"Zirkuaren bitartez gauza asko konta daitezke"

Irune Alfonso 2021ko ira. 11a, 07:00
Larraulen, Adunan... eskualdean barrena "Mikra" ikuskizuna ekaintzen aritu dira Irati Gonzalez eta Koldo Arakistain.

Irati Gonzalez Jaimerena eta Koldo Arakistain Irazusta 'Mikra' ikuskizuneko partaideak dira. Generoak, aurriritziak eta ezarrita dauden estereotipoak zein rolak eztabaidan jarri dituzte "Mikra" zirko ikuskizunean. Zirkuolan irakasle lanetan ari dira bi artistak.

Zirkuolako bi kideak aski ezagunak dira eskualdeko hainbat gaztetxorentzat, baita kulturzaleentzat ere: uda honetan ikuskizuna eskualdean barrena eskaini dute. 1985an jaiotakoak dira biak. Irati  Gonzalez Irungo Landetxakoa da, eta Koldo Arakistain zarauztarra. Etxe bihurtu dute Adunako Zirkuola: Berdinki konpania sortu dute "Mikra" eskaintzeko.

Zer da "Mikra" ikuskizuna? 

Koldo Arakistain: Generoa, rolak eta genero estereotipoen gaineko gure gogoeta guztiak batzen dituen pieza da. Ez da diskurtsiboa, guk egiten ditugun teknikak baliatuta zer pentsatu emango duen pieza bat da azken finean. Gure azaletik sortu da.

Irati Gonzalez: Zirkua eta akrobazia dira nagusi, baina badu ere dantzatik eta antzerkitik. 

Nola sortu duzue istorioa? 

I.G.: Jendeak gogoko duen ikusgarritasuna du zirkuak, eta  zirkuaren bitartez gauza asko konta daitezke. Berdinki konpaniaren lehen pieza da "Mikra" ikuskizuna; horregatik, gure bizitzan izan diren gertaerak mahai gainean jartzea behar genuen, terapia moduan erabiltzeko, eta hori, generoarekin zerikusia duten eta bizi izan ditugun egoerekin gertatu da. 

K.A.: Gu identifikatzen gara asko bestearen rolean.

I.G.: Horrek generoarekin du lotura zuzena, zeren zenbait ezaugarri gizontasunari atxikitzen zaizkio. Ordea, beste hainbat emakumeari, tartean, sentibera izatea. Hemen gizon bat eta emakume bat gaude, eta hori da esan nahi genuena, hain zuzen: "Kontuz ikusten duzuenarekin, guk, agian, ez ditugu ezaugarri horiek”. Mezu hori gazteei adierazi nahi genien.

K.A.: Txiki-txikitatik pairatu dugu hori. Nire sentiberatasuna mahai gainean jarri nahian bizi izan naiz, eta, gizona naizenez, hori tapatu egin behar izan dut; Iratik ostera, alderantziz.

Zein da zuen helburua?

I.G.: Helburu nagusia da iruditegia aldatzea. Gizartearena orokorrean.

K.A.: Sortzen ditugun irudiak oso indartsuak dira, eta horregatik aipatzen da iruditegiarena. Pieza ikusi ondoren, bigarren eta hirugarren egunean oraindik irudiak etortzen zaizkizu burura. 

I.G.: Garena islatu nahi genuen, eta akrobazia erabili. Horretarako, oso garrantzitsua zen. Euskal Herrian dantzak eta antzerkiak badute bere lekua, baina zirkua oraindik sortzen ari da, ezagutzera ematen ari da. Hori da nire artea, nik barrutik hori daukat, eta horrela gustatzen zait trasmititzea.

K.A.: Arte eszeniko guztiak lotuta daude, denek edaten dute denetatik, eta zirkuak bere barne hartzen ditu beste guztiak. Askotan zirkua, antzinako zirkuaren irudiarekin lotzen dugu: animaliak, karpa bat… Gaur egun,  kalean egin daitekeen zerbait da. 

Mezua iristen da?

I.G.: Bai. Leioan egin genuen emanaldian, Galizian lan egiten zuen emakume bat zegoen. Emanaldia ikusi ondoren, gurekin kontaktuan  jarri zen, ikaragarri gustatu zitzaiola esateko. Hizkuntza aldetik, ez zuela ezertxo ere ulertu aipatu zigun, izan ere, piezak off audioak ditu, guztiak euskaraz. Hala ere, mezua iritsi zitzaion, generoarekin lotutako hainbat kontu adierazi zizkigun emakumeak eta orduan konturatu ginen, hizkuntza ulertu gabe ere, guk adierazi nahi duguna iristen eta ulertzen dela. Izugarria izan zen guretzat. 

Txikienek ere ulertzen dute, adinaren arabera gauza batzuk gehiago besteak baino, baina  irudi eta soinu potenteak daude eta geratzen dira elementu horiekin. 

