ZIZURKIL 2018-01-28 17:02

Ane Galarza, Erein musika taldeko kide

Ia ustekabean sortu zen Erein musika taldea duela urtebete. Sare sozialen bidez egin dira ezagun, eta saioak eskaintzen ari dira batean eta bestean.

Ane Galarza

Lau emakume eszenatokian

Amaiur Irastorza, Malen Urbegain, Libe Alcalde eta Ane Galarza dira Erein taldeko kideak, eta euren musikarekin lantzen dituzten gaien artean dago feminismoa. “Ez da kasualitate hutsa lau emakumez osatutako taldea izatea. Azken batean, gu oholtza gainean egote hutsa aldarrikapena da; oholtzak eremu publikoa irudikatzen baitu, eta guk osoki hartzen dugu gure emanaldietan. Musika lasaia lantzen dugu bereziki eta, behar bada, aldarrikapen hori ikusgarriagoa izango litzateke beste musika mota bat egingo bagenu baina hala ere, oholtza gainean egoteak badu bere esanahia”.

Ane Galarza zizurkildarra Erein musika taldeko kideetakoa da. Iazko martxoan eskaini zuten lehen kontzertua, eta, geroztik, beste 25 saio inguru eskaini dute. Gustura ari dira musikan, horixe izan baitzen taldearen sorburua, zaletasuna: “Euskal filologia ikasten ari naiz, Gasteizen. Lagun talde polita osatu dugu han eta egun batean, festa giroan genbiltzala, elkarrekin abesten hasi ginen. Denok musikarekiko zaletasuna bagenuela konturatu, eta arratsalde baterako hitzordua jarri genuen. Ederki pasa genuen abesten eta musika tresnak pixka bat astintzen. Bigarren hitzordua jarri…, eta geroztik oso maiz elkartzen hasi ginen”.

 

Taldearen sorrera

Modu naturalean, zaletasunak bultzata hasi ziren Erein taldeko neskak elkartzen. “Musika egiteko elkartu ginen arratsalde horietako batean, taldea sortzeko proposamena egin zuen norbaitek. Izena pentsatu, eta sare sozialetan zabaltzen hasi ginen. Instagramen eta facebooken gure entseguetako bideoak jarri genituen eta jendea gurekin harremanetan jartzen hasi zen berehala, kontzertuak eskatzeko. Kontzertuena, beraz, ez da guk bilatutako zerbait izan, berez etorri zaiguna baizik”, azaldu du Anek.

 

Gozamena

Ikasketek uzten dien heinean, astero elkartzen saiatzen dira, entseguak egiteko eta musikarekin gozatzeko: “Egunerokoaz ahaztu, guretzako tarte bat hartu…, musikak gauza asko eskaintzen digu. Kontzertuak ditugunean, ezinbestekoa da entseguak egitea, noski, baina hortik haratago joatea nahiko genuke. Entseguak ez daitezela egon kontzertuetara lotuta, gure gozamenera baizik. Galdera batzuei erantzuna aurkitzeko baliagarria zaigu musika egiteko elkartzea, baita gure burua hobeto ezagutu eta beste zenbait gauzetaz ahazteko ere”. Tarteka gertatzen zaie, noski, kontzertuaren bezperan presaka elkartu beharra, azken momentuko entsaioa egiteko, baina Anek garbi du hori ez dela Ereinen helburu nagusia. “Hori baino gehiago da guretzat. Askatzeko balio digu, elkartzeko, gozatzeko”.

Iaz, taldekide guztiak Gasteizen bizi ziren. Aurten, egoera aldatu egin da eta taldekideren bat ez da bertan bizi. Horrek entsaioak zaildu ditu. “Bakoitzak beste mila gauza ditu gainera, eta ez zaigu erraza egiten taldekide guztiak elkartzea. Horrez gain, ikasleak gara eta datorren urtean, karrerako hirugarren ikasturtea egitea egokituko zaigu. Taldekide batzuk Erasmus programarekin kanpora joatekoak dira. Oraindik ez dugu pentsatu zer egingo dugun, baina moldatuko dugu zerbait”.


Sorkuntza

Biolina, saxofoia, bi gitarra, txirula irlandarra, perkusio kaxa eta ahotsak; horiexek dira Erein taldearen osagai nagusiak. “Abesti ezagunen bertsioak egiten ditugu. Musika estilo ezberdinak lantzen ditugu eta abesti guztiei gure ukitu pertsonala ematen saiatzen gara beti. Hertzainak taldearen abestiak, Mikel Laboarenak…, denetarik jotzen dugu”. Abestiak aukeratu eta moldatzeko garaian asko ikasi dutela azpimarratu du Anek: “Lau kide gara, eta adostasunak bilatu beharra daude. Asko hitz egiten dugu gure artean”.

