Gau Beltza ospatu dute Adunako Herri Eskolako kideek

Ainhoa Gil 2020ko urr. 31a, 11:25

Adunako zimiterioa beldurgarri zegoen atzo arratsaldean. Pertsonaia ezberdinek hartu zuten bertan ostatu, urteko gaurik beldurgarrienean. Gau Beltza ospatu zuten Adunako Herri Eskolako kideek. Garai bateko euskal usadioak berreskuratuz, mozorroak jantzi zituzten eskolako ikasle helduenek.

Zimiterioaren albo batean, sua piztu zuen guraso talde batek. Beldurrak erretzeko baliatu zuten su hori eskolako ikasleek. Papertxo batean beldur horiek idatzi, eta sutan erre zituzten. Ikasle guztiek izan zuten hori egiteko aukera, taldeka banatuta. Zaharrenek, euren mozorroekin hartu zituzten guztiak zimiterioan.

Festa polita izan zen Adunakoa, usadio zaharrak ezagutu eta berreskuratzen hasteko baliagarria. Gaztaina erreak janez amaitu zuten ospakizuna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!