ZIZURKIL 2018-12-16 10:39

Kirola nagusi atzo Zizurkilen

Kirol Astean murgilduta daude zizurkildarrak. Atzo, egun osoko egitarauaz gozatu zuten. Goizean, kirol eta jolas ezberdinetan aritu ziren gaztetxoenak, Intxaur pilotalekuan. Arratsaldean, pedaldun ibilgailu ezberdinak eta rokodromoa zituzten zain Elbarrenako plazan eta gauean, Zizurkilgo kaleak jendez bete ziren gau krosarekin gozatzeko. 

Kirola nagusi atzo Zizurkilen

Parte hartze handia izan zuten atzoko ekitaldiek. Goizean, hamarnaka haur elkartu zen Intxaur pilotalekuan, jolas eta kirol ezberdinekin gozatzeko. Taldetan banatuta, jolasean aritu ziren eguerdira bitarte. Hamaiketakoarekin indarrak bildu eta oparitxoa ere jaso zuten gainera. 

Arratsaldean, pedaldun ibilgailu ezberdinekin ibiltzeko aukera izan zute gaztetxoek, Elbarrenako plazan prestatutako zirkuituan barrena. Gozatua hartu zuen batek baino gehiagok. Plazako estalpearen ondoan, bestalde, rokodromoa prestatu zuten. Arnesa jarrita, gustura ibili ziren paretean gora. 

22:00etan, korrikalariz bete ziren herriko kaleak. Eguraldia lagun, espaloietan jendetza handia bildu zen. Haur eta gaztetxoek ekin zioten korrikari lehendabizi, adinka antolatutako taldetan. 22:30etan ekin zioten lasterketari helduen mailakoek. Lasterketa berezia da gau krosa, eta korrikalari asko bildu zen bertara. Maila handiko kirolarien jarduna ikusteko aukera izan zuten lasterketa ikustera hurbildu zirenek. Emakumeen mailan, Aitana Gil izan zen garaile. Lehendabiziko aldia zuen Zizurkilen, eta nahiko erraz etxeratu zuen txapela. Gizonezkoen mailan, Iraitz Arrospide billabonatarra izan zen garaile argia. 

Sari banaketa ekitaldiaren aurretik, bestalde, omenaldia egin zioten Joxe Ramon Galarragari. Danena kirol elkartean korrika egindakoa da Joxe Ramon, eta Zizurkil herriaren izena hainbat lasterketatan barrena zabaltzea eskertu zioten. 

Iruzkina Idatzi

Captcha image