 

Bertsoak

Abestiak sortzen ere hasiak dira Erein taldeko kideak. “Batzuek gure doinu eta letra dute, eta beste batzuetan bertso-doinuei hitzak jartzen dizkiegu. Gai orokorra aukeratuta, guztiok zenbait ideia botatzen ditugu, eta taldekide batek landu ohi ditu hitzak. Ondoren, hitz horien inguruko hausnarketa egiten dugu guztion artean, moldaketak eginez”. Bertsozaletasunari lotuta, bertso musikatuekin ematen diote hasiera eta amaiera kontzertu bakoitzari. “Taldekide batek hartzen du ardura hori. Herriari, egunari edota berriki gertutako zerbaiti lotutako bertsoak sortzen ditu; kontzertu bakoitzerako bereziak. Lan handia suposatzen du horrek, baina jendeak eskertu egiten du”, azaldu du Anek.

 

Harrera goxoa

Hogeita bost saio eskaini ondoren, Anek ezingo luke bakar bat aukeratu. “Joan garen toki guztietan harrera ikaragarria egin digute. Toki asko ezagutzeko aukera eman digu, eta ez toki fisikoak bakarrik, baita bertako jendea ere. Kontzertu askoren aurretik edo ondoren, otorduak egin ditugu gonbita luzatu digutenekin. Oso ondo zaindu gaituzte beti eta oso eskertuta gaude”.

Urtebeteko bide laburrean, herri askotako eszenatokietara igo dira Erein taldeko kideak eta harrera horrek, poza eta harridura sortu die taldekideei. “Gure inguruko jendeak ezagutzen gaitu, baina urrutiagoko jendeak ere deitu izan digu kontzertuak emateko. Sare sozialek duten indarraz konturatu gara guzti honekin”. Eskualdeari dagokionez, Zizurkilgo jaietan edota Villabonako Gaztetxean aritu izan da Erein eta Anek oso oroitzapen politak ditu, batean zein bestean. “Zizurkilen, herri bazkariaren ondoren aritu ginen. Lagunak eta jende ezagun asko zegoen eta giro polita sortu zen. Jendea dantzan…, oso pozik geratu nintzen”.

Bazkaloste eta afalosteko saioak dira Erein taldeko kideei gehien gustatzen zaizkienak, sortzen den giroagatik. “Tabernetan ere jo izan dugu, eta oso gustura gainera, baina xarma berezia dute otorduen ondorengo emanaldi horiek”. Hurrengo kontzertua Deuston eskainiko dute, otsailaren 2an eta martxorako ere badute beste zenbait hitzordu aurreikusita.

 

Saxofoilari

Saxofoia, txirula irlandarra eta perkusio kaxa jotzen ditu Anek eta ahotsa ere jartzen du Erein taldean. “Loatzo musika eskolan ikasi nuen saxofoia jotzen. Hamabost urte arte aritu nintzen bertan, eta geroztik, erabat utzita nuen. Erniobea institutuan egin nuen DBH eta musikako ikasgaian, gitarra ikasteko aukera eskaini ziguten. Geroztik, nire kasara jarraitu izan dut gitarrarekin, eta berdin beste zenbait musika tresnekin ere; asko gustatzen zait musika tresnekin saltsan ibiltzea”. Taldea sortu zutenean, gitarra eta ahotsarekin hasi zen Ane, eta pixkanaka, gainerako tresnak gehitzen joan zen. “Saxofoia izan da azkena. Kontzertu baten ondoren, gure atzetik zatorren taldean saxofoilari bat zegoen. Taldekideei gustatu egin zitzaien nola geratzen zen. Ordura arte ez zekiten nik saxofoia jotzen nuenik ere. Hurrengo entsaiora eraman egin nuen, eta gure kantuetan sartu dugu. Egia da ukitu berezia ematen diela kantuei”, dio Anek.

 

Etorkizuna

Etorkizunari begira, emanaldiak eskaintzen jarraitzeko asmoa dute Erein taldeko kideek, “horrelaxe gozatzen dugulako. Ez dugu baztertzen egunen batean zerbait grabatzea ere. Salmentari begira baino gehiago, guretzat gordetzeko aukera izateko”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image