Adunako Kultur Astea 2019

Hasi da kultur astea Adunan

Aiurri 2019ko aza. 12a, 14:02

Gaur hitzaldia Juan Jose Ibarretxek, Agirre Lehendakari Center-eko zuzendariak, eskainiko du "Kultura gakoa" izenburupean. Adunako elizan izango da, 19:00etan.

Atzo iluntzean hasi zen kultur astea Adunan eta lehen gonbidatuak Edurne Pasaban eta Felipe Uriarte mendizaleak izan ziren. Elizan eskaini zuten "40/10: Herri baten mendi taupadak" izeneko solasaldia. Aurkezle lanak Ramon Olasagasti kazetariak burutu zituen.

Adunako kultur teknikari den Dani Arizalak azaldu zuenez, "2020ko maiatzean 10 urte beteko dira Pasabanek azkeneko hamalau zortzimilakoa igo zuela. Urte berean eta hile berean, 40 urte beteko dira euskaldun batek Everesteko gailurra igo zuela, Martin Zabaletak. Hortik 40/10 izenburua ".

Irriparra. Hitz horrekin gogoratu zituen Uriartek Everestera igo zeneko aldi hura, 1974an. "Barre egiten dut gutaz. Fenomeno batzuk ginen. Bakoitza ale berezi bat zen eta garaia ere halakoak zen, hippyen garaia". Pasabanek ere bat egin zuen Uriarterekin adieraztean irribarre batekin gogoratzen dituela gailurrera igotzearen momentu hura: "Uriarteren garaiko sentsazioak eta nire garaikoak berdinak dira. Lagun talde bat ziren hemengo mendietan atzera eta aurrera ibiltzen zirenak. Igo zirenean urtebete baino ez nuen nik. Sentsazioak berdinak ez balira izango, seguruenik ez genukeela jarraituko ez berak eta ez nik".

Solasaldiko momentu gehiago bideoan bildu ditugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!