Korrika 2019

Korrikaren inguruan izan duen jarrerari kritika egin dio EAJk EHBilduri

Aiurri 2019ko api. 13a, 19:09

Zizurkil eta Amasa-Villabona batzen dituen Zubimusu zubian hartu du goizean lekukoa Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak. EAJ alderditik adierazi dutenez, "euskara modu partidista batean erabili izana eta alkateari zuzendutako irainak salatzen ditugu".

Prentsa oharra:

Amasa-Villabonako EAJ-PNVren Udal Batzarrak, EH Bilduko bozeramaileak, Korrikaren 21. edizioa herritik pasako dela baliatuz eta ustez euskararen alde lan egiten duen herriko organizazio batek babesturik, egiten ari den joko zikinari erantzun nahi dio.

Aitzaki modura pankarta batzuk jartzeko baimena eskatu zuen zinegotzi eta bozeramaile berberak (euskararen garapena horren baitan egongo balitz bezala), sare sozialetan alkatearen izena zikintzeko kanpaina hasi du. Hori gutxi balitz, EH Bilduko militante zein ezker abertzaleko pertsona batzuek Amasa-Villabonako lehen ordezkariari irain pertsonalak egiteko baliatu dute kanpaina hau, eta gainera, bere euskaldun izaera kolokan jarriz.

Ez da lehen aldia ezker abertzalea, argumentu politiko serioen faltan, alkatearen izena zikintzen saiatzen dela joko zikina erabiliz. EAJ-PNVren helburua beti izan da oposizioan daudenekin akordioetara iristea, baina ez ditugu Amasa- Villabonako bizilagun eta herritarra den alkatearen aurkako irainak, jazarpenak eta eraisteko saiakerak onartuko.

Hala ere, kasu horretan, onartezina den jarrera hori larritasun handiagora iritsi da (harrigarria dirudien arren), euskal gizartearen ondare handienean babestu baitira: gure hizkuntzan, euskaran. Gure betebeharra euskara maitatu, erabili eta zabaltzea da eta ez aurkari politikoa mintzeko instrumentu gisa erabiltzea.

Gertakari horien aurrean, EAJ-PNVko Batzarrak, jarrera alderdikoi eta sektarioa erabiliz gure hizkuntza hauteskunde helburuetarako arma gisa baliatzeari uko egiteko eskaera egiten dio EH Bilduri. EH Bilduk, politikan denak ez duela balio jakin behar du eta gutxiago udal politikan. Euskarak, iritzi politikoen gainetik egon beharko luke beti. EH Bilduren politika egiteko moduak alderdikerian iltzatuta jarraitzen badu, eremu instituzional eta demokratikoetako oinarrizko kontzeptuekin arazo larri bat duela ondorioztatu behar dugu. Errespetua zor zaie ordezkari publikoei eta  egunerokotasunean erabiltzen ditugun arauei. Ondo egongo litzateke, behingoz, EH Bilduk eta Ezker Abertzaleak udaletxean demokratikoki hartzen diren erabakiak errespetatzen hasiko balira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!