Joxe Arregi plazako estalpea egin ondoren, Udalaren asmoa zen asteroko azoka jartzeko aukera aztertzea. Datorren ostegunean abiaraziko dute azoka hori. Goizez izango da, 09:00etatik aurrera, ostegunero.
Zizurkilgo eskulan ikastaroko ikasleen erakusketa inauguratuko da gaur, iluntzeko 19:30ean, Plazida Otaño liburutegiko erakusketa-gunean. Hainbat estilotako margolanez osatutako erakusketa da, olioak, grabatuak eta beste hainbat teknika uztartzen dituena. Urriaren 15era bitartean ikusi ahal izango da, liburutegia zabalik dagoen ordutegian; hau da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara bitartean eta 16:00etatik 20:00etara bitartean, eta larunbatetan 9:30etik 13:30era bitartean.
Ikasturte berria hastearekin batera, Andoaingo Caritas elkarteak 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat errefortzu eta laguntza gelak abian jartzeko asmoa dauka. Aste honetan bertan bilera egin dute, parte hartu nahi duten bolondresekin. Ekimenarekin bat egin nahi duenak badu oraindik izena emateko aukera.