ZIZURKIL 2018-12-18 14:15

"Hamaika hitz irudidun" liburua aurkeztu dute Plazida Otañon

82 ilustrazio eta 82 hitz biltzen dira "Hamaika hitz irudidun" izeneko hiztegi liburuan. Herriko hiru ikastetxeek eta Plazida Otaño liburutegiak elkarlanean osatu dute hiztegi liburua. Ilustratzaileen lana azpimarratu nahi izan dute liburuan, eta ilustrazio bakoitzari burura etorri zaien hitz bat ipini diote ikasleek. Liburuaren astearen baitan egin da aurkezpena.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Arantxa Zabala eta Maialen Zazpe "Hamaika hitz irudidun" liburuaren aurkezpenean.

Euskaraldia amaitu bada ere, ekimen horretarako pentsaturik egin da "Hamaika hitz irudidun" izeneko liburua. Ideia "Mis primeras 80.000 palabras" liburutik hartu zuten Plazida Otaño liburutegiko liburuzainek, eta ondoren proposamena luzatu zieten Pedro Mari Otaño eskolako, San Millan ikastetxeko eta Zubimusu ikastolako ordezkariei. Atik Zrainoko 82 hitz bilatu dituzte ikastetxe horietako ikasleek 82 ilustraziorentzat. Orrialde bakoitzean ilustrazioa, horri loturiko hitza, azalpena eta ilustratzailearen izena eta abizena ageri dira.

Prozesua
Plazido Otaño liburutegia Euskal Irudigileen Elkartearekin harremanetan jarri eta euskal irudigileen zerrenda atera zuen. Ondoren, ikastetxe bakoitzak gustukoen zituen ilustratzaileak aukeratu eta ilustrazioak bilatzeari ekin zion, norberak bere liburutegian zituen liburuetatik.

Pedro Mari Otaño eskolaren kasuan, 5 urtetik Lehen Hezkuntzako bigarren mailara arteko ikasleek hartu dute parte, eta ilustrazioei Ntik Zra bitarteko hitzak bilatzea izan da beren lana. Bertako liburuzaina den Maialen Zazpek adierazi duenez, "aberatsa izan da irudi batek zenbat eman dezakeen ikasleek ere ikustea eta beraien hitzekin adierazten jakita". Zailtasunik handiena ilustrazioei ipini beharreko hitza Ntik Zra bitarteko hizkiekin hastea izan dela gehitu du Zazpek.

Guztira 4 ale kaleratu dira. Ikastetxe bakoitzak ale bat edukiko du bere ikastetxean eta falta dena Plazido Otaño liburutegian egongo da kontsultagarri nahi duenarentzat.

Idazleak ospea, ilustratzaileak itzalean
Arantxa Zabala Plazida Otaño liburutegiko liburuzainak ilustratzaileen lana azpimarratu nahi izan du: "Askotan idazleek lortzen dute ospea eta ez horrenbeste irudigileek". Liburuzainentzako eta umeen heziketan lan egiten duten pertsonentzako irudigileen lanak zoragarriak eta garrantzitsuak direla gehitu du Zabalak.

Liburuaren azaleko irudia Maria Altuna zizurkildarrak egin du.


Liburuaren astea

Abenduaren 18tik 22ra bitartean liburuen unibertsoan murgiltzeko aukera ederra izango da Zizurkilen. Hauxe egitaraua:

  • Abenduak 18, asteartea: Ipuin kontaketa 4 urtetik gorako haurrentzat Pello Añorgaen eskutik. Plazida Otaño liburutegian izango da, 17:30ean.
  • Abenduak 19, asteazkena: Gabonetako apaingarrien tailerra, 17:30ean.
  • Abenduak 20, osteguna: Ipuin kontaketa 4 urtetik gorako haurrentzat Maite Francoren eskutik. Iriarten izango da 17:30ean.
  • Abenduak 21, ostirala: Teodoro Hernandorena XVII. Ipuin lehiaketa eta Plazida Otaño II. Booktrailer lehiaketako sari banaketa. Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean izango da 17:30ean.
  • Abenduak 22, larunbata: Ipuinen unibertsoa familian, Ombu guraso elkartearen eskurik. Plazida Otaño liburutegian izango da 11:30ean.

Iruzkina Idatzi

Captcha image