Amasa-Villabonako Podemos-Ahal Dugu zirkuluaren batzarra. Batzar irekiak izango dira eta 2019-2020 ikasturte berriari hasiera emango diote, egoera politikoa eta estatu hauteskundeak hizpide izanik. Horrez gain, udaleko batzorde informatiboetan parte hartzeko aukera ere aztertuko dute.
Zer nolako arrastoa utzi du Euskaraldiak Tolosaldean? Zenbateraino bizi gaitezke euskaraz Zizurkilen eta zenbat erabiltzen dugu? Zerk garamatza batzuetan euskara ez erabiltzera? Galdera hauei erantzuteko asmoz, herriz herriko hitzaldi zikloa antolatu du Galtzaundi Euskara Taldeak eta orain, Zizurkilen egingo du geldialdia.Bi hitzordutan emango da hitzaldia Zizurkilen, bi ostegunetan, 19:30etan. Hitzaldietan Tolosaldeko eta Zizurkilgo egoera soziolinguistikoaren errepasoa egingo da, lehenengo Euskaraldiko ondorioak eta datuak plazaratuko dira, etorkizuneko Euskaraldia zer izango den azalduko da eta eskualdeko euskalgintzaren egoeraren berri ere emango da.
EH Bilduren eskutik herri batzarra egingo da Urnietan, urriaren 10ean arratsaldeko 19:30etan. Batzarra Errekalde 1 helbideko aretoan egingo da. Esti Elduaien izango da gonbidatua.
Amasa-Villabonako Onddo Gazte Asanbladak "La perfección" filma eskainiko du gaztetxean urriaren 10ean, 20:00etan. Palomitak egongo dira.
Zizurkilgo eskulan ikastaroko ikasleen erakusketa inauguratuko da gaur, iluntzeko 19:30ean, Plazida Otaño liburutegiko erakusketa-gunean. Hainbat estilotako margolanez osatutako erakusketa da, olioak, grabatuak eta beste hainbat teknika uztartzen dituena. Urriaren 15era bitartean ikusi ahal izango da, liburutegia zabalik dagoen ordutegian; hau da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara bitartean eta 16:00etatik 20:00etara bitartean, eta larunbatetan 9:30etik 13:30era bitartean.
Teodoro Hernandorena Kultur Taldeak Pello Mari Otaño bertsolari handiaren omenezko bertso-paper lehiaketa antolatu ohi du urtero, Harituz Bertsozale Elkartearen lankidetzarekin. Aurtengoan parte hartu nahi dutenek, azaroaren 17ra arteko epea izango dute lanak aurkezteko.