Korrika 2019

Korrika eguna Adunan

Aiurri 2019ko api. 8a, 11:46

Korrika eguna ospatu zuten Adunan apirilaren 7an. Eguraldi bustia izan bazuten ere, festarako gogoari eutsi zioten adunarrek. Pintxo lehiaketarekin jarri zuten martxan egitaraua eta trikiti doinuek alaitu zuten eguerdia bitarteko tartea. Herri argazkia egin ondoren, kalejiran abiatu ziren sagardotegira, festari jarraipena emateko.

Hemeretzi pintxo aurkeztu ziren lehiara. Argi geratu zen adunarrek badutela abilezia sukaldean, izan ere, epaimahaiko kideek pintxoen maila handia nabarmendu baitzuten. Udaletxeko arkupetan aritu zen lanean epaimahaia eta herrikideak, pilotalekuako aterpean edota plazako kioskoan babestu ziren euritik. Giro ederrean joan zen goiza, trikiti doinuen laguntzaz. Eguerdian banatu zituzten txapelketako sariak. Joseba Aburuza izan zen pintxorik onena aurkeztu zuena eta Javi Gozalo bigarren saritua. Bi opariren zozketa ere egin zuten ekitaldi berean.

Ondoren, Korrikaren aldeko taldeko argazki handia ateratzeko elkartu ziren herritarrak plazan. Trikiti doinuen laguntzaz abiatu ziren guztiak sagardotegi aldera. Jaiak ez zuen etenik izan eta erromeriarekin, dantzan amaitu zuten Korrika eguna. Egun gutxi barru, apirilaren 13ko goizaldean, Korrika egiteko aukera izango dute herritarrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!