ZIZURKIL 2018-03-23 08:05

Zizurkilgo Gazte eguna, larunbat honetan

Martxoaren 24an, larunbatarekin ospatuko dute aurtengo Gazte eguna. Zazpigarren ediziora iritsi da dagoeneko Txepetxa gazte asanbladak antolatzen duen jaia.

Eskualdeko gazteek ez dute hutsik egiten Zizurkilgo urteroko hitzordura. Udaberri hasieran, egun osoko egitaraua antolatu ohi dute Txepetxa gazte asanbladako gazteek. Zizurkildarrrez gain, Alkiza, Asteasu, Aduna…, inguruko herrietako ehunka gazte gerturatu ohi da Gazte egunaz gozatzera.

Jolasa eta umorea bateratuta, koadrilen arteko erronka ezberdinak egin izan dituzte aurreko urtetan, eta aurten ere, ez da horretarako aukerarik faltako: Patata-tortilla lehiaketa, toka, pala, aulki jokoa…, trebetasun ezberdinak agerian jartzeko aukera izango  dute Zizurkilera hurbiltzen direnek.  Elkarrekin egingo dituzte otorduak eta egunari amaiera ona emateko, Fan&go taldearen erromeria eta Dj Sorpresa-ren saioa izango dituzte aukeran.

 


Egitaraua

Martxoak 24, larunbata

Zizurkil Goia

11:00 Txepetxaren jaitsiera.

Goizean zehar hainbat lehiaketa jarriko da martxan: Patata-tortilla lehiaketa, toka txapelketa edota pala txapelketa. Izen-emateak egunean bertan egingo dira eta horren arabera antolatuko dituzte ekintzak.

12:30 Tortilla dastaketa eta sari-banaketa. Dastaketarako, Zabala sagardotegiko sagardoa txotxetik edateko aukera eskainiko dute. Edalontzia, euro batean eskuratu ahal izango dute gazteek.  Ondoren, taldeko argazkia aterako dute.

14:00 Gazte bazkaria zimiterioan. Izena aldez aurretik eman beharko da. Helduek 20 euro ordaindu beharko dute eta 18 urtetik beherakoek, 15 euro.

Bazkalostean, bingoa eta soka apustua. Egun horretan erakusgai jarritako sokak zenbat metro dituen asmatu beharko dute.

17:30 Koadrilen arteko jolasak: Aulki jokoa, mimika eta kaxen proba (Kaxetan zer dagoen asmatu beharko dute, begiak estalita).

20:30 Xolomo afaria. Zentro tabernaren kanpoaldean elkartuko dira koadrilak afaltzeko. Bokatak, 4 euro.

21:30 Fan&Go taldearen emanaldia Zimiterioan. DJ Sorpresa Zentroan.

Egunean zehar egindako jolasetan, koadrilek puntuaketa ezberdina jasoko dute. Egunaren amaieran, koadrila garailea zein izan den jakinaraziko dute.

Iruzkina Idatzi

Captcha image