrindularitza zein atletismoko sailak ere sortu berriak dituzte. Azken urteotan egindako lanak fruituak eman ditu, eta, horren lekuko, herriko jaietan jasoko duten omenaldia. Irailaren 6an, herriko jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa botako dute Danenako kideek, modu horretan herrikideen aitorpena jasoz. 

 

300 futbolari

Josu Sarasola zizurkildarra Danena Kirol Elkarteko lehendakaria da. Barru-barrutik ezagutu du elkartearen hazkuntza eta biziberritze prozesua, eta pozik dago egindako bidearekin. “300 haur eta gazte ari da egun futbolean Danenarekin. Kategoria ezberdinetako 15 talde ditugu guztira, eta hori kudeatzeak lan handia ematen du. Nolanahi ere, oso gustura gaude. Jendeak kontuan hartzen gaituela konturatu gara eta txupinazoa botateko aukera emateak, hori berretsi digu”. 

Lau urte daramatza Josuk Danenako zuzendaritza taldean: “Oso denbora gutxian ikaragarri hazi da taldea. Futbola indarrean dago eta 40 gazte inguru izatetik, 300 jokalari izatera pasa gara. Futbol eskolan izena ematen dutenen kopurua haziz doa etengabe, eta inguruko herrietako haurrak ere gerturatzen zaizkigu”. 

 

Entrenamenduak martxan

Dagoeneko entrenamenduetan hasita daude maila ezberdinetako taldeak. Danenako futbol zelaiaren inguruan, beraz, hasi da mugimendua. “Futbol eskolako kideak urrian hasiko dira, gainerakoak berriz, martxan dira dagoeneko. Iraila erdialdean hasiko da denboraldia eta, aurrez, entrenamenduak egin behar izaten dira, noski”. Taldeen artean, neskek osatutako bi talde izango ditu aurten Danenak. Josu Sarasolak azpimarratu duenez, “oso pozgarria da hori. Iaz lortu genuen nesken lehen taldea ateratzea. Aurtengo deialdiari erantzunez, neska gehiago gerturatu zaigu, eta infantil mailako bigarren taldea osatzea lortu dugu”.

 

Ekitaldi ezberdinak

Futbol zelai berritua du Danena Kirol Elkarteak, eta epe ertainean, berrikuntzak egingo dizkiote. “Harmailak jartzeko lanak egingo dituzte. Horixe da zelaia guztiz osatzeko falta den gauza bakarra, eta laster izango dugu. Mugimendu handia sortzen da zelaiaren inguruan eta oso ondo etorriko zaizkigu harmaila horiek; egunero-egunero izaten dira entrenamendu saioak eta asteburuetan berriz partidak. Udan zehar, bestalde, ekitaldi ezberdinak antolatu dira bertan. Jon Gaztañaga futbol kanpusa izan genuen ekaina amaieran, eta Donosti Cup-eko partidak uztailean. Oso esperientzia politak izan dira biak ere”. Sport-Madness enpresaren ekimenez antolatu zuten Jon Gaztañaga kirol kanpusa. Josuk azaldu duenez, “50 haur inguruk hartu zuen parte, oso gustura gainera. Gaztañaga egunero-egunero etorri zen saioetara eta Markel Bergara eta Imanol Agirretxe ere gerturatu ziren. Gaztetxoekin entrenatzen aritu ziren, oso atsegin. Sekulakoa izan zen hori umeentzat, ez ahazteko modukoa”.

Donosti Cup-ek ere jende asko ekarri zuen Danena futbol zelaira. “Oso giro polita sortzen du txapelketak. Kanpotik etorritako talde asko bertaratu zen Zizurkilera, eta oso ondo atera zen. Guretzat lan handiko egunak izaten dira, zelaiaren inguruan ordu asko pasa behar izaten dugulako, baina merezi du”. 

 

Txirrindularitza ere bai

Joan zen ikasturtetik, atal berria du Danena Kirol Elkarteak; txirrindularitza eskola. Josu Sarasolak azaldu du zein izan zen taldearen iturburua: “Ander Altuna zizurkildarrak egin zuen eskola sortzeko proposamena. Danena elkartearen barruan ondo txerta zitekeela iritzi genion, eta aurrera egin genuen. Aurrez ere bagenuen harremana Anderrekin. Izan ere, Gipuzkoako Emakumeen Biraren baitan Zizurkilen egiten den lasterketa, Danena elkartearen babesarekin antolatu izan baitu Anderrek”. 

Eskolarako izen-ematea zabalduta, 10 haur gerturatu zen joan zen ikasturtean, neska eta mutil, benjamin mailakoak guztiak ere. Izarne Maioz asteasuarra eta Jokin Alberdi zizurkildarra dira gaztetxoen entrenatzaileak, eta oso gustura ekin diote bideari: “Haurrak, eta haien gurasoak, oso gustura dabiltza. Horren adierazgarri da, datorren ikasturterako ikasle kopurua bikoiztu egin da. Ahoz aho zabalduz joan da txirrindularitza eskolaren berri, eta jende asko gerturatu zaigu”. Eskolarteko Zizurkilgo lehen lasterketa ere antolatu zuten Danenako kideek maiatzean. “Oso polita izan zen. Parte hartzaileak oso gustura geratu ziren, eta baita gu ere”, azpimarratu du Josuk. 

 

Danena ordezkatuz

Atletismo saila ere martxan du Danenak. Herriko korrikalariei, Zizurkilen izenean lehiatzeko aukera ematea da taldearen helburu nagusia. “Ez da ekitaldi berezirik antolatzen. Arropa atera genuen eta taldeko kideen artean banatu, entrenamendu zein lasterketatan jantzi dezaten. Denborarekin, ekitaldiren bat antolatzen hasteko asmoa ere badugu, nolanahi ere”, azaldu du Josuk. 

 

Bazkidetza

Danena elkarteko bazkide izateko aukera zabalik dago. Elkartearen erabakietan parte hartzeko aukera ematen du bazkidetzak eta futboleko kuota ordaintzen duen guztia da elkarteko bazkide. Josuk gaineratu duenez, “herritar guztiei bazkide izateko aukera eskaintzea erabaki genuen. Bazkidetza kanpaina egin genuen eta 30 zizurkildar gerturatu zitzaizkigun. Oraindik ere badago bazkidetza egiteko aukera. Urte osoko kuota 30 eurokoa da eta Danenako sail guztietako bazkide izateko aukera ematen du”. Danena elkartera gerturatuta bete daiteke bazkidetza txartela, eta Egarri tabernan ere badituzte bete beharreko orriak. 

Irailaren 6an, Danenako kideak izango dira jaien hasierako protagonista nagusiak: Urte osoko lana eta ahalegina txalotzeko momentua. 

Iruzkina Idatzi

Captcha image