ZIZURKIL 2018-07-20 08:19

Jose Arana Irastorzaren omenez

Zizurkilgo frontean hildako lehen gudariari omenaldia egin berri diote, Polloeko hilerrian. Jose Arana Irastorza, EAE-ANVko lehen gudari hila izan zen.

Jose Arana Irastorzaren omenez

Familiarekin harremana

Karlos Almorza billabonatarrak egin zuen harremana Arana-
Irastorza sendiarekin. “Osaba zenaren arreba gazteenaren telefono zenbakia aurkitu zuen gidan. Lehengusu batekin hitz egin zuen lehendabizi eta hark, niregana bideratu zuen. Etxera etorri zen, eta oso prozesu polita zabaldu zen. Zizurkilen omenaldi ekitaldia ere egin zioten duela bi urte, eta han sortu zen Polloen plaka jartzeko ideia”, azaldu du Jose Aranak. Karlos Almorzak azaldu duenez, Josetxo Aranak etxeko ateak zabaldu zizkionean, hitz hauekin agurtu zuen: “Urte asko daramagu zuen zain”.

Aranzadi Zientzia elkartearen eskuetan utzi ditu familiak Jose Arana Irastorzaren inguruko hainbat dokumentu. “Hilkutxan sartuta zegoela, gudariak guardia egiten ari zitzaieneko argazkia, osaba hil zela jakinarazteko jaso zuten gutuna…, gauza asko zituen amonak gordeta, urrebitxia balitz bezala, eta hori guztia Aranzadiren esku uztea erabaki zuen familiak”, azpimarratu du Jose Aranak.

Zizurkil, Aduna, Asteasu eta Donostiako Udaletako ordezkariak, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, eta Jose Arana gudariaren ondorengoak elkartu ziren Polloeko hilerrian egindako ekitaldian. Omenaldi ekitaldi polita izan zen, hunkigarria.

1936ko irailaren 17an hil zuten Jose Arana Irastorza, EAE-ANVko gudaria. Hogeita bat urte zituen gudari gazteak, eta Zarateko Bentako frontean zebilen. Donostiarra zen izatez, Arrasate eta Lasartekoak zituen gurasoak. Gutun bidez jakin zuten gurasoek semea frontean hil zutela. Amak, Dolores Irastorzak, txukun gordeta mantendu zuen gutun hura, baita semearen hilkutxaren gainean jarritako lore sortak biltzeko erabili zituzten zintak ere. Bihotzean eraman zuen semearen oroitzapena.

Gudariaren iloba

Uztailaren 10eko ekitaldia, xumea bezain hunkigarria izan zen bertaratu zirenentzat. Bereziki hunkituta zegoen Josetxo Arana, izen bereko gudariaren iloba. Udal ordezkarien eskutik lore sorta jaso zuen Josetxok, eta panteoiaren gainean jarri zuen jarraian: “Eskerrik asko Zizurkilgo Udalari, Aranzadi zientzia elkarteari eta bereziki Karlos Almorzari. Bera bezalako asko behar ditugu”.

Egun handia izan zen Arana-Irastorza sendiarentzat. “Zoritxarrez, ez nuen osaba ezagutu, eta etxean ere ez genuen bere inguruan gehiegi hitz egiten. Amonari min ikaragarria eragiten zion semearen heriotzak, noski, eta oso gutxitan hitz egiten zuen bere inguruan. Horrelakoetan, adi-adi entzuten nuen. Oso gauza onak entzun izan ditut beti osabaren inguruan”, azaldu zuen Aranak. Hain zen handia amak semearekiko zuen maitasuna, “hezurrak hilobi batetik bestera eraman zituzten batean, semearen bi hezur etxeratu zituen, bere ondoan edukitzeko. Amona hil zen arte inork ez zuen horren berri etxean”.

