Adunako Kultur Astea 2019

Punta-puntako kirolariekin solasean

Aiurri 2019ko aza. 14a, 09:10

Aurrera darrai Adunako Gailurrean Kultur Asteak. Nadeth Agirre Orioko traineruko patroiak, Mikel Iturria Euskadi Murias taldeko txirrindulariak eta Nahikari Garcia, Realeko jokalariak hartu zuten hitza atzokoan, 'Kirolari handia izatea nuen amets eta...' solasaldiaren baitan.

Gaztetxo nahiz heldu, jende ugari gerturatu zen atzokoan Adunako elizara, punta-puntako kirolarien esanak entzutera. Dani Arizala Adunako kultur teknikariak bideratutako saioan, hainbat gai izan zuten hizpide kirolariek, hala nola, euren hasierak, entrenamendu eta prestaketak, baita lorpenak ere. Bertaratutakoek galderak egiteko tartea ere izan zuten saioaren amaieran eta gaztetxoek, bereziki, galdera mordoa zuzendu zieten kirolariei. Taldeko argazkia atera ondorenean, kirolarien sinadurak jasota pozarren etxeratu ziren.

Gaurkoan, zinemaren txanda izango da. Telmo Esnalen 'Dantza' filma eskainiko da elizan arratsaldeko 19:00etan, eta ondoren, Juan Antonio Urbeltz eta Jexux Larrearekin solasaldia izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!