Aitor Zabala adunarrak eta Andoni Gaskue larraintzarrak Antiguako pilota txapelketa entzutetsua irabazi dute

Aiurri 2019ko abu. 31a, 15:06

Zabala eta Gaskue gailendu dira De la Fuente-Gamboa bikotearen aurka, 22-18.

Hiru partida jokatu dira Antiguoko pilotalekuan. Lehen partida, Leire Garaia eta Miren Larrarteren artekoa izan da; 8-18 irabazi du Larrartek. Bi pilotariak oso parekatuta hasi dira, baina tanto batzuen ondoren, Larrartek aurre hartu dio aurkariari eta honek ezin izan dio markagailuari buelta eman.

Bigarren partida promesa mailakoa izan da, Zabala-Gaskue eta De la Fuente-Gamboaren artekoa hain zuzen ere. Bikoteek partida bizia, parekatua eta oso interesgarria jokatu dute, baina Adunarrak eta Larraintzarrak lortu dute garaipena 22-18. Maila izugarria erakutse dute lau pilotariek, urdin edo gorri ez zegoen batere garbi garaileak zein izango ziren. Partiduan mota guztietako tantoez gozatzeko aukera eduki dute ikusleek, hala nola erreboteak, dejadak, airezkoak etab. 

Azken partida eta hirugarrena nagusien mailakoa izan da. Salaberria-Alduntzin eta Ioritz Egiguren-Mariezkurrena I bikoteek jokatu dute. 22-10 amaitu da partida, eta alde handiagatik irabazi duten arren, tanto asko borrokatuak eta luzeak izan dira. Hau ere, norgehiagoka bizia eta maila oso altukoa izan da. Ikusleek maila ezberdinetako partidez gozatzeko aukera eduki dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!