ZIZURKIL 2018-06-11 08:10

Danena elkartea, indar betean

Futbol, txirrindularitza eta atletismo sailak ditu Zizurkilgo Danena elkarteak. Biziberrituta ageri da, ekimen ezberdinak antolatzen eta kirola sustatzen.

Josu Sarasola​ Danena elkarteko lehendakaria da

Harmailak

Aurrera doa Danena futbol zelaiari harmailak jartzeko prozesua. “Badakigu egiteko borondate osoa duela Udalak, eta tramite burokratiko guztiak betetzen ari direla. Danena zelaiak, guztiz borobiltzeko, harmailak behar ditu, baina orain ez da urduritzeko garaia. Egitea da garrantzitsuena. Udaleko aurrekontuetan sartuta dago, beraz, lehenago edo beranduago iritsiko da”, azpimarratu du Josuk.

Danena elkarteko zuzendaritza taldean kide berriak ari dira lanean otsailaz geroztik. Josu Sarasola da lehendakaria eta hark eman ditu azalpenak: “Aurreko zuzendaritza taldean, hamaika kidetik hiru bakarrik ziren zizurkildarrak. Taldeko haur eta gazteen gurasoak ginen denok, baina herritarrek presentzia gehiago izan behar zutela pentsatu genuen. Orekatuagoa da zuzendaritza berria. Horrez gain, elkarteko hiru sekzioek zuzendaritza nagusian presentzia izatea nahi genuen, eta hori ere lortu dugu. Futbol, txirrindularitza eta atletismo sailek ordezkaria dute zuzendaritzan. Bakoitzak bere martxa daraman arren, elkarren berri izateko modu egokia da”.  

Kirol denboraldia

Denboraldi borobila gauzatu du Danena futbol taldeak. Denboraldi hasieran jarritako kirol helburu guztiak bete dituzte: “Kadete, jubenil eta helduen mailako lehen hiru taldeak igoera mailan izatea nahi genuen, eta lortu dugu. Kadeteek ohorezko mailarako igoera lortu dute eta erregionalei puntu bakarra falta izan zaie. Borroka horretan egotea, ez da gutxi, noski”. Igoera lortu duten kadeteen taldeko kideak, futbol eskolan sartutako lehen belaunaldikoak dira eta “horrek poz bikoitza ematen digu. Kategoria guztietatik pasa dira jokalariak, eta euren familiak hemen ikusi ditugu bost-sei urtez”.

Infantil txikiek ere ohorezko mailan izatea lortu dute hirugarren urtez, eta alebinak txapeldunak izan dira euren kategorian. “Hobekuntza kategorian ari ziren eta duela hiru aste, Zizurkilen jokatutako finalean, txapeldunak izatea lortu zuten”. Nesken infantil taldearen sorrera ere azpimarratu nahi izan du Josu Sarasolak: “Oso gustura ibili dira. Haietako askorentzat lehen kontaktua zen futbolarekin, eta baita kirolarekin ere. Gehienek jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute, eta oso pozik gaude”. Azpeitia Cup txapelketan jokatuko dute laster, izen handiko taldeen aurka eta Donostia Cupen ere arituko dira.

Jarraipena

Kirol helburuak bete dituzte, baina harro egoteko beste arrazoi bat ere azpimarratu du Josuk: “Danenan ari diren jokalarien gehiengoak jarraitu egiten du. B eta C taldeetan ari direnek ere, eutsi egiten diote eta hori gauzak ondo egiten ari garenaren seinale dela iruditzen zaigu”.

2010eko haurrei Danenara gerturatzeko deia luzatu nahi die Josu Sarasolak: “Momentuz hamar bat ume gerturatu zaigu, aurreko urteetan baino gutxixeago. Umeren bat animatuko balitz, ongi-etorria izango litzateke”. Beste dei berezi bat ere luzatu du Josuk: “Infantil mailako neskak kadete izatera pasako dira datorren denboraldian. Nesken futbola sustatzeko apustu horretan, infantil mailako nesken talde berria sortu nahi dugu. 2005 eta 2006 urteetan jaiotako neskei luzatuko diegu gurera gerturatzeko deia, nesken futbolari jarraipena emateko”.

Alebinen txapelketa

Ekitaldi ezberdinak hartuko ditu, datozen asteetan, Danena futbol zelaiak. Ekainaren 16 eta 17ko asteburuan, txapelketa berezia antolatuko du elkarteak. 2006an jaiotako alebin mailako jokalariei zuzendutako txapelketa da. “Alebin mailan, futbol 8ra jokatzen dute, zelai erdian; datorren urtean futbol 11ra jokatzea tokatzen zaie, zelai osoan. Jokamolde berri horretara ohitzen joateko egokia da Danenak antolatzen duen txapelketa. Jokalariei ilusio berezia egiten die, gainera”. Duela hiru urte abiarazitako txapelketa indarra hartzen ari da. 10 talde gerturatuko dira aurtengo ediziora eta futbol giroko asteburu bete-betea izango da. “Larunbatean egun osoan izango dira partidak, eta igande goizean, finalerdiak eta finalak jokatuko dira”, azaldu du Josuk.

Uztailean, Donosti Cup

Azken urteetan bezala, Donosti Cup txapelketa entzutetsuko hainbat partida hartuko ditu Danena futbol zelaiak. Uztailaren 2an hasten da txapelketa, eta uztailaren 5a arte izango dira ikusgai partidak. “Oraindik ez dakigu zein talde etorriko den, baina badakigu txapelketako zenbait partida hartuko ditugula. Oso giro polita sortzen da txapelketaren inguruan”.

Danenako 10 talde arituko da lehian Donosti Cup-en. Ohiko denboraldia amaituta badago ere, beraz, entrenamenduak egiten jarraitzen dute zenbait taldek: “Txapelketan parte hartzen ez dutenek amaitu dituzte entrenamenduak, baina gainerakoak, hemen aritzen dira buru-belarri”.

Gaztañaga Futbol Kanpusa

Ekainaren 25etik 29ra ospatuko dute Gaztañaga futbol kanpusa. Iaz egin zuten lehendabiziko edizioa eta oso arrakastatsua izan zen. “Gaztañaga ikaragarri inplikatu zen ekimen horretan. Egunero-egunero hutsik egin gabe etorri zen zelaira; bera zen iristen lehendabizikoa eta saioa amaitu arte ez zen joaten. Umeek asko gozatu zuten, lehenengo mailako jokalari bat eurekin entrenatzen ikusita, eta azken egunean Agirretxe eta Bergara ere ekarri zituen. Aurten, Tarragonako Nastic-en jokatzen du Jonek, eta ez genekien kanpusa antolatzeko aukerarik izango ote zuen. Ahalegin berezia egingo du, eta hemen izango da”, azaldu du Josuk.

Etorkizuna

Etorkizunari begira jarrita daude Danena taldeko kideak, eta hainbat ekimen antolatzeko gogoz. “Bi erronka eta helburu ditugu: euskara sustatzea eta emakumeen kirolaren alde lan egitea”.

Txirrindularitza

Danena Txirrindularitza taldea handitzen ari da. Zazpi umerekin hasi ziren, eta kopurua bikoiztu egin da. “Batzuei ezezkoa eman beharrean ere izan zen taldeko arduraduna. Izan ere, taldea asko hazten bada, azpiegitura gehiago eskatzen ditu, eta indarrak neurtu beharra dago. Gauzak oso ondo egiten ari dira eta haurrek jarraitzeko gogoa erakusten dute. Hasiera oso polita izan du taldeak, eta horrela jarrai dezala”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image