ZIZURKIL 2018-08-13 08:52

“Jaietako lehen eguna izanda, gogotsu egoten gara herri afarian”

Jai Batzordeko kide dira Judith Perez Kortajarena eta Xabier Pellejero. Aurtengo Amabirjin jaiek ekarriko dutena azaldu dute.

Elkarrizketa eta egitaraua:

Xabier Pellejero eta Judith Perez Kortajarena

Zizurkilgo jaiak, Andramariak 2018

Abuztuak 14, asteartea

06:30 Oilasko biltzearen hasiera. 10:00 Mural margoketa parkean.
14:00 Suziria. Xabier Pellejeroren eskutik Iriarte Etxeko balkoian. Oilasko biltzaileen dantzaldia.
18:00 Bike Show Trial bizikleten erakustaldia.
20:00 Argazki zaharren erakusketaren inaugurazioan.
21:00 Herri afaria plazan.
Ondoren, Iratzar dantza taldea.

 

Abuztuak 15, asteazkena (Amabirjin eguna)

11:00-14:00 / 16:30-20:30 Zizurkilgo argazki zaharren erakusketa.
11:00 Meza Nagusia. Ondoren, jubilatuen hamaiketakoa.
12:30 Txan magoa plazan.
17:30 XIV. Trikitixa txapelketa.
19:00 Falcons de Vilafrancaik datozen giza-dorreen ikuskizuna.
23:00 Bertsolarien saio nagusia.
Ondoren, Obaneuke taldea.

 

Abuztuak 16, osteguna (Amabirjin bigarrena)

12:30 Herri kirol erakustaldia.
17:30 Ziba topaketa frontoian.
18:30 Ping-pong txapelketa haur eta gaztetxoentzat.
18:00 Idi probak Plazaberrin.
Ondoren, sagardo dastaketa plazan, Izer eta Alabier trikitilariekin.
22:30 Zimiterioko XVI. pilota txapelketako finalak. “Malli memoriala”. Ondoren, Izer eta Alabier trikitilariak.

 

Abuztuak 17, ostirala

12:00 Haurrentzako jolasak herriko gazteen eskutik.
18:00 Herritarren arteko herri kirolak. Ondoren, Zizurkil eta Añorgako Erraldoi eta buruhandien kalejira herrigunean zehar.
23:00 Zezen-suzkoa.
23:30 Eñaut Elorrietaren kontzertua Intxaur frontoian. Ondoren eta goizaldera arte, FAN&GO.

 

Abuztuaren 18, larunbata Umeen eguna

12:00 Krosa. Izen-ematea: 11:45
12:30 Buruhandiak. Jolasak.
14:00 Bazkaria umeentzat.
15:30-19:30 Puzgarriak, kart pista eta  jolasak.
16:00 XXIX. Mus Txapelketa.
18:30 Errebal taldearekin dantzaldi gidatua.

 

Mozorro gaua

Gai librea (2 Sari)
21:00 Oilasko afaria.
Ondoren, Trakets taldearekin gau pasa.

Bost egunetako egitarau oparoa prestatu duzue aurtengorako…

Judith Perez: Bai, denetarik izango dugu. Aurten berrikuntza txiki batzuk izango dira; ostegunean, esaterako, ziba erakustaldia eta ping-pong txapelketak egingo dira. Herritarren arteko herrikirol saioa ere berezia izango da aurtengoan. Gazteak beteranoen aurka lehiatuko dira eta giro polita sortuko dela espero dugu. Eguraldi ona edo txarra izan, Lartingo belazean egingo dugu saioa. Izan ere, pilotalekuan Eñaut Elorrietaren kontzertua izango da gauean, eta ezingo dugu pilotalekua erabili. Gustura gaude beteranoak parte hartzera animatuko direlako.

Xabier, zuri jaien hasierako protagonista izatea egokituko zaizu aurten…

Xabier Pellejero: Bai, martxoko Txapela egunean txapela jasotzen duenak izaten du jaien hasierako txupinazoa botatzeko ardura, eta aurten niri egokituko zait. Jai Batzordean aritzen naiz, eta erretiratu baino lehen txapela ematea erabaki zuten. Poz handia izan zen niretzat, eta txupinazoa ere gustura botako dut. Urtero egiten ditut txupinazoaren aurreko prestaketa lanak eta aurten ere neronek egingo ditut. Orain lasai nago, baina ez dakit zer sentituko dudan txupinazoko momentu horretan.

Zein izaten da zuentzat jaietako egunik onena?

J.P.: Niretzat, zalantzarik gabe, lehendabiziko eguna izaten da onena. Goizean goiz abiatzen gara baserriz baserri eta elkarrekin bazkaldu ondoren, arratsaldera arte luzatzen dugu jai giroa. Herri afaria ere lehen egunean izaten da eta jende asko bildu ohi da plazan. Jaietako lehen eguna izanda, gogotsu egoten gara, eta oso giro polita sortzen da. Horrez gain, abuztuaren 16ko arratsaldea ere oso gustuko dut; idi-frogak, sagardo dastaketa…, egun horretan ere saltsa polita egoten da plazan. Aurten, gau horretan atsedenerako tartea jartzea erabaki dugu. Zimiterioko txapelketa amaituta, trikitixa pixka bat egongo da, baina garaiz amaituko da. Bost egunez luzatuko dira jaiak, eta ondo etorriko zaigu tartean atseden pixka bat hartzea.

X.P.: Nik ez nuke egun bakarra nabarmenduko, guztiak dira politak. Gaueko parrandatik erretiratu xamar nago, baino egunez egiten diren ekitaldi gehientxuenetan azaltzen naiz. Abuztuaren 15eko arratsaldea, esaterako, oso polita izango da. Trikitilariak, giza-dorreak, eta gauean, bertsolariak; egitarau bete-betea geratu da. Abuztuaren 16an bestalde, idi demak egingo ditugu, ohiturari eutsiz. Iaz igandearekin egin genituen, festak abuztuaren 15ean amaitu zirelako. Aurten berriz, ohiko egitura berreskuratzea erabaki dugu. Zizurkilen indar handia izan du beti Amabirjin bigarrenak, eta aurten berriz ere izango dugu egun hori gozatzeko aukera.

Mozorro gaua egiten duzue jaietako azken egunean…

J.P.: Bai, urte batzuk dira hala egiten dugula. Giro ederra sortzen da azken gauean ere. Aurten, egunen eguna izango da jaietako azkena, eta baliteke haurrak ere mozorrotzea.

X.P.: Beste klasiko bat ere izango dugu azken gauean: Trakets taldearen emanaldia. Urte asko daramate Zizurkilgo jaietara etortzen, esan daiteke gure egitarauko ekitaldi finkoa direla

Zein mezu zabalduko zenukete?

J.P.: Etortzeko Zizurkilgo jaietara. Giro ederra izaten dela.

X.P.: Eguneko edozein momentutan etorrita ere, zerbait topatuko dute herrian, eta gerturatzeko deia zabaldu nahi dugu. Saltsa polita egoten da, eta herritarrentzat behintzat, oso egun ederrak izaten dira.

Iruzkina Idatzi

Captcha image