ZIZURKIL 2017-09-10 09:42

Emakumeon papera herri kiroletan indartzen ari da

Euskal Herriko Trontza Txapelketa irabazi berri du Leire Astiasaranek, Itxaso Onsalorekin batera. Txapelketako kontuez gain, emakumeak herri kirolean duen paperaz mintzatu da.

Leire Astiasaran herri kirolaria, Euskal Herriko txapelduna

Herri kiroletan buru-belarri zabiltza azken urteotan. Nolaz murgildu zinen mundu horretan? Nolakoak izan ziren hasierak?

Egia esan, era oso sinplean. Herri kirolen munduan zebilen neska bat ezagutzen genuen Aresoko nire lagun Itxasok eta biok. Festa batean ginela hitz egiten hasi, eta probatzera animatu ginen. Hemen ez genuen mundu hori erakutsiko zigun inor ezagutzen. Mugaire (Nafarroa) herrian eskola bat zegoela jakin, eta egunen batean hara joatekotan geratu ginen. Bat-batean, gure entrenatzaileak txapelketan atera behar genuela esan zigun. Lehenengo txapelketa 2013an izan zen, Nafarroako txapelketa. Erarik tontoenean hasi ginen.

 

Patxi Larretxea nafarra duzue entrenatzaile. Nola bideratzen duzue prestakuntza?

Bere dependentzia handia daukagu. Egurra, trontza eta entrenatzeko tokia eskaintzen dizkigu. Bestetik, nola entrenatu behar dugun esaten digu. Berak bideratzen dizkigu entrenamenduak. Txapelketa bistan dugunean astean hiru entrenamendu inguru egiten ditugu. Egun bakoitzean era ezberdinean aritzen gara. Aizkoran ere ibiltzen gara, baina uda guztian txapelketan zentratzen garenez, aizkora bigarren mailan uzten dugu. Teknikoagoa da, denbora gehiago eskatzen du… Txingekin ere ibili izan gara. Aurreneko urtean probatzen aritu ginen . Zizurkilen lastoa altxatzen ikasten ere ibili ginen, harriarekin ere froga egin genuen, baina aurrenekoan baztertu nuen [barreak].

Hasiera, mundu hori ezagutzea izan zen pixka bat.

Uda sasoia erakustaldi garaia izaten da. Zer moduz joan da aurtengoa?

Ondo. Bi urte beteko dituen neska txiki bat daukat, eta berak ere denbora eskatzen du. Gurasoengatik  ez balitz, ezingo nuke herri kiroletan aritu. Aurten nahiko lasai gabiltza, neska dezente hasi baita aizkoran eta trontzan. Hala ere, ez gaude geldi. Nafarroa aldean, esaterako, abuztuan izaten dira erakustaldi gehienak eta Mugaireko taldean ibiltzen garenez, abuztua mugitua izan ohi dugu.

 

Nola ikusten duzu emakumeen papera herri kiroletan?

Indartzen eta normalizatzen ari da. Egoera aldatzen ari dela ikusteak, emakumea herri kiroletan ikusteko gogoa eta kuriositatea pizten dio jendeari.

 

Nolako erantzuna du neskak trontzan ikusteak?

Trontzan hainbestean, baina aizkoran ikusiz gero…, kritika ugari jasotzen da. Emakumeok ezin dugu gizonezko batek adina indar eduki, baina gure mailan daukaguna ematen dugu eta jende askok ez du ulertzen. Erakustaldia plazan izanez gero, jendearen erantzun ona jasotzen da, baina kanpotik lagunak ikusten ari bazara, entzuten duzunean pentsatzen duzu batez ere adineko jendearen aipamenetan. Zentzu horretan, oraindik asko dago egiteko.

 

Urtetik urtera neska gehiago animatzen al da herri kiroletara?

Bai. Aurten, adibidez, Nafarroako txapelketan ikusi dira bikote berriak, baita erretiratu direnak ere. Baina ez dakigu hurrengo urtean zein izango den egoera. Neskok herri kiroletako proba gehienak probatzen ditugu, gutxi baikaude.

 

Txapelketei dagokienez, maila bikaina erakusten ari zara Itxaso Onsalorekin bikotea osatuta. Euskal Herriko trontza txapeldun izan zarete aurten ere. Nolakoa izan da bidea?

Ezustez beterikoa. Lehenengo aldian, Nafarroako Txapelketan bat-batean irten ginen eta bigarren egin genuen; Euskal Herrikoan, berriz, laugarren. 2014an Gipuzkoako Emakumezkoen Trontza Txapelketa antolatu zen lehenengoz eta azkenengoz. Bertan irabazi genuen gure lehenengo txapela. Aurten, Euskal Herriko Trontza Txapelketan bi bikotek hartu dugu parte, eta Nafarroako Txapelketan lau bikotek.

 

2016an Euskal Herriko eta Nafarroako markak ondu zenituzten. Zein da gakoa?

Ez nuke jakingo esaten. 2015ean ama izan nintzen. 2016an zer pasako zen ikusteagatik atera ginen txapelketan. Ezustean gertatu zen: pixkanaka markak hobetu, Euskal Herriko txapeldunak izan... Normalean, Nafarroako txapelketan zentratzen gara, bikote gehiagok hartzen baitute parte. Gure gako nagusiak gogoa, motibazioa eta ilusioa direla esango nuke.

 

Herri kirol munduan baduzue erronka berezirik betetzeko?

Beti. Beti hobetzen pentsatzen. Aurtengoa azken urtea izatea nuen planteatuta; baina markak hobetzen goazela ikusita… Hor nabil ez dakidala jarraitu ala erretiratu. Herri kirola bizi estilo bat da. Behin mundu horretan sartuta, bertan jarraitzea eskatzen dizu gorputzak. Jendea ezagutzen da, lagunak egiten dira… Azken finean, koadrilla bat, familia bat gara Mugairen. Eta gure entrenatzaile Patxi Larretxea gure beste aita bat da. Beti daukagu erronka berriren bat.

 

Trikitixa munduan ere aritu izan zara aita eta osabarekin taldea osatuta. Eusten al diozue plazarik plazako ibiliari?

Trikitixa mundutik erretiratu garela esango genuke. Haurra edukitzean denbora baterako utzi genuen, eta alde batean geratu da. Trikitixak ere entsegu ordu asko eskatzen du. Disko bat atera genuen, eta nik uste hori izan zela amaiera puntua.

Iruzkina Idatzi

Captcha image