ZIZURKIL 2018-12-27 11:45

Jaiotza biziduna ikusgai

Zizurkilgo Elbarrena auzoan, Arantzazuko Amaren elizan, jaiotza ikusgarria ipini du Luis Ugarte herritarrak. Aspaldiko haiek bezala, mugimenduz beteriko jaiotza eskaintzen die bisitariei. Urtez urte, gainera, elementu berriekin osatzen ari da.

Jaiotza biziduna ikusgai

Jesus jaio zeneko Belengo estalpea eta herrixka irudikatu ditu, mugimendu artikulatuaz baliatuta. Egurrezko hainbat pertsonaia ikus daitezke, beste hainbeste ofiziotan lanean: Segan, arropa garbitzen, meta egiten, behia jezten... Inguruko herrietatik bisitaldian joateko plan polita dago Elbarrena auzoan. 

Luis Ugarte da jaiotzaren sortzailea, zaintzailea eta erakuslea. Nondik datorkio afizioa? Erretiroa hartuta dago, aurrezki kutxan lanean aritu eta gero. Duela 25 urte, lantokiko erakusleihoan lekua zutela ikusirik, garai bateko ofizioak erakusten zituzten figurak sortzeari ekin zion. Eta horrela, urtez urte, jaiotza dotorea osatzera iritsi da. Jaiotza horretan erraz identifika daitezke Belengo estalpeko protagonistak. Baina horiek bezainbesteko garrantzia dute alboko elementuek. Kuttunik ba ote duen galdetuta, hauxe Ugarteren erantzuna: “Niri gehien gustatzen zaidana errota da. Garai bateko errotaren detaile guztiak ikus daitezke bertan. Meta egiten ari dena ere oso polita da. Lehen, emakumeak laguntzen zuen behetik belarra botaz. Eta gizonezkoak goian egiten zuen meta. Hori gaur egun ez dugu ikusten”. 

Jaiotza, oraindik gogoan dauden ohituren erakusleiho bihurtu da.

Urtarrilaren 6ra bitarte zabalik

Errege egunera bitarte egongo da zabalik. Meza orduen buelta horretan, aurretik eta ondoren zabalik izango da. Gainerakoan, bereziki kanpotik doazenentzat  aholkua: Joan aurretik telefonoz deitu beharra dago. Luisekin harremanetan jarriz gero noiznahi ikus daiteke mugimendudun jaiotza. Interesa duen edonori erakusteko prest dago. Horretarako, berarekin harremanetan jartzea nahikoa izango da 943 69 11 64 telefono zenbakira deituta.

Benetako baratzea eta sagarrondoa

Jaiotza ikusgarria da, hainbeste, bertan ikus daitezkeen baratzea eta sagarrondoak benetakoak direla! Jaiotza, beraz, biziduna da: "Baratzea eta sagarrondoak benetazkoak dira, bai. Jende askok begiratzen du jai egun batetik bestera baratzuriak zenbat hazi diren. Iaz tortillan eginda jan genituen. Sagarrondoak ere benetakoak dira. Añorgan bada sagar ekoizpenera bideratutako baserri bat eta sagarrak hobeto polinizatzeko, sagar txiki lore asko ematen dituen sagarrondoak dituzte. Bertatik ekartzen ditut”.

Esan bezala, Luis jendeari bere jaiotza erakusteko prest dago: "Garai batekoak zirenak eta gaur ikusten ez diren ofizio zaharrak ikus daitezke, eta hori da jaiotzaren bidez erakutsi nahi dudana. Baserri giroa gustuko duen orori edota ezagutu nahi duen orori luzatuko nioke hona hurbiltzeko gonbitea. Ez baita jaiotza ikustea soilik, jaiotzarekin batera, Euskal Herria ikusten baita”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image