Arrasatetik Donostiara

Azpeitian egin zizkioten hileta elizkizunak gudariari eta ondoren, izkutuan eraman zuten gorpua bere aitaren jaioterrira, Arrasatera. Bertan hilobiratu zuten. Urte gutxira, ordea, hilobia hustutzeko agindua jaso zuten. Arrasateko familia baten laguntza jaso zuten orduan. “Maritxu Etxeberria izeneko emakume baten laguna egin zen amona, semearen hilobira egindako bisitaldi batean. Senarra fusilatu zioten Maritxuri, eta laguntza handia eman zion gure amonari. Osabaren gorpua ateratzeko agindua iritsi zenean, euren hilobiko txoko bat utzi zioten amonari. Oraindik ere harremana dugu familia horrekin”, azaldu du Josetxok. Amak, ordea, semea bere ondoan egon zedin nahi izan zuen beti, eta duela 57 urte, Donostiako Polloen familiak duen panteoira ekarri zituzten gorpuzkinak. Modu klandestinoan egin zuten bidaia hori ere, Franco bizirik baitzen artean. “Gure amonak oso garbi zuen bere seme-alabak ondoan nahi zituela; osaba hil eta Arrasatera eraman zutenean ere, bazekien egunen batean hortik aterako zutela. Gurutzearen atzean geratzen zen tarte batean prestatu arazi zuen osabaren gorputza gordetzeko tokia, noizbait atera eta eramateko lanak errazte aldera”.

Ama hil ondoren ekarri zituzten gudariaren gorpuzkinak Donostiara. “Bere nahia zen, baina ez zuen ikusteko aukerarik izan, lehenago hil zelako. Pena ikaragarria ematen dit horrek, azpimarratu zuen”. Hunkituta aipatu zuen amona pozarren egongo litzatekeela osabari egindako aitortza ikusteko aukera izan balu.

Zorte txarra

Gerra aurretik, Donostiako Tabakaleran lan egiten zuen Jose Arana Irastorza gudariak. “Futbolaria ere bazen. Gaur egun Sanse izenez ezagutzen dugun taldeko jokalaria zen eta oso ona izan behar zuen gainera. EAE-ANVko gudaria zen, eta zorte txarra izan zuen frontean. Zarateko Bentan zegoen eta 1936ko irailaren 17an guardia egitea egokitu zitzaion. Gauez, zigarroa piztu zuen eta, iluntasunean, zigarroaren argiak salatu zuen. Buruan tirokatu zuten osaba”. Josetxok eta euren familiak ez dute ezagutzen Zarateko Benta, “baina gustatuko litzaidake bertaratzea. Egunen batean joaten banaiz hunkitu egingo naiz ziurrenik. Bestalde, badakit zenbait urte daramatela inguru haietan indusketa lanak egiten, eta balazorroak agertzen direla. Baliteke nire osaba hil zuen balaren zorroa oraindik ere inguru haietan egotea”, azaldu du hunkituta.

Gudarien omenez


Josetxo Arana, gudariaren iloba, Maite Amenabar Zizurkilgo zinegotzia, Donostiako Juan Ramón Viles Mitxelena, Josu Amilibia Adunako alkatea eta Pili Legarra, Asteasukoa.

Zizurkilgo Udalaren ekimenez egin zuten ekitaldia Arana-Irastorza familiaren panteoian. Plaka bat bistarazi zuten: “Gerra Zibilean borrokan hil zen EAE-ANVko lehenengo gudaria. Eusko Indarra konpainiarekin Euskal Herria defendatzen ari zela hil zuten Zizurkilgo Zarate Bentan 1936ko irailaren 17an. Agur eta Ohore Eusko Gudariei!”. Udal ordezkarien hitzek eman zioten hasiera ekitaldiari, eta gudariari eskainitako agurra ere dantzatu zuten. Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak azpimarratu zuenez, “gure nahia zen Zizurkilen hildako lehen gudariari aitortza egitea. Nahia baino gehiago, gure betebeharra ere bazela esango nuke”. Joxe Mari Luengorekin batera zeuden Adunako alkatea, Josu Amilibia eta Asteasuko alkatea, Pili Legarra. Hiru Udalok, urte asko daramate memoria historioaren inguruko lanketa egiten, Arantzadi Zientzia elkarteko kideekin batera. Auzolandegiak antolatzen dituzte udan, Aiztondoko mendietan eratu zen defentsa sistema ikertzeko. Larraulgo Udala ere batu zaie aurten eta bertan ari dira ikerketa lanetan. Auzolanean parte hartzen ari diren gazteak Polloeko ekitaldira gerturatu ziren.

Iruzkina Idatzi

Captcha image