Koronabirusa

Adunako Udalaren adierazpena Aberri Egunaren harira

Aiurri 2020ko api. 11a, 11:07

Adunako Udalak igandean herritarrei balkoietan ikurriña jartzearen deia luzatzen die, baita 12:30ean miunutuko isilunean parte hartzea beren hurbilekoak galdu dituzten familiei.

Igandean ospatuko dugun aurtengo Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, konfinamendu betean aurkitzen da euskal jendartea eta honezkero Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik gordinena ezagutzeko parada eduki dugu gaitza bitarteko zendu diren mila inguru herritarrengan eta gaitzak jota dauden milaka horiengan . Mundu mailako krisi humanitario honek, sanitarioak diren ondorioez gain alor ezberdinetan izango dituenak aurre ikustezinak zaizkigu, edonolaz ere, aurrerantzean gure bizimodu eta ohituretan eragingo dituen aldaketek, batik bat politika alorrean orain arteko egiteko moduetan ere aldaketak eragitea espero dugu.

Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen bizitza duina eta zoriontasuna ere mundo mailako lehentasun bilakatu behar honen baitan ulertzen dugu gure aberriak hartu behar duen itxura. Euskal Herria munduak zazpi lurralde hauetan hartzen duen izena da eta inoiz baino beharrezkoagoa Euskal Herriaren aitortza defendatzen
dugunon aldetik oraindik aitortu gabeko herri txiki honek munduan jokatuko duen papera zein izan behar den hausnartzea; nazioa aitortzea ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitate garapenarekin eta honen jasangarritasunarekin, autoeraketa eta dinamika sozial
eraldatzaileen arteko lankidetzarekin, nortasuna eta aniztasuna bateratzearekin. Eskubide oinarrizkoen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea da nazio eraikuntzaren oinarria. Eskubide oinarrizkoen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2020ko Aberri Egun berezian.

Erabaki guneak zenbat eta erabakiak gauzatu beharko diren lurraldeetatik hurbilago egon orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzuten zaie egoera zailei. Zer izan behar garen erabaki nahi dugun bezala, gure aldameneko herrialdeekin izan beharreko harremanak erabaki nahi dugun bezala, krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa ere aldarrikatzen dugu. Bat egiten dugu herri honen sen demokratikoarekin.

Elkarlanean aritzeko garaia da, batera, auzolanean aritzeko garaia. Pasarte ilun hori atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat etorkizun hobe bat xede lanean hasteko prestutasun osoa gordetzen dugu.

Adunako Udalak:

  1. Adierazten du doluminak helarazten dizkiela senitartean edo lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei.
  2. Eskertza mezua helarazten die osasun eta zaintza arloko langileei eta egoera honetan beren onena ematen dabiltzan herritar guztiei.

Eta dei egiten die herritarrei...

  1. 12:30ean minutu bateko isiluneaz dolua parteka dezaten krisi honetan beren hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan diren ehunka familiekin.
  2. Ikurriñak jarri dezaten etxeetako balkoietan.
  3. Eta beste zenbait eragilek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!