Zirkuola, martxan jartzeko prest

Ainhoa Gil 2020ko ira. 23a, 10:08
Garazi Pascual, Koldo Arakistain eta Irati Gonzalez, Zirkuola lantegiaren sustatzaileak.

Zirkuaren ametsak ez du etenik. Asvinenea elkarteri agur esan ondoren, Zirkuola martxan jartzeko lanean ari dira Koldo Arakistain, Garazi Pascual eta Irati Gonzalez. Euren bizi-proiektua, euren lanbidea eta pasioa da zirkua

Koldo Arakistainek eta Garazi Pascualek urte asko pasa dituzte atzerrian diziplina ezberdinetan trebatzen, gimnasia artistikotik eta gorputz heziketatik iritsi da Irati Gonzalez zirku mundura. Amets berak elkartu ditu, eta buru-belarri ari dira lanean. Laster jarriko dute martxan Zirkuola. 

Zirkua, euskaraz

Zirkua eta arte eszenikoak euskaraz sustatzen dituen lantegia da Zirkuola. “Zirkua gure lanbidea da, eta hori diginifikatzeko bidea egiten ari gara. Jende askok ez du ulertzen zirkua lanbide izan daitekeenik, baina horixe da guk egiten duguna eta horretan ari gara jartzen gure ahalegin guztia. Zaletasuna izatetik harago doa; gure bizi-proiektua da zirkua. Guk dakigun guztia besteei eskaintzen ari gara, eta transmisio hori, gainera, euskaraz egiten dugu. Zirkuola proiektuak hori guztia hartzen du kontuan, eta forma hartzen ari da dagoeneko”, azpimarratu du Koldo Arakistainek. 

Zirkua da, beraz, Adunako Zubitxiki industrigunean sortzen ari diren lantegiaren muina: “Orokorrean Euskal Herrian, ez da erraza arte eszenikoetan bidea egitea eta zirkuaren kasuan are eta zailtasun gehiago ditu. Horregatik erabaki genuen gure lantegiari Zirkuola izena ematea, gurean, zirkuak toki berezia izatea nahi dugulako”. Nolanahi ere, arte eszeniko guztiek izan dezakete euren tartea Zirkuolan, “izan ere, zirkuaren barruan beste arte eszeniko asko uztartzen dira; antzerkia, dantza, eta abar. Zirkuan zentratuko gara gu, baina gure lantegiak denetarik har dezake bere baitan”, azaldu dute. 

Ibilbide luzea

Zirkuola elkartea sortu berria da, baina ez da hutsetik abiatu. Izan ere, Koldo, Garazi eta Iratik ibilbide luzea egina dute. Zirkua da euren lanbidea. “Ikuskizunak sortu eta eskaintzen ditugu. Horrek mugitzen gaitu gu, sormenak, egiten dakigun hori eskaintzeak”. Asvinenea zuten bilgune azken urteotan. Bertan sortzen zituzten euren ikuskizunak, bertan zuten entrenatzeko tokia eta hantxe eskaintzen zituzten zirku eskolak ere. Asvinenearen zikloa amaituta, etorkizunera begira jarrita daude eta, zirku eskolek ez dute etenik izango. “Indarra jarri nahi dugu horretan. Astero-astero 50 pertsona inguru geraturatzen zen Asvineneara, guk eskainitako zirku eskolak jasotzera. Bide horri jarraipena eman nahi diogu. Zirku ikuskizunak sortu eta eskaintzen aritzen gara eta asko gustatzen zaigu, baina ikaragarri gozatzen dugu irakasten ere. Segurtasunez, gozatuz, norbere gorputza ezagutuz, emozioak landuz… zirkuak asko eman dezake”, azaldu dute.

Lau zutabe nagusi

Lau zutabe ditu Zirkuolak: eskola, bazkidetza, laboratorioa eta emanaldiak. “Ekimen berriaren hasieran gaude, eta lehen bi zutabeetan jarriko ditugu indarrak. Zirku eskola abiatuko dugu laster, eta bazkidetza kanpaina ere zabalduko dugu. Nahi duen orok hemen entrenatzeko aukera izango du, bazkidetza eginda”. 

Eskola martxan jarrita, etorkizunerako harrobia sortzea da asmoetako bat: “Guk ez genuen gure pasioa bertan garatzeko aukerarik izan, eta atzerrira joan ginen ikastera. Aukera hori eskaini nahi dugu guk. Zirkuolan trebatzeko aukera izango dute gazteek eta baita euren entrenamendu saioak egitekoa ere. Hori guztia, gainera, euskaraz egiteko aukera izango dute. Etorkizunean, euren ikuskizuna sortu eta erakutsi nahiko balute, Zirkuolak eskainiko die horretarako aukera ere. Zirkulua itxi nahi dugu, prozesu guztia hemen bertan egin ahal izateko bidea eskaini”, azaldu du Garazik. “Bere formakuntzaren edo garapenaren fase  ezberdinetan dagoen jendeari eskaini nahi diogu espazio hau, eta Gipuzkoan, hementxe dago aukera bakarra. Horixe da gure apustua”, gaineratu du Koldok. 

Erakutsi ere, pasioz

Dagoeneko prestatu dute datorren ikasturterako ikastaro eskaintza. Asteroko ikastaro jarraiez gain, ikastaro edo tailer laburrak antolatzeko asmoa badutela jakinarazi dute. “Benetan gustatzen zaigu egiten duguna. Erakusten dugun hori bizi egiten dugu eta jendari iritsi egiten zaio egiten duguna. Maitasun handia jartzen dugu gure lanean. Gustatzen zaiguna egiten eta erakusten dugu. Lanbideaz harago doa, gure pasioa da eta hori nabaritu egiten dela uste dut”, azpimarratu du Koldok. Facebookeko www.facebook.com/zirkuola.elkartea helbidean ematen dute euren eskaintzaren berri eta 611 627 782 telefono zenbakian edota zirkuola@gmail.com helbidean ere eskaintzen dituzte argibideak. 

 

Erreportajea osorik Aiurri aldizkariaren 567 zenbakian

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!