“Jendeari lotsa ematen dio irrintzika hasteak”

Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketa irabazi du Sara Iriarte billabonatarrak. Etorkizunean plazaz plaza ikusten du bere burua

Txapela jantzita itzuli da etxera Sara Iriarte Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketatik. Ane Etxezarreta olaberriarra da bere musikako bikotea, eta etorkizunean berarekin diska ateratzea da Iriarteren ametsa.

Txapelketako zein momenturekin geratuko zinateke?

Laugarren bikotea ginen oholtzara igotzen, eta ikusten genuen beste bikoteak 20 puntu inguru lortzen ari zirela. Guk 24 puntu lortu genituen. Gure ondoren bikote indartsuena zetorren, bi ahizpa. Julen Alonso, Asier Gozategi, Ane Etxezarreta eta ni ikusten ari ginen ahizpek nola jotzen zuten. Puntuazioan pasa ez ziguteneko poztasun hori gogoratzen dut ondoen. Momentu horrekin geratuko nintzateke.

Eszenarioan poztasuna eta bikotearen arteko harreman ona erakutsi behar direla esan izan duzu. Zure poztasuna berezkoa da…

Hori esaten didate. Okondon jo genuenean publikoa txistuka eta txaloka egon zen, baita Euskal Herriko txapelketan ere. Panderoa ondo jo eta poztasuna transmititzen dudala esaten didate. Horrela izan ezean ikusten ari dena aspertu egingo da.

Eroso sentitzen zara oholtzaren gainean?

Hasieran kosta egin zitzaidan. Horren gaizki pasatzen nuen, uztekotan egon nintzela. Ane Etxezarretarekin hasi nintzen eta gustua hartu nion. Euskal Herriko txapelketan oholtzan nengoela ez nion epaimahaiari begiratu ere egin, ezta publikoari ere.

Publikoari begiratu ezean, zein puntu  hartzen duzu erreferentziatzat…

Irteera/salida jartzen zuen puntura begiratzen nuen. Lazkaon lorontzi bati begira egon nintzen. Ez diot publikoari begiratu nahi izaten.

Klarinetea, pianoa, panderoa…, instrumentu ugari jotzen ikasi duzu. Zein duzu gustukoen?

Bakoitzak berea eman dit. Klarinetearen bitartez hasi nintzen musika munduan. Pianoaren bitartez kantuan hasi naiz, baina panderoarekin geratuko naiz. Panderoarekin jende ugari ezagutu dut, txapelak irabazi ditut, ikusi dut gustura nagoela eta jarraitu egin nahi dudala.

Kantuan ere ez zara atzean geratzen. EITBko “Bagoaz”, “Gure kasa” eta “Kantugiro” saioetako oholtzetara igo zara. Nola baloratuko zenuke esperientzia?

Oso ondo pasa dut. Eboluzioa nabari dut. “Kantugiro” saioan oso urduri nengoen eta ez nuen ongi pasa. “Gure kasa” saioan, berriz, oso ondo pasa nuen nahiz eta urduri egon. “Bagoaz” kristona izan zen. Esperientzia horiek bizita ikus-entzunezko graduazioa ikasi nahi dut.

Oholtza ala platoa aukeratuko zenuke…

Oholtza. Zuzenekoa zuzenekoa da. Platoan gertatzen dena ez da guztiz erreala. Eszenarioan gertatzen dena errealagoa da.

Plataforma handiagoko kantu saioetara aurkeztea gustatuko litzaizuke?

Uda hasieran amak “La voz” saioan izena emateko proposatu zidan. Begiratzen egon nintzen, baina txikien sailera joateko 16 urte eduki behar dira gehienez eta handien saioan, berriz, gutxienez 18.

Asier Gozategi da zure idoloetako bat. Zein berezitasun du zuretzat?

Naturaltasuna. Asier Gozategirekin bere lagunak izango bagina moduan hitz egiten dugu. Nahi duen bezala jotzen du. Bere kantak ez dira maitasunari buruzkoak, umoretsuak dira. Berak horrela pentsatzen du, horrela hitz egiten du… Zerbait berezia duen pertsona horietakoa da Asier Gozategi.

Zein egoeratan ikusten duzu erromeria mundua?

Geroz eta erromeria gutxiago daude, eta gutxiago  deitzen gaituzte. Lehen Euskal Herriko txapelketara joateko sailkapen modukoa zegoen, orain ez. Jendeari lotsa ematen dio oholtzara igo eta irrintzika hasteak. Beste alde batetik, ikusten dut txapelketatan aritu direnak diskoak ateratzen ari direla; Huntza taldeak, adibidez. Julen Alonsok ere disko ederra atera du.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?

Panderoarekin jarraituko dudala pentsatzen dut, txapelketetara joaten. Nire ametsetako bat Ane Etxezarretarekin diska grabatzea da. Hori lortuz gero oso ondo, eta bestela ikasten jarraituko dut. Udan plazaz plaza joatea ere oso ondo egongo litzateke. Beti txapelketetara joan eta puntuazioa jaso beharrean, plazetan lasaiago jo  eta gehiago disfrutatuko nuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!