K.A.: Zeharo desberdina da hasieran planteatzen dugun egoera eta pieza nola amaitzen den. Pertsonaiak hankaz gora eta buelta emanda amaitzen dute, hasierako egoeratik nola ateratzen diren ikusten da. 

Trasmititu nahi duzuena, mezua eta zirkua, konbinazio zaila da? 

K.A.: Egiteko modua akrobaziak dira, baina uneoro gure barne gatazkak kontatzen dira, orduan, gure egiatik egindako akrobaziak dira eta gu garena ateratzen da; bata gabe bestea ez dago. 

I.G.: Oso orekatua da. Akrobazia da erabiltzen dugun hizkuntza, eta, ondoren, mezua dago. Ez da bata edo bestea, biak elkartuta, bata bestearekin egiten da. Akrobaziaren ikusgarritasuna erabiltzen dugu, baina teknikoak izaten saiatu gara.

Diziplina handiko esparrua da zuena.

K.A.: Disziplina behar da bestela ezin duzu aurrera atera.

I.G.: Gutxi entrenatzen dugu egiten dugunerako. Ez baduzu entrenatzen utzi zirkua alda batera; sartu beste alor batean eta hartu klaseak, baina, teknika hori nahi baduzu entrenatu egin behar da. Guk aurreko proiektuari esker lortu dugu oinarria. Ondorioz, orain, gutxiago entrenatuta eraiki dezakegu pieza; alabaina, hori ez da normalena. Astean bitan entrenatu behar da gutxienez, disziplina pila daude tartean eta guztiak uztartu behar dira. 

"Mikra" ikuskizuna eskualdeko herri askotan izan da. 

K.A.: Udalek eurek eskatu digute pieza egitea, eta lehenengo kontaktua eurena izatea oso seinale ona da. Ahoz ahoko komunikazioak funtzionatzen du eta "Mikra" ikuskizunak mamia duenaren seinale da.

I.G.:Ahoz ahokoa oso garrantzitsua da. Gure herrietan eta ingurukoekin jarri gara harremanetan, baina gero askotan izugarrizko sorpresak izan ditugu. Zirkuolan ditugun ikasleen bitartez ere lortu ditugu emanaldi batzuk, eta uste dut hau hasi besterik ez dela egin.

Zirkuola proiektua dago Adunan, diziplina honekiko interesa nabari al duzue eskualdean? 

I.G.: Bai, erabatekoa. 

K.A.: Zirkua egiten dugu, akrobazia egiten dugu, baina, haurrekin lan egiten dugunean, ez da zirkua bakarrik lantzen, ez da akrobazia eta ongi pasatzea bakarrik. Hor zeharkako balore pila daude, eta zirkuaren bitartez lantzen dira; gurasoak pixkanaka badira horren jakitun. Gipuzkoa osotik etortzen dira hona, eta Euskal Herrian zegoen hutsune bat betetzen ari garela iruditzen zait. 

I.G.:Euskara eta ahalduntzea zirkuarekin erlazionatzen hasi da. Ikasle heldu asko ditugu, eta hor ikusten duzu zeharkako balore horietan dagoela ahalduntze eta esfortzuaren ikuspegi hori. Gaur egungo gizartean, emaitzak berehala ikusi nahi ditugu, eta zirkuan horrek ez du balio, arrakasta gutxi izango duzu, eta sakrifizio hori jendea ulertzen hasi da. Euskarari eta emakumeari ahalduntzen laguntzen dio.

K.A.: Belaunaldi arteko nahasketa ere asko ematen da helduen taldeetan. Heziketa ezberdineko pertsonak ondoren, hemendik kanpo ekintzak egiteko geratzen dira. Oso aberasgarria da zirkuaren lotura. 

I.G.: Haurren artean zer esanik ez, gipuzkoako herri askotatik etortzeak izugarrizko aberastasuna sortzen du, betiko lagun horiekin izena emateko joera hori hautsi egiten da hemen. 

Zer eman dizue "Mikra" ikuskizunak?

K.A.: Terapia modukoa da, eta iruditegi hori lantzea eta gizartean eraldaketa hori ematea nahiko genuke. Gure benetako esentzia hori adierazteko momentuan  izan ditugun traba horiek ez edukitzeko, mugarik gabe aske adierazteko. 

I.G.: Mikra ikuskizuna Berdinki konpaniaren hasiera izan da. Hau guztia lantzen jarraituko dugu, ez dugu generoaren gaia bakarrik jorratuko, arazo sozialak lantzea eta gizarteari beste bideak erakustea da asmoa. Ez da zerbait puntuala izango, gure estiloagatik etorriko diren gainontzeko piezek ere edukiko dute aldarrikapenen bat edo beste. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!